Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Pasaiako Portua berehala eskualdatzea eta Oarsoalderako estrategikoak diren trenbide azpiegiturak desblokeatzea eskatu du
EBBko presidente Aitor Estebanek lan-jardunaldi bat egin du gaur bertan, besteak beste, Pasaiako bozeramaile Loreto Osa, Errenteriako bozeramaile Elixabete Murua eta Lezoko zinegotzi Alaitz de La Mazarekin batera. Eskualdeko eragile sozioekonomiko nagusiekin agenda osatu dute, besteak beste, Albaolara egindako bisita edo Portuko Agintaritzako presidente Izaskun Goñirekin egindako topaketa.
EAJ-PNVk argi dauka Pasaiako Portuak erabakitzeko gaitasun propioa eta inbertsio-ahalmena behar dituela, herri ikuspegi estrategiko baten baitan. Horregatik, azpiegitura honen eskualdaketa Euskadira egitea eskatzen jarraitzen du, gure herrialdearen lehentasun ekonomiko, industrial eta logistikoekin lerrokatu ahal izateko eta lehiakortasunaren, Europarekiko konektibitatearen, ekonomia urdinaren eta etorkizuneko industriaren zerbitzura dagoen tresna bihurtzeko.
Errealitatea da Pasaiako Portuak berak 60 milioi eurotik gorako inbertsio-beharrak identifikatu dituela 2030era bitartean, bere lehiakortasuna bermatu eta Atlantikoko Ardatzeko erreferentziazko nodo logistiko gisa sendotzeko. Lezoko kanalaren nabigagarritasuna hobetzea, kaiak birgaitzea, sakonerak handitzea, espazio logistikoak modernizatzea eta tren-konexioak garatzea ezinbesteko jarduketak dira portuaren etorkizuna bermatzeko. Hala ere, agerikoa da behar horiek kudeaketa hurbilagoa, konprometituagoa eta Euskadiren interesekin lerrokatuagoa eskatzen dutela.
Baina Pasaiako Portuaren etorkizuna ezin da ulertu oraindik egiteke dauden tren-azpiegituren garapenik gabe. Horregatik, portuaren eskualdaketarekin batera, Lezoko Terminal Intermodal eta Logistikoa berehala gauzatzea eta hari lotutako tren-jarduketa guztiak behin betiko bultzatzea eskatzen dugu.
2020ko urtarrilaren 22an Garraio Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Lankidetza Protokoloa sinatu zen azpiegitura estrategiko hori garatzeko. Bost urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta errealitatea da proiektua oraindik ez dela gauzatu; bitartean, Gipuzkoak aukera logistiko, industrial eta ekonomikoak galtzen jarraitzen du.
Lezoko Plataforma Logistiko Intermodala funtsezko pieza da Pasaiako Portuaren etorkizunerako eta Euskadi osoaren lehiakortasunerako. Portuari lotutako tren-garraioa indartzea, portuaren gaitasun logistikoa handitzea, intermodalitatea sendotzea eta Atlantikoko Korridorearen bidez Europarekiko lotura hobetzea ahalbidetuko du.
Eraldaketa hori bideragarri egiteko lehentasunezkoa da Euskal Y-aren Astigarraga–Oiartzun–Lezo tartearen exekuzioa bizkortzea, Astigarragaraino dagoeneko eraikita dagoen plataforma berriari jarraipena emango dion tren-plataforma berria eraikiz. Jarduketa hori funtsezkoa da merkantzien eta bidaiarien trafikoak bereizteko, trenbidearen gaitasuna handitzeko eta Pasaiako Portuaren eta Europako garraio-sare transeuroparren arteko lotura eraginkorra bermatzeko.
Era berean, Donostialdeko hirigune nagusietatik merkantzien tren-zirkulazioa ateratzea ahalbidetuko du, trafiko pasantea murriztuz eta milaka herritarren bizi-kalitatea hobetuz.
Ezin dugu onartu Pasaiako Portua Europako sare logistiko handietatik isolatuta geratzea. Horregatik, egiteke dauden tren-azpiegitura handiak amaitzen diren bitartean, nazioarteko zabalerako (UIC) tren-konexio zuzena Portu barruraino berehala ezartzea ere eskatzen du EAJ-PNVk, Astigarraga eta Irun artean ezarritako hirugarren errailaren antzeko konponbide baten bidez.
Pasaian sartu eta irteten diren merkantziek Europarekin zuzenean eta lehiakortasunez konektatzeko aukera izan behar dute. Arlo honetan gertatzen den edozein atzerapenek aukera-galera dakar gure enpresentzat, gure industriarentzat eta gure lurraldeko enpleguarentzat.
Oarsoaldeak, Gipuzkoak eta Euskadik erabakiak, inbertsioak eta konpromiso zehatzak behar dituzte. Pasaiako Portuaren eskualdaketa, Lezoko Terminal Intermodal eta Logistikoaren exekuzioa, Euskal Y-aren Astigarraga–Oiartzun–Lezo tartearen garapena eta nazioarteko zabalerako tren-konexio zuzena ezartzea apustu estrategiko beraren parte dira: Euskadik portu lehiakor bat, Europarekin konektatua eta etorkizuneko logistika eta industria lideratzeko prest dagoena izatea bermatzea.
Nabarmenak...
Berria
2026/06/18
Gipuzkoa
2026/06/10
DONOSTIA
2026/06/09
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



