Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Xabier Odriozola Etxaniz izango da EAJ-PNVren Zumaiako alkategaia, herrian aro berri bati ekiteko konpromisoarekin
«Zer Zumaia nahi dugu biharko?» galdera abiapuntu hartuta, herritarren kezkak entzun eta herriko behar nagusiei buruzko proposamenak partekatzeko asmoz aurkeztu du hautagaitza. Etxebizitza, kirol instalazioak, kaleen eta auzoen egoera eta aparkaleku arazoak izango ditu hizpide, besteak beste.
Zumaiako EAJ-PNVk Xabier Odriozola Etxaniz izendatu du 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai. Lau urtez oposizioan zinegotzi aritu ondoren, alderdiaren proiektu politikoaren buru izateko erronka bere gain hartzea erabaki du Odriozolak. EAJ-PNVren helburua herrian aro berri bati ekitea da, herritarren beharrak, bizi kalitatearen hobekuntza eta datozen belaunaldientzako aukerak erdigunean jarrita.
«Zer Zumaia nahi dugu biharko?» galdera abiapuntu hartuta, herriaren orainaz eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak. Izan ere, hautagaiaren ustez, gaur hartzen diren erabakiek baldintzatuko dute Zumaiak datozen urteetan izango duen bilakaera.
«Erronka garrantzitsuak ditugu aurrean, eta badira landu beharreko gai ugari. Baina gauza bat oso argi daukat: gaur hartzen ditugun erabakiek ondorioak izango dituzte bihar. Horregatik, uste dut iritsi dela inplikatzeko, aurrerapausoa emateko eta Zumaia hobea eraikitzeko lan egiteko unea», adierazi du.
Odriozolak ilusioz hartu du ardura berria, Zumaiak aurrera egiteko eta dituen erronkei ideia berriekin eta herritarrengandik hurbil dagoen politika egiteko modu batekin erantzuteko gaitasuna duela sinetsita. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du herriaren lehentasunak identifikatzea eta zumaiarren eguneroko kezkei erantzutea.
Udal esperientzia, konpromisoa eta Zumaiarekiko lotura estua
Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da Xabier Odriozola, eta gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Herriko gizarte, kirol eta kultur bizitzarekin ere lotura estua izan du: eskola kiroleko koordinatzaile aritu da, Zumaiako Musika Bandako eta txarangako kide izan da, eta Zumaiako Futbol Taldean jokalari eta entrenatzaile ere aritu da.
Bi alabaren aita da, eta Zumaian ditu sustraiak, baita familia, lan eta gizarte bizitza ere. «Nire bizitza eta Zumaia beti egon dira estu lotuta. Hemen ditut familia, lagunak eta kuadrilla. Zumaia nire etxea da, eta hemen jarraitu nahi dut nire familiaren etorkizuna eraikitzen», azaldu du.
Lotura pertsonal eta sozial horri Zumaiako Udalean EAJ-PNVren zinegotzi gisa azken lau urteetan pilatutako esperientzia gehitu behar zaio. Ardura horri esker, udalaren funtzionamendua, herritarren beharrak eta herriak aurrean dituen erronka nagusiak gertutik ezagutzeko aukera izan du.
Esperientzia horretatik abiatuta, herritarrekin harreman zuzena izatearen, elkarrizketaren eta irtenbide partekatuak bilatzearen garrantzia aldarrikatu du, udal politika ulertzeko duen moduaren oinarri gisa.
Etxebizitza, gazteria eta zerbitzuen hobekuntza, etorkizuneko Zumaiaren erronka nagusiak
Odriozolaren hautagaitzak Zumaiaren egungo beharrei buruzko hausnarketa du abiapuntu, baita herritarren eguneroko bizitzan eragina duten arazoei erantzuteko beharra ere. Identifikatu dituen erronka nagusien artean daude etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, bereziki gazteen artean; kirol instalazioen hobekuntza; kaleen eta auzoen mantentze lanak; aparkaleku arazoak eta udal zerbitzuen kalitatea.
«Gure buruari galdetu behar diogu zer aukera eskaini nahi dizkiegun gure gazteei, nolako kaleak eta auzoak nahi ditugun eta zer zerbitzu behar dituen Zumaiak. Erantzunak eskatzen dituzten gaiak dira, eta, batez ere, lana eta konpromisoa behar dituzte», adierazi du.
Ildo horretan, Odriozolaren ustez, udal kudeaketa ez da eguneroko beharrei erantzutera mugatu behar; arazoei aurrea hartzea, plangintza egitea eta epe luzeko ikuspegiarekin erabakiak hartzea ere ezinbestekoa da. Lan egiteko modu hori beharrezkotzat jotzen du herriaren erronkei heltzeko eta herritarren eskaerei erantzuteko.
Gertutasunean eta parte-hartzean oinarritutako gobernu alternatiba
Datozen hilabeteei begira, Odriozolak zumaiarrekin harreman zuzena indartzeko asmoa du, haien kezkak ezagutzeko eta proposamenak jasotzeko, herriaren beharrei erantzungo dien proiektu politikoa osatzeko.
EAJ-PNVrentzat, hautagaitza honek 2027ko udal hauteskundeei indarberrituta, esperientziarekin eta Zumaiarentzako gobernu alternatiba eskainiko duen proiektu batekin heltzeko borondatea adierazten du. Plangintza, zerbitzu publikoen hobekuntza eta herritarren ongizatea izango dira proiektu horren lehentasunetako batzuk.
«Pauso hau ematea erabaki dut, benetan sinesten dudalako Zumaia hobea eraiki dezakegula. Badakit zer-nolako ardura dakarren, baina gogoa, ilusioa eta gure herriaren alde lan egiteko borondatea ditut. Prest gaude, indarrez gatoz eta argi daukagu beste Zumaia bat posible dela. Zumaiarrekin batera eraiki nahi dugu», amaitu du.
Nabarmenak...
GBB
2026/11/02
Berria
2026/10/31
DONOSTIA
2026/10/14
IRUN
2026/10/03
Berria
2026/10/01
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



