Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Jorge Seguradok alkatetzaren aldeko apustua berritu du: “Urnieta eraldatzen jarraitzeko proiektua, esperientzia eta gogoa dugu”
EAJ-PNVren hautagaiak legealdi honetan egindako lana aldarrikatu du, eta etxebizitza, auzoen hobekuntza eta pertsonen zaintza datozen urteetarako lehentasunen artean kokatu ditu.Seguradok gobernatzeko modu baten alde egin du, “entzutean, konpromisoak betetzean eta urnietarren beharrei benetako irtenbideak eskaintzean” oinarrituta.
EAJ-PNVk Jorge Segurado Urnietako Alkatetzarako hautagai aurkeztu du, Gipuzko Buru Batzarreko (GBB) presidente Maria Eugenia Arrizabalagak eta Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaile Maribel Vaquerok ere parte hartu duten ekitaldi batean. Topaketan, Seguradok azken urteotan egindako ibilbidea balioan jarri du eta udalerriaren etorkizuneko erronka nagusiak zehaztu ditu. Hautagai jeltzaleak kudeaketan, hurbiltasunean eta herritarren beharrei erantzuteko gaitasunean oinarritutako proiektuarekin jarraitzeko beharra defendatu du.
“Duela lau urteko ilusio berarekin aurkezten naiz, baina esperientzia gehiagorekin, ezagutza handiagoarekin eta Urnietaren alde lanean jarraitzeko inoiz baino gogo handiagoarekin”, adierazi du hautagai jeltzaleak.
Bere hitzaldian, Seguradok legealdi honetan udalerriak izandako aurrerapena nabarmendu du, eta udal politika ulertzeko modu argi bat aldarrikatu du: konpromisoak hartzea, horiek gauzatzeko lan egitea eta herritarren aurrean kontuak ematea. “Konpromisoa hartzen dugu, lan egiten dugu eta betetzen dugu. Esan eta egin”, adierazi du.
Ildo horretan, urte hauetan espazio publikoaren hobekuntzan, irisgarritasunean, kirol instalazioetan, hezkuntzan, mugikortasunean eta gizarte zerbitzuetan bultzatutako hainbat jarduketa gogorarazi ditu. Besteak beste, Elkarteen Etxea, Plazido Muxika plaza estalia, tutoretzapeko etxebizitzak, skate parkea, Idiazabal kalearen eraldaketa, Egape Ikastolako Bigarren Hezkuntzako eraikin berria, arrapala mekanikoak, tren geltokiko hobekuntzak eta aparkaleku berriak nabarmendu ditu.
Seguradok azpimarratu du, hala ere, oraindik badagoela egiteko lana, eta hainbat proiektu garrantzitsu martxan daudela, hala nola San Juan kaleko irisgarritasunaren hobekuntza, Babiloniako etxebizitza garapena edo adinekoentzako egoitza berria.
Etxebizitza, gazteek beren bizi-proiektua Urnietan garatu ahal izateko
Seguradok etxebizitzarako sarbidea udalerriaren etorkizuneko erronka nagusietako bat dela adierazi du, bereziki Urnietan bizitzen jarraitu nahi duten gazteentzat.
Ildo horretan, Babiloniako garapena nabarmendu du. Bertan, 355 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten da, horietatik 270 inguru babestuak, hau da, guztizkoaren %75 baino gehiago. Etxebizitza horiek lehen etxebizitza bilatzen duten pertsonei erantzutea izango dute helburu, bereziki gazteei.
“Gure gazteek hemen beren bizi-proiektua garatu ahal izatea nahi dugu, familiek aukerak izatea eta Urnietan bizitzen jarraitu nahi duenak horretarako aukera izatea”, adierazi du.
Horrez gain, hurrengo legealdian Azkarateko eremuan ere aurrera egin beharko dela adierazi du. Bertan, beste 424 etxebizitza aurreikusten dira, horietatik 318 inguru babestuak. “Arazoa ezagutzen dugu eta benetako irtenbideak eskaintzeko lanean ari gara”, gaineratu du.
Auzo zainduak eta Urnieta orekatuagoa
EAJ-PNVren proiektuaren bigarren ardatza auzoak hobetzen jarraitzea eta udalerriko gune ezberdinen arteko oreka handiagoa lortzea izango da.
Seguradok gogorarazi du legealdi honetan haur parkeekin, argiztapenarekin, irisgarritasunarekin, aparkalekuekin eta saneamendu sareekin lotutako jarduketak bultzatu direla, eta espaloi, instalazio, plaza eta espazio publikoetan lanean jarraitzeko beharra defendatu du.
“Etxebizitza berriak eraikitzea garrantzitsua da, baina bizi garen lekuak zaintzea ere bai. Pertsona guztientzat auzo erosoak, seguruak, irisgarriak eta atseginak nahi ditugu”, adierazi du.
Pertsonak erdigunean jarriko dituen udal politika
Hautagaitzaren hirugarren ardatza pertsonak erdigunean jarriko dituen udal politika indartzea izango da. Seguradok adinekoei, gehien behar dutenei eta gazteen behar berriei erantzungo dien zaintza eredua garatzen jarraitzeko beharra defendatu du.
Horretarako, zerbitzu publiko hurbilen eta entzun eta erantzuteko gai den administrazio baten alde egin du. “Gobernatzea entzutea ere bada, hobetu daitekeena onartzea eta behar denean zuzentzea. Entzuteko eta zuzentzeko gaitasuna ere indargune bat da”, adierazi du.
Seguradok ekitaldia amaitzeko aldarrikatu du EAJ-PNVk “proiektu argia, esperientzia eta Urnieta eraldatzen jarraitzeko gogoa” dituela. “Urnietan sinesten dugu, Urnieta eta urnietarrak maite ditugu. Lan handia dugu aurretik, eta haiekin eta haientzat aurrera egiten jarraitu nahi dugu”, amaitu du.
Nabarmenak...
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




