Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Irungo EAJ-PNVk 'Irunekin Konpromisoa' aurkeztu du, hiriko gizarte-eragileekin entzute aktiboko prozesua
Helburua ez da soilik informazioa jasotzea, baizik eta jasotako guztia aztertu, kontrastatu eta Irungo EAJ-PNVren lanaren oinarri bihurtzea, Irunen ikuspegi osoa izateko eta guztion artean hiri hobea eraikitzeko
Irungo EAJ-PNVk 'Irunekin Konpromisoa' ekimen berria aurkeztu du larunbat honetan, Irungo Palmera Monteroko gunean egindako ekitaldian. Irungo EAJ-PNVren eta hiriko gizarte-eragileen arteko entzute aktiboko prozesua da, guztion artean Irun hobea eraikitzeko helburua duena. Aurkezpenean, eskualdeko alderdikide eta jeltzaleekin batera, Irungo Uri Buru Batzarreko presidente Iulen Arana; Irungo EAJ-PNVko Udal taldeko bozeramaile eta Irungo alkatetzarako hautagai Gorka Álvarez; eta Gipuzkoako Uri Buru Batzarreko presidente María Eugenia Arrizabalaga izan dira.
Ekimen hau oso argi dagoen ideia batetik abiatzen da: herritarrak entzutea eta EAJ-PNVk Irunekin duen konpromisoa herritarrekin partekatzea. Irun hobea eraikitzea guztion erantzukizuna da. Horregatik, auzotarrekiko gertutasuna, hiriko gizarte-eragileekin harreman zuzena izatea eta haien kezkak, beharrak eta proposamenak lehen eskutik ezagutzea dira Alderdi Jeltzaleak hirirako ahalik eta proiektu onena sortzeko ematen duen urratsa.
'Irunekin Konpromisoa' hiriko errealitateari erantzuten dioten lau lan-taldetan egituratu da: kultura, kirola eta euskara; hiri atsegina; bizikidetza eta pertsonak; eta ekonomia. Proiektu honen bidez, Irunen nortasunaren, kulturaren eta kirolaren errealitatea hobeto ezagutu nahi da, hiriaren izaeraren funtsezko osagaiak baitira; eguneroko herritarren beharrei erantzungo dien hiri atseginagoa eraiki nahi da, auzo guztiak kontuan hartuta; pertsonak eta bizikidetza erdigunean jarri nahi dira, inor atzean gera ez dadin; eta, jakina, ekonomia eta enplegua sustatu nahi dira, udalerriak etorkizunerako aukerak izan ditzan.
Lau lan-ardatz horiek hiriko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera emango dute. Lan-talde horien bidez, 'Irunekin Konpromisoa' duela sei hilabetetik ari da bere ibilbidea egiten, eta udal arduradunak eta hainbat alderdikide hiriko kirol-klubekin, sektore desberdinetako enpresekin, elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin bildu eta harremanetan jarri dira, haien iritziak eta proposamenak gertutik ezagutzeko. Elkarrizketa horiek amaitu ondoren iritsiko da bigarren fasea: jasotako guztia aztertu eta martxan jartzea. Helburua ez da soilik informazioa biltzea, baizik eta jasotako guztia aztertu, kontrastatu eta Irungo EAJ-PNVren lanaren oinarri bihurtzea, Irunen ikuspegi osoa izateko.
Aurkezpenean, Irungo EAJ-PNVko Udal taldeko bozeramaile eta hiriko alkatetzarako hautagai Gorka Álvarezek udalerrian dauden erronka nagusiak nabarmendu ditu: "Hilabete hauetan egindako elkarrizketek berretsi egiten dute gizartean ezarrita dagoen ezkortasuna: segurtasuna, etxebizitza, mugikortasuna eta klima-aldaketa herritarren hobekuntza-beharren lehen lerroan daude. Eta nola bizi nahi dute irundarrek? Bizi-kalitatearekin, hezkuntzako maila guztietara sarbidea izanda, garapen profesionalerako aukerekin, etxebizitza duinarekin, kalitatezko zerbitzu publikoekin, ingurune seguruan, euskaraz eta berdintasunean bizitzeko aukerarekin, kulturalki aktiboa eta anitza den hiri batean eta zahartze aktibo eta lagundua izanda. Hau da, bizitzeko eta gozatzeko hiri batean. Eta hori da Irun izatea nahi duguna. Ez dugu esaten erraza izango denik, baina ilusioa eta anbizioa ditugu hori lortzeko"
Álvarezek gaineratu duenez, "desadostasun eta atsekabe horren atzean erantzukizun politikoak ere badaude, eta Irunen erantzukizun hori argi dago. Hiri honen kudeaketa Euskal Sozialisten esku egon da, 43 urtez jarraian udal-gobernuak izan baitituzte. Gaur egun, hiriaren behar handiak pilatu egin dira, eta badirudi errua besteena dela. Irunen ez dugu inertziei eutsiz jardun nahi; hurrengo urratsa eman behar dugu, eta herritarren, berrikuntzaren, balioen eta aukeren aldeko eredua nahi dugu, aurrera begiratuko duen eredua. Eta hori guztia Irun hobea eraikitzeko konpromisoarekin egin nahi dugu".
Bestalde, Irungo Uri Buru Batzarreko presidente Iulen Aranak adierazi du "irundarrekin egiten ari garen entzute aktiboko prozesu honek Irunerako dugun proiektua zabaltzeko eta aberasteko aukera ematen digu. Arazoei aurrez aurre begiratzen diegu, baina hirian sortzen ari diren aukerak ere balioan jartzen ditugu, baita erakundeen arteko lanari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren inbertsioei esker sortzen ari direnak ere; hala nola, osasun- eta bide-azpiegiturak, Vía Irunen BIO arloko erreferentziazko poloa eta Arbesko egoitza, besteak beste". Aranak gaineratu duenez, "Irunerako proiektu bat dugu, eta proiektu hori zabalagoa, osatuagoa eta partekatuagoa izatea nahi dugu, irundar bakoitzak bere Irun aitortu ahal izan dezan".
Amaitzeko, Gipuzkoako Uri Buru Batzarreko presidente María Eugenia Arrizabalagak gogorarazi du Irun "beti izan dela hiri handia, beti irekia eta dinamikoa. Irunekin Konpromisoa ekimenarekin, irundarrekin konfiantzaz lan egiteko proposamena egiten dugu, guztion artean datozen 5, 10 edo 15 urteetan nahi dugun hiria diseinatzeko. Izan ere, ekimenak aurkezteko eta erabakiak hartzeko, informazio ona eskuratu behar dugu, herritarrak entzunez, hausnartuz eta eztabaidatuz".
'Irunekin Konpromisoa' Irunen alde lan egitea da. Erronkak ditugu aurrean, baina baita Irun hobetzeko aukera handiak ere. Horretarako, hiriak ilusioa eta konpromisoa behar ditu, baina, batez ere, talde-lana.
Aurrera, Irun!
Nabarmenak...
Berria
2026/10/01
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




