Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Maribel Vaquerok EH Bilduren etxebizitza eredu hipokrita salatu du: «Donostian baztertzen dutena Errenterian aplikatzen dute»
Eusko Legebiltzarrean aurka bozkatu bazuen ere, EH Bilduk Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurrien Legea baliatu du orain Gamongoako proiektua birdefinitzeko eta haren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, babes ofizialeko etxebizitzak, tasatuak eta libreak uztartuz.
EAJ-PNVren Kongresurako hautagai Maribel Vaquerok EH Bilduren etxebizitza politikaren koherentzia falta salatu du, Gamongoako proiektua ekonomikoki bideragarria izan dadin birformulatu dutela jakin ostean.
«Donostian, EH Bilduk gogor kritikatzen du EAJ-PNVk defendatzen duen etxebizitza-garapenaren eredua; Errenterian, ordea, gobernatzen duen udalerrian, antzeko irtenbideetara jotzen du. Hipokresia hutsa da, eta azalpen publikoa behar duen kontraesan nabarmena», adierazi du Vaquerok.
Ordezkari jeltzaleak gogorarazi du EH Bilduk Altza-Berri (Auditz Akular) bezalako proiektuen aurka egiten duela Donostian; Errenterian, aldiz, Gamongoako proiektua birdefinitu duela, babes ofizialeko etxebizitzen, etxebizitza tasatuen eta libreen arteko proportzioak aldatuz, hirigintza-eragiketa bideragarri egiteko.
«Donostian, etxebizitza mota desberdinak uztartzea eta hirigintza-garapen berriak sustatzea zalantzan jartzen dituzte. Errenterian, berriz, formula horietara jotzen dute. Zergatik da desegokia Donostian, haien ustez, Errenterian gobernatzen dutenean beharrezkotzat jotzen duten irtenbide bera?», galdetu du.
Aurka bozkatu zuten legea aplikatzen dute orain
Vaquerok Errenteriako Udalaren erabakia ere izan du hizpide. Izan ere, Udalak Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurrien Legeak hirigintza-izapideak bizkortzeko eskaintzen dituen tresnak erabiltzea erabaki du, nahiz eta EH Bilduk lege horren aurka bozkatu zuen Eusko Legebiltzarrean.
«EH Bilduk lege hori baztertu zuen, eta orain haren tresnak erabiltzen ditu Gamongoako proiektua desblokeatzeko. EAJ-PNVtik begi onez ikusten dugu etxebizitzak eraikitzeko eskura dauden baliabide guztiak baliatzea, baina bozkatzen denaren eta egiten denaren arteko koherentzia ere eskatzen dugu», adierazi du.
Neurriak iragartzen lehenak izateak ez du esan nahi etxebizitzak entregatzen lehenak izango direnik
Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi du Errenteria izan zela etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatu zuten Euskadiko lehen udalerria, 2024ko urrian. Hala ere, zalantzan jarri ditu udalaren etxebizitza-politikaren emaitzak.
«Errenterian 3.581 etxebizitza-eskatzaile daude Etxebiden izena emanda, eta horietatik 2.298k alokairuko etxebizitza bat bilatzen dute. Lehentasuna behar horiei benetako etxebizitzekin erantzutea izan behar da, eta ez iragarpen eta adierazpen hutsekin», defendatu du. Ildo horretan, Vaquerok Gamongoako, Esnabideko eta Altzateko hirigintza-garapenak bizkortzeko eskatu du, baita alokairuko etxebizitza-parke publikoa handitzeko aukera berriak aztertzeko ere.
«Eztabaidaren muina ez litzateke izan behar nork iragartzen duen lehenengo neurri bat, baizik eta zenbat etxebizitza eraikitzen diren, noiz egongo diren eskuragarri eta familiek zer preziotan eskuratu ahal izango dituzten». Hautagai jeltzaleak EH Bilduri eskatu dio azal dezala zergatik duen jarrera desberdina bi udalerrietan.
«Herritarrek eskubidea dute jakiteko zergatik baztertzen dituen EH Bilduk Donostian Errenterian beharrezkotzat jotzen dituen moduko tresna eta proiektuak. Etxebizitza-politikak proposamen bideragarriak, emaitza zehatzak eta koherentzia eskatzen ditu, gobernuan dagoena edozein dela ere».
Nabarmenak...
GBB
2026/11/07
Zumaia
2026/11/03
GBB
2026/11/02
DONOSTIA
2026/10/14
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



