Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/09

Gardentasuna, erantzukizun politikoa eta autogobernuarekiko, Ertzaintzarekiko eta euskal segurtasun- eta bizikidetza-ereduarekiko konpromisoa eskatzen ditugu

Andoaingo, Pasaiako eta Tolosako EAJ-PNVko zinegotzien adierazpen bateratua
Gardentasuna, erantzukizun politikoa eta autogobernuarekiko, Ertzaintzarekiko eta euskal segurtasun- eta bizikidetza-ereduarekiko konpromisoa eskatzen ditugu

Autogobernuari eta segurtasun-ereduari eragiten dien gertakari larria

Tolosako, Andoaingo eta Pasaiako udaltzainek Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera prestakuntza-jardueretan parte hartzera joan izana larritasun politiko nabarmeneko gertakaria da. Ez gaude gai tekniko huts baten aurrean, ezta administrazio-erabaki soil baten aurrean ere. Gure autogobernuaren oinarrizko zutabeetako bati eragiten dion jarduketa baten aurrean gaude: Euskadiko polizia- eta segurtasun-eredu propioari, hain zuzen ere.

Ertzaintza euskal autogobernuaren funtsezko erakundea da, Gernikako Estatutuaren 17. artikuluan aitortua. Arkaute da gure polizia-kidegoen prestakuntzarako erreferentziazko erakundea. Eta Euskal Poliziaren eredua Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetzan eta koordinazioan oinarritzen da.

EH Bilduk gobernatutako udalerrietako udaltzainek Intxaurrondora jo izana, armekin eta segurtasunarekin lotutako gaietan prestakuntza jasotzera, Ertzaintzari, Arkauteri eta Euskal Poliziaren ereduari egindako mespretxua da. Testuinguru honetan, hiru mezu nabarmendu nahi ditugu.

Lehenengoa. Oraindik ez dugu azalpen sinesgarririk jaso, aitzakia sinesgaitzak baino ez.

EH Bilduk eta bere alkateek gertatutakoa erabaki «tekniko» huts gisa aurkeztu nahi izan dute, polizia-buruzagitzek alkateen jakinaren gainean egon gabe hartutako erabakia izan zela argudiatuz, edo are sinesgaitzagoak diren eta egiatik urrun dauden beste aitzakia batzuk emanez.

Prestakuntza teorikoa baino ez zela izan eta armen erabilerarekin zerikusirik ez zuela ere esan da. Ez dugu onartuko gai hau opakutasunez, iheskako erantzunez edo egia ez esanez baztertzea, ezta erantzukizuna udaltzaingoetako profesionalen gain uztea ere.

Gogorarazi behar da legeriak alkateei esleitzen diela udaltzaingoen buruzagitza gorena. Alkateek azaldu behar dute nork erabaki zuen jarduera horietan parte hartzea, nork baimendu zuen edo zergatik ez zuen eragotzi, eta zergatik jo zen Guardia Zibilarengana Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara jo beharrean. Oraingoz, ez dute horrelakorik egin.

Bigarrena. Gardentasuna eta erantzukizunak bere gain hartzea eskatzen ditugu.

Jarduerei, haien edukiei, datei, parte-hartzaileei eta emandako baimenei buruzko informazio osoa eskatzen dugu. Halaber, argitu egin behar da udal bakoitzeko alkatetzak zer jakin zuen eta zer erabaki hartu zituen.

Hori udalerri bakar batean gertatu izan balitz, despiste edo akats baten aurrean egon gintezke. Baina dagoeneko kolore politiko bereko alderdiak gobernatutako hiru udalerritan gertatu denez, ezin da hutsegite puntualtzat hartu; jokabide-eredu baten aurrean gaude.

Udal-gobernuaren erantzukizun politikoa ez da desagertzen, bere agintepean gauzatutako jarduketen berri ez zuela argudiatuta. Horregatik guztiagatik, gertakarien larritasuna kontuan hartuta, eta egia osoa esaten eta gardentasunez jokatzen ari ez direnez, beharrezkoa da erantzukizun politikoak bere gain hartzea.

Hirugarrena. Gipuzkoako udaletan mozio bat aurkeztuko dugu euskal segurtasun-eredua berresteko.

Eztabaida honek gure segurtasun-sistemaren oinarriak eta etorkizuneko konpromiso instituzionalak berresteko ere balio izatea nahi dugu. Horregatik, EAJ-PNVk hiru akordio-proposamen jasoko dituen mozio bat aurkeztuko du:

1. Ertzaintza polizia integral gisa eta euskal autogobernuaren funtsezko erakunde gisa aitortzea, euskal gizartearen borondatearekin bat etorriz eta Gernikako Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan ezarritako eskumen-esparruaren arabera. Aitorpen hori Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiara ere zabaltzen da, Euskadiko polizia-kidegoen prestakuntzaz eta gaitasun profesionalaz arduratzen den erakundea den heinean.

2. Udal bakoitzean konpromisoa hartzea, udaltzaingoaren lanbide-prestakuntza Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian jaso, garatu eta koordinatu dadin. Konpromiso hori estatutu-esparruan, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko 15/2012 Legearen 37.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bateginean (1/2020 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitakoarekin bat hartzen da. Azken horrek Arkauteko Akademiari Euskadiko polizia-kidegoen etengabeko prestakuntza eta gaitasun profesionala bermatzeko eginkizuna aitortzen dio.

3. Euskal Poliziaren ereduari babes osoa adieraztea. Segurtasun publikoko sistema integral hori Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetza, erantzunkidetasun eta baliabideen optimizazio handienean oinarritzen da. Helburu nagusia ahalegin operatiboak eta estrategikoak bateratzea da, euskal herritarrei segurtasun-arloan erantzun arin, hurbil eta eraginkorra eskaintzeko.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...