Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Lezoko EAJ-PNV: “Euskal Herria plazako haur-parkea ez estaltzea EH Bilduren erabaki politikoa da, ez ezintasun teknikoa”
Talde jeltzaleak salatu du EH Bilduk ustezko zailtasun teknikoak aitzakia gisa erabiltzen dituela, inbertsio honi lehentasuna emateko kudeaketa, ekimen eta borondate falta ezkutatzeko.
Lezoko EAJ-PNVren udal taldeak salatu du EH Bilduren Udal Gobernuak Euskal Herria plazako haur-parkea ez estaltzeko hartutako erabakia aldebakarreko erabaki politikoa dela, eta zalantzazko argudio tekniko «gaindiezinekin» justifikatu nahi duela. Jeltzaleen ustez, arazoa ez da estalkia jartzea ezinezkoa izatea, baizik eta Udal Gobernuak ez duela proiektua bultzatzeko eta bere lehentasunen artean kokatzeko gaitasunik erakutsi. Estalkiari esker, herriko haurrek urte osoan zehar erabili ahal izango lukete jolasgune hori, eguraldia edozein dela ere.
Orain arte, Udal Gobernuak argudiatu du ezinezkoa zela estalkia jartzea, plazaren azpian dagoen lurpeko aparkalekuaren egiturak jasan beharko lukeen pisuagatik. Hala ere, talde jeltzaleak eskura duen informazioaren arabera, jarduera teknikoki bideragarria da, eta ez da beharrezkoa egungo egitura indartzea. Hori bai, instalazio egokia eta segurua bermatzeko zenbait egokitzapen egin beharko lirateke, hala nola iragazgaizte-lanak eta ainguratze-sistemak egokitzea.
EAJ-PNVren iritziz, informazio horrek oinarririk gabe uzten du EH Bilduk orain arte bere jarduera eza justifikatzeko erabili duen azalpena. Laura Martínez bozeramaile jeltzalea irmo mintzatu da: «EH Bilduk erabaki politiko bat ezintasun tekniko gisa aurkeztu du. Estalkia jartzea bideragarria bada, azaldu beharko du zergatik ez den gai izan proiektua aurrera ateratzeko. Ez gaude gaindiezina den oztopo baten aurrean, borondate faltaren, lehentasun argirik ezaren eta kudeatzeko gaitasun faltaren aurrean baizik».
Ildo horretan, talde jeltzalearentzat bereziki larria da Udal Gobernuak ustezko zailtasun teknikoak aitzakia gisa erabiltzea, hartutako erabakien inguruko azalpenak ez emateko. Argudio horren atzean ezkutatu beharrean, EH Bilduk gardentasunez azaldu beharko luke zenbat kostatuko litzatekeen estalkia jartzea, zer urrats egin beharko liratekeen eta zergatik ez dituen aurreikusi proiektua gauzatzeko beharrezko baliabideak.
”Lezoko familiek egia jakitea merezi dute. EH Bilduk bere lehentasunen eta emaitza faltaren erantzukizun politikoa bere gain hartu behar du, herritarrei aitzakia teknikoak eman beharrean”, adierazi du Martínezek.
Urte osoan zehar gozatzeko espazio bat
Lezoko EAJ-PNVk gogorarazi du Euskal Herria plazako haur-parkea estaltzea hobekuntza garrantzitsua izango litzatekeela herriko familientzat, bereziki kontuan hartuta euriteek eta eguraldi txarrak urteko hilabete askotan aire zabaleko jolasguneen erabilera mugatzen dutela.
Talde jeltzalearen ustez, estalitako haur-parkeetan inbertitzea haurren ongizatearen alde egitea da, familien kontziliazioa erraztea eta urte osoan zehar elkartzeko eta elkarrekin egoteko espazioak eskaintzea.
“Ez gara obra huts bati buruz ari. Lezoko haurrek euria egiten duenean ere jolastera ateratzeko aukera izateaz ari gara, familiek espazio egokiak izateaz eta gure herriak herritarren benetako beharrei erantzungo dieten instalazio publikoak edukitzeaz”, nabarmendu du bozeramaileak.
Horregatik guztiagatik, Lezoko EAJ-PNVk EH Bilduren Udal Gobernuari eskatzen dio bere erantzukizun politikoa bere gain hartzeko, gai teknikoak aitzakia gisa erabiltzeari uzteko, jardueraren baldintza tekniko eta ekonomikoak gardentasunez argitaratzeko eta estalkia gauzatzeko proposamen zehatz bat aurkezteko, epe eta aurrekontu-aurreikuspen argiekin.
“Auziaren muina jada ez da haur-parkea teknikoki estali daitekeen ala ez, baizik eta EH Bildu zergatik ez den gai izan Lezoko familiei erantzun bat emateko. Gobernatzea erabakiak hartzea, lehentasunak ezartzea eta proiektuak gauzatzea da; ez ustezko eragozpenen atzean ezkutatzea ekimen falta justifikatzeko. Lezok konponbideak eta bere erabakien erantzukizuna hartuko duen gobernu bat behar ditu”, amaitu du Laura Martínezek.
Nabarmenak...
GBB
2026/11/07
Zumaia
2026/11/03
GBB
2026/11/02
DONOSTIA
2026/10/14
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



