Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Oiartzungo EAJ-PNVk turismo-tasa babestu, hondakinen kudeaketa berrikustea eskatu eta Urmendiren inguruko gardentasuna aldarrikatu du
Talde jeltzaleak Urmendiren inguruko kudeaketa zalantzan jarri du eta hondakinen eredua berrikusteko eskatu du, turismo-tasa ezartzearen alde agertu bada ere.
Oiartzungo EAJ-PNV udal taldeak asteazkenean, irailaren 24an, egindako udal osoko bilkuraren balorazioa egin du. Bertan, besteak beste, Oiartzungo Udal Ikastolaren Partzuergoari (OUIP) Urmendiren funtzionamendu-gastuak estaltzeko egin beharreko ekarpen ekonomikoa eta 2027ko ordenantza fiskalen proposamena aztertu ziren.
OUIPi 107.742,45 euroko ekarpena egiteari dagokionez, 2026ko irailetik abendura bitartean Urmendiren funtzionamendu-gastuak estaltzeko izango dena, EAJ-PNVk abstentzioaren alde egin zuen. Talde jeltzaleak argi utzi nahi izan zuen ez duela zalantzan jartzen Urmendiko haurrei hezkuntza-zerbitzua bermatzeko beharra, baina bai egoera horretara eraman duen kudeaketa eta udal gobernuak emandako azalpen falta.
EAJ-PNVren ustez, herritarrek eskubidea dute jakiteko zer plangintza egin zen eta zer erabaki eta zer neurri hartu ziren kudeaketaren ondoriozko atzerapenek udalerriarentzat kostu ekonomikorik izan ez zezaten. Ildo horretan, talde jeltzaleak hainbat gairen inguruko informazioa eskatu zuen: jardueraren baja eta alta izapidetzea, baimenen egoera eta Hezkuntza Sailarekin egindako kudeaketak.
“Urmendi bezalako zerbitzu garrantzitsu bat bermatzea lehentasuna da, baina erantzukizun hori ezin da aurreikuspen falta bat ezkutatzeko erabili. Familiek eta herritarrek gertatu dena eta horrelako egoerak berriro ez gertatzeko zer neurri hartuko diren jakiteko eskubidea dute”, adierazi du Janire Mitxelenak, Oiartzungo EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak.
Ordenantza fiskalak: turismo-tasaren alde eta hondakinen sistema berrikusteko eskaera
Osoko bilkuran 2027ko ordenantza fiskalen proposamena ere eztabaidatu zen. EAJ-PNVk positiboki baloratu zuen udalerrian turismo-tasa ezartzeko proposamena.
Hondakinen tasari dagokionez, talde jeltzaleak adierazi zuen espero duela planteatutako eguneraketak zerbitzuaren oreka ekonomikoa lortzea ahalbidetzea. Hala ere, gogorarazi zuen ez duela bat egiten gaur egun Oiartzunen ezarrita dagoen atez ateko bilketa sistemarekin, eta beste eredu batzuk aztertzea eskatu zuen; horrela, birziklatze-emaitza onak mantendu ahal izateko, herritarrentzat kostu txikiagoarekin.
Janire Mitxelenak nabarmendu duenez, “zerbitzu publikoen kudeaketak beti bilatu behar du kalitatearen, jasangarritasunaren eta erantzukizun ekonomikoaren arteko orekarik onena. Horregatik, EAJ-PNVk alternatibak planteatzen eta lanean jarraituko du, udal erabakiek oiartzuarren benetako beharrei erantzun diezaieten”.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/09/24
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
Andoain
2026/09/11
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




