Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Eibarko Udaltzaingoak SIRAJ sistemarako sarbidea izatea defendatzen du, segurtasuna indartzeko
Jeltzaleek proposamena eramango dute hilabete honetako Herritarren Segurtasunerako Forora, Justizia Ministerioari tresna horretarako sarbidea eskatzeko
Eibarko EAJ-PNVk proposamena aurkeztuko du Eibarko Udaltzaingoak Justiziaren Administrazioari Laguntzeko Erregistro Administratiboen Sistemara (SIRAJ) sarbidea izan dezan eskatzeko, herritarren segurtasuna indartzeko eta agenteek bizikidetzan eragina duten egoeren aurrean, eta bereziki delituak behin eta berriz egiten dituzten pertsonen kasuetan, erantzuteko duten gaitasuna hobetzeko.
Alberto de la Hoz bozeramailearen hitzetan, Udaltzaingoak bere lana berme guztiekin egiteko eskura dituen tresna guztiak izan behar ditu, eta Herritarren Segurtasunerako Foroaren baitan proposatuko dute Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioaren aurrean SIRAJ sistemarako sarbidea eskatzeko abiatutako izapideak amaitzea.
SIRAJ sistemak baimendutako agenteei aukera ematen die polizia-jarduketa batean dagokion informazio judiziala unean bertan kontsultatzeko, beste polizia-kidego batzuen mende egon beharrik gabe. Besteak beste, aurrekari penalei, kautelazko neurriei edo urruntze-aginduei buruzko informazio erabilgarria biltzen du. Informazio hori baliagarria izan daiteke zenbait polizia-jarduketatan, eta lagungarria izan daiteke diligentziak eta atestatuak hobeto egiteko, baita Justizia Administrazioarekin eta beste polizia-kidego batzuekin koordinazioa hobetzeko ere.
“EAJ-PNVtik ekintzetara pasa nahi dugu, eta gure Udaltzaingoaren lana hobetu dezakeen neurri zehatza proposatzen dugu. Eibarko segurtasunak eskatzen du eskura ditugun tresna guztiak erabiltzea eta, horregatik, SIRAJ sistemarako sarbidea izan dezaten bultzatuko dugu”, adierazi du Alberto de la Hozek.
EAJ-PNVren ustez, araudiak sistemarako sarbidea izateko irizpide orokorrak ezartzen dituen arren, Eibarrek bere egoera partikularra planteatu behar du eta, beharrezkoa izanez gero, salbuespenezko baimena eskatu.
Ildo horretan, jeltzaleek Debabarrena eskualdeko hiriburu gisa Eibarrek duen zeregina, baita bere merkataritza-, industria- eta zerbitzu-jarduera eta egunero hiriburuetara joaten den biztanleria ere nabarmendu dituzte. EAJ-PNVren ustez, inguruabar horiek kontuan hartu behar dira udalerriaren segurtasun-beharrak baloratzerakoan.
EAJ-PNVren proposamenak delituak behin eta berriz egiten dituzten pertsonen kasuen aurrean erantzuna hobetu beharrari ere erreparatzen dio. Jeltzaleen arabera, gai horrek kezka sortzen du herritarren artean, eta eragin zuzena du segurtasunaren pertzepzioan eta bizikidetzan.
“Ez da arazo bat egon arte itxaron behar erreakzionatzeko. Aurreratu egin behar gara, eta agenteei informazioa eta tresnak eman behar dizkiegu ahalik eta modu eraginkorrenean jardun dezaten”, azaldu du De la Hozek.
Jeltzaleek azpimarratu dute SIRAJ sistemarako sarbidea ez dela segurtasun-arazoetarako irtenbide bakarra, baina prebentzioa, polizia-jarduketa eta administrazioen arteko koordinazioa hobetzeko tresna osagarri bihur daitekeela. “Beharrezko baliabideak gure agenteen eskura daudela bermatzeko beste ekintza batzuekin osatu behar dugu”, adierazi du De la Hozek.
“Eibarko Udaltzaingoak gero eta hobeto prestatuta eta trebatuta egotea nahi dugu, herritarren beharrei erantzuteko beharrezko baliabide guztiekin. Proposamen zehatza eta bideragarria da, eta EAJ-PNVtik defendatuko dugu, uste baitugu segurtasuna hobetzea gure agenteen tresnak hobetzetik ere badatorrela”, amaitu du bozeramaile jeltzaleak.
Nabarmenak...
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
Andoain
2026/09/11
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




