Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Azpeitiko EAJ-PNVk EH Bilduri azalpenak eskatu dizkio Esklabak eraikinean GKSren gimnasioaren irekieraren inguruan
Jabier Altuna bozeramaileak GKS Urola-Kostako Kontseilu Sozialistak Esklabak eraikinean irekitako gimnasioak baimenik ez duela salatu du, eta azpimarratu du espazio horrek azpeitiarren etxebizitza beharrei erantzun behar diela.
Azpeitiko EAJ-PNVk salatu du GKS Urola-Kostako Kontseilu Sozialistak bultzatutako gimnasio bat ireki dela Esklabak udal eraikinean, gaur egun okupatuta dagoen espazio batean. Talde jeltzalearen ustez, eraikin horrek azpeitiarren etxebizitza beharrei erantzuteko helburua izan behar zuen.
Udal talde jeltzaleak adierazi duenez, GKS Urola-Kostako Kontseilu Sozialistak zabaldutako bideo baten bidez ezagutarazi den jardueraren hasierak EH Bilduren Udal Gobernuaren azalpenak eskatzen dituen egoera agerian utzi du. EAJ-PNVren iritziz, erakunde pribatu bat aisialdiko jarduera bat egiteko erabiltzen ari da segurtasun neurri egiaztaturik gabeko udal eraikin okupatu bat, herritarren zerbitzura beste erabilera bat izan zezakeen espazio bat.
EAJ-PNVk bere kritika udal gobernuaren jardunean eta araudiaren aplikazioan jarri du. Izan ere, talde jeltzalearen arabera, jarduera hau dagokion lizentziarik gabe egin da, eta gogorarazi du istripuren bat gertatuz gero erantzukizuna Udalari eta, batez ere, alkateari dagokiola. Gainera, salatu du Udalak beste gimnasio eta jarduera batzuei baldintza guztiak betetzea eskatzen dien bitartean, kasu honetan ez direla irizpide berak aplikatu.
Jabier Altuna udal taldeko bozeramaileak adierazi duenez, “Azpeitiak ezin du izan jarduera baten atzean nor dagoenaren arabera jokatzeko modu desberdinik. Udal arauak pertsona, erakunde eta jarduera guztiei berdin aplikatu behar zaizkie, eta ezin da lagunkeriaz jokatu”.
Altunaren esanetan, Udalak Esklabak eraikinaren egoerari buruzko azalpen argia eman behar du, eta udal eraikin baten edozein erabilerak irizpide gardenetan eta interes orokorrean oinarritu behar duela bermatu. “Azpeitiarrek jakin behar dute zergatik batzuei araudia zorrotz betetzea eskatzen zaien eta beste batzuei baldintza berak ez zaizkien aplikatzen”, adierazi du.
Azpeitiako EAJ-PNVk Udal Gobernuari eskatzen dio argitu dezala GKS Urola-Kostako Kontseilu Sozialistak bultzatutako gimnasioaren egoera, egindako lanak eta emandako baimenak. Era berean, udal espazioen kudeaketa beti berdintasun, gardentasun, erantzukizun eta legezkotasun irizpideen arabera egitea galdegin du.
Nabarmenak...
Berria
2026/09/12
Andoain
2026/09/11
EBB
2026/08/28
Gipuzkoa
2026/07/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




