Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk etxebizitzaren aldeko konpromisoa ekintza zehatzetara eraman du Urnietan, Babiloniako 340 etxebizitzen garapena martxan jarrita
Babilonian aurreikusitako etxebizitzen %75 babestuak izango dira, eta Udalak lehen 82 etxebizitza libreak eta 164 aparkaleku eraikitzeko lizentzia onartu du.
Urnietan, etxebizitza lehentasuna da, eta EAJ-PNVk erronka horri erantzuteko lanean jarraitzen du. Hala nabarmendu du Urnietako talde jeltzaleak, Babilonia hirigintza-eremuan azken asteetan egindako urratsen harira. Guztira 340 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da eremu horretan, eta horietatik %75 babestuak izango dira. EAJ-PNVren ustez, garapen horrek aukera garrantzitsua eskaintzen du herrian etxebizitza-eskaintza handitzeko eta etxebizitza eskuratzeko dauden zailtasunei erantzuteko.
Urriaren 29an egindako Tokiko Gobernu Batzarrean, Udalak 82 etxebizitza libre eta 164 aparkaleku eraikitzeko obra-lizentzia onartu zuen. Babiloniako garapenean eraikitzen hasiko diren lehen etxebizitzak izango dira horiek, eta proiektu osoa gauzatzeko bidean beste urrats bat dira.
EAJ-PNVk adierazi du etxebizitzaren arazoari erantzuteko ezinbestekoa dela hirigintza-plangintza erabaki zehatzekin lotzea. “Etxebizitza da herritarren kezka nagusietako bat, eta badakigu erronka horri erantzutea ez dela erraza. Horregatik, gure lehentasuna da proiektuak aurrera eramatea, beharrezko izapideak bideratzea eta etxebizitza berriak eraikitzeko baldintzak sortzea”, azaldu dute jeltzaleek.
Etxebizitza babestua, Babiloniako garapenaren ardatz
Babiloniako proiektuaren ezaugarri nagusietako bat etxebizitza babestuaren pisua da. Aurreikusitako 340 etxebizitzen hiru laurdenek babes publikoko araubidea izango dute, eta EAJ-PNVk nabarmendu du horrek berebiziko garrantzia duela herriko etxebizitza-beharrei erantzuteko.
Horrez gain, irailaren amaieran Babiloniako Birpartzelazio Proiektuaren Testu Bategina onartu zen. Dokumentu horren bidez, administrazio publikoari dagokion hirigintza-aprobetxamenduaren %15etik heren bat Eusko Jaurlaritzari lagako zaio, Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Lege berrian aurreikusitako tresna baliatuta.
Horrela, Urnieta izango da mekanismo berri horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoru Ondare Publikoari ekarpena egingo dion Euskadiko lehen udalerria. Udalak gainerako aprobetxamendua gordeko du, guztizkoaren %10, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko.
Jeltzaleen iritziz, erabaki horrek erakusten du erakundeen arteko lankidetza eta udalaren hirigintza-baliabideen erabilera funtsezkoak direla etxebizitza-politiketan aurrera egiteko.
Urnietarren beharrei erantzuteko konpromisoa
EAJ-PNVk azaldu duenez, etxebizitza babestuak esleitzeko irizpideak zehaztuko dituzten oinarriak lantzen ari dira dagoeneko. Lan horren helburua urnietarrei lehentasuna ematea izango da, betiere aplikatu beharreko araudiaren barruan. Oinarriak zehazten direnean jakinaraziko dira.
“Guretzat garrantzitsua da Urnietan bizi nahi duten pertsonek, bereziki beren bizi-proiektua herrian garatu nahi dutenek, aukera gehiago izatea. Horregatik, etxebizitza babestuaren aldeko apustua egiten dugu, eta urnietarren beharrei erantzuteko lanean jarraituko dugu”, adierazi dute EAJ-PNVtik.
Talde jeltzaleak azpimarratu du Babiloniako garapena ez dela egun batetik bestera gauzatuko, baina azken hilabeteetan egindako urratsek proiektuari jarraipena emateko bidea ireki dutela.
“Etxebizitzaren erronkak epe luzeko ikuspegia, plangintza eta erabakiak eskatzen ditu. Urnietan badugu norabide bat, eta Babilonian emandako urratsak horren erakusgarri dira. Gure konpromisoa argia da: etxebizitza eskuratzeko aukerak zabaltzen jarraitzea, herritarren beharrei erantzuteko”, amaitu dute azpimarratzen jeltzaleek.
Nabarmenak...
Zumaia
2026/11/03
GBB
2026/11/02
Berria
2026/10/31
DONOSTIA
2026/10/14
IRUN
2026/10/03
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



