Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/17

EAJ-PNV Elgoibarrek Maialen Gurrutxaga Uranga berretsi du alkategai, hasitako bideari eutsiz eta indar berriz jarraitzeko.

Elgoibarko oinarri jeltzaleek aho batez babestu dute egungo alkatearen hautagaitza. EAJ-PNV Elgoibarrek Gurrutxagaren lidergo hurbila eta akordioak eraikitzeko gaitasuna jarri ditu balioan, herriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko bermerik onena direla iritzita
EAJ-PNV Elgoibarrek Maialen Gurrutxaga Uranga berretsi du alkategai, hasitako bideari eutsiz eta indar berriz jarraitzeko.

Elgoibarko EAJ-PNVren oinarriek Maialen Gurrutxaga Uranga, egungo alkatea, berretsi dute datozen udal hauteskundeetarako alkategai. Irailaren 16an batzokian egindako batzarrean hartutako erabakiak aho bateko babesa jaso du, eta azken urteotan egindako lanari jarraipena emateko ez ezik, Elgoibarrek aurrean dituen erronkei anbizio berrituarekin heltzeko borondatea adierazten du.

EAJ-PNV Elgoibarrek hiru ezaugarri nabarmendu ditu Gurrutxagaren hautagaitza berresteko orduan: irizpidea, esperientzia eta lanerako gaitasuna. Irizpidea, herritarrak entzun, lehentasunak identifikatu eta erabakiak arduraz hartzeko; anbizioa, eguneroko kudeaketatik harago begiratu eta Elgoibarren etorkizuna prestatzen duten proiektuak bultzatzeko; eta gaitasuna, ideia horiek proiektu bihurtzeko, taldeak gidatzeko eta erakunde, enpresa, elkarte zein herritarren artean akordioak eraikitzeko.

Gurrutxagak bihotzez eskertu du alderdikideek berriro beregan jarritako konfiantza: «Eskerrik asko Elgoibarko alderdikide guztiei emandako babesagatik eta erakutsitako berotasunagatik. Konfiantza hau ohore handia da, baina, batez ere, ardura handia da. Atzean talde sendo bat, ideia partekatu bat eta Elgoibarrekiko konpromiso sakona sentitzea da lanean jarraitzeko indarrik handiena».

Alkateak nabarmendu du berrespen hau ez duela egindakoaren aitortza gisa bakarrik ulertzen, baizik eta etorkizunari begiratzeko agindu gisa: «Egindakoaz harro egon gaitezke, baina ez gara konformatzen. Elgoibarrek aurrera egiten jarraitu behar du. Badakigu zer herri nahi dugun, baditugu proiektuak eta badugu horiek aurrera eramateko gaitasuna. Orain arte bezala, entzunez, elkarlanean eta erantzukizunez egingo dugu, baina baita anbizioz ere».

Hasitako proiektuak amaitu eta Elgoibarren hurrengo urratsa prestatu

EAJ-PNV Elgoibarren iritziz hurrengo urteetako erronka nagusietako bat hasitako eraldaketa-proiektuak amaitzea eta horien gainean herriaren hurrengo etapa eraikitzea izango dela.

Horien artean dago Errezabal egoitza, zeinaren obrak 2025eko uztailean hasi ziren. Ekipamendu berriak egoitza eta eguneko zentroaren artean 169 plaza publiko izango ditu, eta proiektuak 75 plazako lurpeko aparkaleku publikoa ere aurreikusten du. Errezabalek, gainera, Elgoibarko zaintza-sarea berrantolatzeko aukera emango du, San Lazaro eta beste gizarte-baliabide batzuekin batera.

Era berean, osasun-zentro berria egiteko proiektuak urrats erabakigarria eman zuen 2026ko uztailean, Elgoibarko Udalak eta Osakidetzak Kalebarren inguruan ekipamendu berria eraikitzeko hitzarmena formalizatu zutenean. Proiektu hori EAJ-PNVk 2023ko programan jasotako lehentasun nagusietako bat zen, egungo osasun-arreta hobetzeaz gain herrigunearen eraldaketarekin lotuta.

Etxebizitza eta gazteen emantzipazioa ere lehentasunen artean kokatzen jarraituko dira. Egungo anbulatorioa eta San Lazaro egoitza, eraikinak libre geratzen direnean, belaunaldiarteko etxebizitzak garatzeko aukera berriak izango dira, bereziki emantzipatu eta beren bizi-proiektua Elgoibarren garatu nahi duten gazteentzat.

 

Ongizatea, zaintza eta gazteen osasun emozionala

Gurrutxagak azpimarratu du herri baten aurrerapena ezin dela azpiegituretan soilik neurtu, eta etorkizuneko Elgoibarrek pertsonak zaintzeko gaitasunean ere egin behar duela aurrera.

Norabide horretan kokatu du Loratzen, 2026ko irailaren 8an aurkeztutako nerabeen eta gazteen ongizate emozionalaren aldeko udal-estrategia berria. Egitasmoa Zurrunbiloa ikerketa eta lanketa komunitariotik sortu da, eta lehen fasean laguntza psikologikoa, kirol-eremuko esku-hartzea eta nerabeekin harremanetan dauden pertsonentzako prestakuntza uztartuko ditu.

«Elgoibar indartsu bat eraikitzea ez da obra gehiago egitea bakarrik. Pertsonen egunerokoa hobetzea da; gazteei etorkizuna eskaintzea, adinekoei zaintza duina bermatzea, familiei aukerak ematea eta bakarrik edo bazterrean senti daitekeenari komunitate bat alboan duela erakustea. Hor dago gure politikaren benetako neurria», adierazi du Gurrutxagak.

Hautagaiak gogorarazi du, halaber, erronka horiek ez daudela soilik udal baten esku: «Elgoibarrek duen indargune handienetako bat elkarlanerako gaitasuna da. Udalak lideratu behar du, baina entzunez eta besteekin batera. Erakundeen arteko lankidetza, herriko enpresen konpromisoa, elkarteen lana eta herritarren parte-hartzea ezinbestekoak dira proiektu handiak errealitate bihurtzeko». Egungo legealdiko planak ere lankidetza eta entzute zuzena udal-gobernantzaren oinarri gisa planteatzen ditu.

«Ez gara konformatzen: Elgoibarrek badu hurrengo urratsa emateko indarra»

EAJ-PNV Elgoibarrek hautagaitzaren berrespena konfiantza eta exigentzia uztartzen dituen erabaki gisa aurkeztu du: egindako lanarekiko konfiantza, baina baita datozen urteetan gehiago egiteko exijentzia ere.

Gurrutxagak bere konpromisoa berretsi du Elgoibar bizi, lehiakor, solidario eta kohesionatu baten alde: «Ez gara konformatzen. Herriak aurrera egin du, baina egiteko asko dugu oraindik. Elgoibarrek badu talentua, badu industria, badu komunitatea eta badu nortasuna. Gure ardura indargune horiek guztiak etorkizun partekatu baten zerbitzura jartzea da. Guzti hau, orain arte bezala, elgoibartarrekin batera lan eginez».

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...