Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/16

EAJ-PNVk Pasaiako Portuaren eta GI-20aren arteko zuzeneko lotura bultzatu du, trafiko astuna hiri-inguruneetatik ateratzeko

Loreto Osak nabarmendu du EAJ-PNVk irtenbide errealista eta eguneratua bultzatzen duela Pasaiako hiri-inguruneetatik trafiko astuna ateratzeko: “Gehiegi itxaron dugu; orain erabakiak hartu, epeak zehaztu eta irtenbideak gauzatzeko garaia da”.
Pasaia PNV

Pasaiako EAJ-PNVren bozeramaile Loreto Osak eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Felix Urkolak lan-bilera egin dute, Pasaiako Portuaren eta GI-20aren arteko lotura-beharrei zuzenean heltzeko. Interlokuzio horri esker, aldarrikapenetatik konpromiso zehatzetara igarotzea lortu da: Gipuzkoako Foru Aldundiak, gehienez ere lau hilabeteko epean, alternatiben azterketa egingo du, 2011ko proiektua abiapuntutzat hartuta eta Pasaiaren egungo errealitatera egokituta. Jarduketa estrategikoa da, trafiko astuna hiri-inguruneetatik ateratzeko, mugikortasuna hobetzeko eta denbora gehiegi konpondu gabe daraman aldarrikapen bati erantzuteko.

Osak balioan jarri ditu elkarlan horren eta Bide Azpiegituretako Departamentuarekin izandako hartu-emanen emaitzak. “Gure lana Pasaiaren beharrak erabakiak hartzen diren tokietara eramatea eta erantzunak lortzea da. Hilabeteak daramatzagu gai hau Urkolarekin zuzenean lantzen, eta gaur konpromiso zehatza lortu dugu, epe zehatz batekin. Horixe da lan egitearen, tematzearen eta Pasaia aurrera eramateko beharrezko solaskidetza-gaitasuna izatearen emaitza”, nabarmendu du.

Pasaiako EAJ-PNVren bozeramaile Loreto Osak azpimarratu duenez, “gaur ez gara kaxoi batean gordeta zegoen proiektu bat berreskuratzeaz ari. Proiektua abian jarri ahal izateko eguneratze errealista eta bideragarri bat egiteaz ari gara. Badago agindu politiko bat, lau hilabeteko epea eta Pasaiak behar duen irtenbidea aurkitzeko lan egingo duen Foru Aldundia”.

Osaren iritziz, aldea argia da: “Gauza bat da iragarpenak egitea, eta beste bat gauzak gertatu daitezen lortzea. EAJ-PNV bigarrenerako dago. Lan egin dugu proposamen politiko bat Foru Aldundiaren jarduketa-konpromiso zehatz bihurtzeko”.

Helburua argia da: Portuaren eta GI-20aren arteko zuzeneko lotura lortzea, gaur egun Gomistegiko biribilguneraino iristen den trafiko astuna murrizteko. Izan ere, bertan kamioiek espazioa partekatzen dute Pasaiako eta Donostiako eguneroko trafikoarekin, autobusekin eta Trintxerpe eta Bidebietarako sarbideekin.

Pasaitarrok behar dugu 2026an erakundeek erabakiak hartzea eta martxan jardutea. Horixe ari gara egiten EAJ-PNVtik: jarduketa estrategiko bat desblokeatu eta erakundeak lanean jarri, egitasmo hori gauzatu ahal izateko”, adierazi du Osak. Bozeramaile jeltzaleak azpimarratu du gehienez ere lau hilabeteko epea ezarri izanak ekimenak aurrera egingo duela bermatzen duela.

EAJ-PNVren ustez, ez luke zentzurik izango duela hamabost urte diseinatutako irtenbide bat bere horretan berreskuratzera mugatzeak. Ordutik, Herrera, Trintxerpe eta portu-ingurunea sakon aldatu dira, hiri- eta trenbide-eraldaketa garrantzitsuen ondorioz. Horregatik, onartutako akordioak 2011ko proiektua hartzen du abiapuntutzat, baina egungo errealitateari hobekien erantzuten dioten alternatibak aztertzera behartzen du.

Bozeramaile jeltzaleak, gainera, adierazi du ekimen hau EAJ-PNVk Pasaiarako defendatzen duen udalerri-ereduarekin bat datorrela: “Portu lehiakor bat ezin da hemen bizi garenon bizi-kalitatearen kontura eraiki. Portuak eta udalerriak elkarrekin egin behar dute aurrera. Jarduera ekonomikoa behar dugu, eta, aldi berean, ahal den neurrian, trafiko astuna gure hiri-eremuetatik ateratzea ere behar dugu”.

Amaitzeko, Osak EAJ-PNVren kudeaketa-gaitasuna aldarrikatu du: “Gu ez gatoz orain arazoa deskubritzera. Aspalditik ari gara hura konpontzeko lanean. Eta gaur urrats garrantzitsua eman dugu: Portuaren eta GI-20aren arteko lotura berriro dago gauzatze-agendan, enkargu zehatz batekin eta epe jakinekin. Horrela ulertzen du EAJ-PNVk politika: zarata gutxiago eta emaitza gehiago Pasaiarentzat”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...