Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/06/11

Mikel Urdangarin Castro izango da EAJ-PNVren Andoaingo alkategaia 2027an

Batzarrak aho batez erabaki du kaletxikitarra hautagai izendatzea 2027ko udal hauteskundeetarako.

Andoaingo EAJ-PNVk aro berri bati ekin dio berrikuntza, ilusioa, gertutasuna eta kudeaketa-gaitasuna uztartzen dituen hautagaitzarekin, udalerriaren etorkizuneko erronkei anbizioz aurre egiteko.
Mikel Urdangarin

Argazkiak...

Andoaingo EAJ-PNVren batzarrak aho batez erabaki du Mikel Urdangarin Castro izendatzea Andoaingo Alkatetzarako hautagai 2027ko udal hauteskundeetan. Izendapen horrekin, alderdi jeltzaleak aro berri bati ekin dio; ilusioa, gertutasuna eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko prestatuago dagoen Andoain dinamikoago eta kohesionatuago bat eraikitzen jarraitzeko anbizioa ardatz izango dituena.

Mikel Urdangarin Castro (34 urte) Andoaingo gizarte- eta kultura-bizitzan oso ezaguna eta konprometitua den pertsona da. Kaletxikiko bizilaguna eta bi alabaren aita, urte luzez parte hartu du herriko hainbat kultur ekimenetan, eta beti izan du lotura estua bere herriarekin.

Gertutasun horri ibilbide profesional sendoa eta kudeaketarako gaitasun frogatua gehitu behar zaizkio. Musikaria eta musika-irakaslea da, eta hamar urtez uztartu ditu interprete lana eta hainbat Musika Eskolatan irakaskuntzan egindako jarduna. 2024az geroztik, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako karrerako funtzionarioa da, eta bertan zuzendaritza-erantzukizunak izan zituen hiru ikasturtetan. Bere profilak gertutasuna eta herriaren ezagutza uztartzen ditu lidergoarekin eta talde-lanerako gaitasunarekin.

Hautagai izendatu ostean, Urdangarinek esker oneko hitzak izan ditu jasotako konfiantzagatik, eta ardura berriari “ilusioz, erantzukizunez eta apaltasunez” helduko diola adierazi du. “Ohore handia da erronka hau nire gain hartzea. Andoaindarrekin batera lan egiteko borondate sendoz egiten dut, gure herriak merezi duen etorkizuna eraikitzeko”, adierazi du.

Hautagai jeltzaleak nabarmendu du, halaber, politika ulertzeko duen moduak entzute aktiboa, etengabeko elkarrizketa eta herritarrekiko gertutasuna dituela oinarri. “Bide hau Andoaingo herritarrekin batera egin nahi dut, haien kezkak entzunez, eguneroko arazoei erantzunez eta etorkizunari begira lan eginez. Politikak zentzua du pertsonen zerbitzura dagoenean eta egitateen bidez konfiantza sortzen duenean”, adierazi du.

Eguneroko arazo eta kezkei erantzuteaz gain, EAJ-PNVk anbizioz, zorroztasunez eta seriotasunez heldu nahi die Andoainek datozen urteetan izango dituen erronkei, herriari bultzada berri bat emango dion ikuspegiarekin eta oinarri sendoetan oinarritutako proiektua eskainiz. “Horixe baita politika: jendearen ongizatearen alde erabakiak hartzea”, azpimarratu du Urdangarinek.

Alderditik adierazi dutenez, Mikel Urdangarinen hautaketak gaur egungo garaiak eskatzen duen berrikuntza eta esperientziaren arteko uztarketa ordezkatzen du.

Mikel Andoainekin konprometitutako belaunaldi berri baten ordezkari da. Ilusioa, gaitasuna, freskotasuna eta ideia berriak batzen ditu, andoaindarren ongizatea lehentasun duen proiektu politikoa indartzen jarraitzeko. Garai berriek energia berriak eskatzen dituzte, eta Mikelek ezin hobeto ordezkatzen du etorkizuna erantzukizunetik eta konfiantzatik eraikitzeko borondate hori”, adierazi dute EAJ-PNV Andoaindik.

Izendapen honekin, EAJ-PNVk ziklo politiko berri bati ekin dio 2027ari begira, eta Andoaingo garapenean laguntzen jarraitzeko helburua dauka; gertutasuna, kudeaketa ona eta herritarrekiko konpromisoa ardatz hartuta.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...