Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2024/06/26

Felix Urkola izango da Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua

Maria Ubarretxenaren lekukoa hartuko du, udalekiko harremanak ere integratuko dituen sail batean
Felix Urkola izango da Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua

Felix Urkola (Tolosa, 1970) izango da Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu berria, Eider Mendoza diputatu nagusiak bihar, osteguna, gauzatuko duen izendapena. Orain arte diputatu nagusiaren kabineteburu zenak -2019tik betetzen zuen ardura hori-, Maria Ubarretxenaren lekukoa hartuko du bere nomenklaturan eta funtzioetan berritzen den sailean, udalekiko eta eskualdeko erakundeekiko harremana hartuko baitu bere baitan aurrerantzean, eginkizun horiek indartzeko asmoarekin.

Diputatu berriaren zeregina izango da errepideetan ziklo berriaren oinarriak finkatzen jarraitzea, behin Gipuzkoako biribilgunea osatuta eta lurraldeko azpiegitura handiak martxan daudela, digitalizaziorantz eta Gipuzkoako bide-sarearen jasangarritasunerantz jauzi erabakigarria eginez. Erronka hori gaitasun handiko bide-sarea eta bigarren mailako errepide-sarea mantentzearekin eta birgaitzearekin uztartuko da, horiek funtsezkoak baitira lurraldearen modernizaziorako, lehiakortasun ekonomikorako eta garapen sozialerako. Arlo berria ez zaio arrotz suertatuko Urkolari, Plangintzako eta Kudeaketako zuzendaria izan baitzen Bide Azpiegituretako departamentuan 2007-2011 legegintzaldian.

Era berean, Gipuzkoako udalekiko eta toki- eta eskualde-erakundeekiko lankidetza arintzeko eta sakontzeko lan egingo du, herritarren beharrei erantzun hobea ematea ahalbidetuko duen lurralde-ikuspegiarekin. Udal errealitatea eta udalen funtzionamendua ondo ezagutzen ditu; izan ere, Lazkaoko alkate izan zen 1999 eta 2007 artean, eta 2015 eta 2019 artean, eta udalerri bereko zinegotzi 2007 eta 2015 artean. Euskalduna da Urkola, Zuzenbidean lizentziatua UPV/EHUn, eta graduondoko diplomatua Herri Administrazioetan (UPV/EHU eta IVAP).

Maria Beloki, kabineteko buru berria

Felix Urkolaren lekukoa Maria Belokik (Donostia, 1992) hartuko du diputatu nagusiaren kabineteko buruzagitzan. Komunikazioan graduatua Deustuko Unibertsitatean, 2019tik Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailaren kabinetearen ardura izan du, sozializazio eta komunikazio estrategiaren buru izanik. Foru Aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoan funtsezko figura izan da. Plan horrek pertsona guztien ongizate integrala du giltzarri, eta ongizate-, babes-, osasun- eta berdintasun-politikak dira  lau zutabeetako lehena. Hori dela eta, orain, ondo ezagutzen duen ibilbide-orri horren hedapena dinamizatzeko erronka izango du, agenda publiko berritzaile batekin.

Izendapena bat dator ere Diputatu nagusiak talentu gaztearen alde Aldundiaren lantaldean egindako apustuarekin, bai ordezkaritza instituzionalari dagokionez, bai kudeaketa-erantzukizunei dagokienez. Gizarte-politiketan ardura izan aurretik, Ekonomia Sustapeneko departamentuan lan egin zuen Belokik, eta baita Emaus eta Musika Hamabostaldian ere, besteak beste. Horrez gain, ikerketa-laguntzailea izan zen Deustuko Unibertsitatean, eta Etorkizuna Eraikizen kolaboratzailea 2016 eta 2017 artean. Euskara eta ingelesa menperatzen ditu.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...