BAI Tolosaldeari ospitale- eta osasun-zerbitzu onenak eskainiko dizkion osasun publiko bati.
" /> BAI Tolosaldeari ospitale- eta osasun-zerbitzu onenak eskainiko dizkion osasun publiko bati.
"> BAI Tolosaldeari ospitale- eta osasun-zerbitzu onenak eskainiko dizkion osasun publiko bati.
" />

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/20

EAJk Tolosaldeko Ospitale Publiko berriaren aldeko apustua eta konpromisoa berresten ditu eta hiru galdera egiten ditu, kasu bakoitzean dagokionari zuzenduta

BAI Tolosaldeko Ospitale Publiko berriari.
BAI "Asuntzion" Klinikako langileentzako irtenbide bideragarri bati.
BAI Tolosaldeari ospitale- eta osasun-zerbitzu onenak eskainiko dizkion osasun publiko bati.
EAJk Tolosaldeko Ospitale Publiko berriaren aldeko apustua eta konpromisoa berresten ditu eta hiru galdera egiten ditu, kasu bakoitzean dagokionari zuzenduta

2010etik aurrera, Tolosaldean kezka bat piztu zen jendartean ospitale-arretaren inguruan, mezu bikoitz batekin: alde batetik, eskualdeko Ospitale Publiko berri baten aldeko aldarrikapen irmo batekin; eta, bestetik, eztabaida gordin batekin, "Asuntzion" Klinikaren inguruan hain zuzen, behar hori betetzeko aukera gisa hura alboratuz. Ez da inorentzat sekretua, jarrera hori Tolosako ezker abertzalearekin lotura zuzena duten erakunde eta pertsonek zuzendu zutela.

Nolanahi ere, sentsibilitate ezberdinetako beste pertsona eta sektore askok bat egin zuten kezka horrekin, eta pentsatu zuten zentzuzkoa zela Tolosaldeak Ospitale Publiko bat izatea. Tolosaldeko EAJk ere, bere ekintza politikoa garatzeko duen egiteko moduarekin, helburu beraren alde lan egiten jardun du azken urteetan. 2023an, Urkullu lehendakariak Tolosalderako Ospitale Publiko berri bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa publikoki defendatu zuen.

Ordutik, gaur egun Alberto Martínez sailburuak zuzentzen duen Osasun Sailak etengabe eman ditu urratsak proiektua errealitate bihurtzeko. Tolosako eta eskualdeko agenda politikoko gai eta kezka nagusi izan den hau bideratzeko zorian geundela danok ere uste genuenean, "Eskualdeko Ospitale Publiko berria" eskatzen zuten erakunde eta organismoek bizkarra eman diote Ospitale Publiko berriaren proiektuari, eta "Asuntzion" Klinika publifikatzea eta plantillako langileen % 100 automatikoki subrogatzea eskatzen dute orain.

Tolosako Udalak, EH Bilduren agindupean, ez du bere zatia betetzen. Eusko Jaurlaritzari lursail guztiak lagatzeko beharrezkoak diren Iurreamendiko bi lursail txikiak erosi gabe jarraitzen du. Lursail horiek lagatzea beharrezkoa da etorkizuneko Ospitale Publikoa eraiki ahal izateko.

Egoera honen aurrean, Tolosaldeko EAJk bere jarrera publiko egin nahi du eta bere konpromiso nagusiak berretsi nahi ditu:

• BAI Tolosaldeko Ospitale Publiko berriari

EAJk Tolosaldeko Ospitale Publiko berriaren proiektuarekiko duen konpromisoa eta babesa berresten ditu. Proiektu hori datorren legegintzaldian gauzatuko da. Tolosaldeko ESIa osatzen duten 31 udalerrietako 66.000 biztanleri baino gehiagori zerbitzua emango dion Ospitalea. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko onartutako Plan Funtzionalaren arabera, 107,6 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta Iurreamendin kokatuko da, 8.445 metro koadroko lursail baten gainean.

Eraikinak lau solairu izango ditu sestra gainean eta hiru lurpeko, eta ospitaleratzeko 90 ohe, lau ebakuntza-gela, 50 kanpo-kontsulta, ospitaleetako larrialdiak, eguneko ospitalea eta diagnostiko aurreratuko zerbitzuak izango ditu, erresonantzia magnetikoa eta OTA barne. Kardiologia, neurologia, ginekologia, traumatologia eta barne-medikuntza espezialitateak izango ditu, baita errehabilitazioa, laborategia, farmazia eta etxeko ospitalizazioa ere. Funtzionatzeko, 500 profesional inguru beharko dira.

• BAI irtenbide bideragarri bati "Asuntzion" Klinikako langileentzat

"Asuntzion" Klinikako langileei dagokionez, EAJk uste du arlo honetan erronka dela irtenbide justu eta bideragarri bat eskaintzea "Asuntzion"-en lanean urteak daramatzatenei. Eta hori, Osakidetzan dagoeneko lan egiten dutenen edo hautaketa-prozedura arrunten bidez lanean hastea espero dutenen eskubideak urratu gabe. ELA eta LAB sindikatuetako zuzendaritza nazionalek ez dute argitu gai horri eman nahi dioten erantzuna. Komeni da gogoraraztea kontratazio-irizpideak aldatzeko beharrezkoa dela sindikatuekin adostea Osakidetzako mahai sektorialean.

Tolosaldeko EAJk bai esaten dio konponbide legal eta bideragarri bati. Bat dator Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako proposamenarekin, hiru puntutan laburbiltzen dena: (1) kontrataziorako aparteko lan-poltsa bat irekitzea, "Asuntzion" Klinikako langileei Ospitale Publiko berrian sartzeko lehentasuna emango liekeena, (2) haien antzinatasuna aitortzea eta (3)  Osakidetzan sartzeko titulazio-baldintzak betetzea.

• BAI osasun publikoari, Tolosaldearentzat ospitale- eta osasun-arretako zerbitzu onenak

2032tik aurrera, Tolosaldeko Ospitalea martxan jartzean, eskualdeak lehen mailako osasun- azpiegitura publikoa izango du. Ospitale berriak jauzi kualitatiboa ekarriko du, eta lehen mailako arreta, kontsulta espezializatuak, proba diagnostikoak, ospitalizazioa eta ospitale-koordinazioa antolatuko dituen asistentzia-sarea eratzea ahalbidetuko du.

Ospitalea Donostialdeko ESIari lotuta egongo da, eta, horri esker, eskualdean bertan Donostia Unibertsitate Ospitaleak eskaintzen dituen konplexutasun handiko baliabideak eta arreta espezializatua eskuragarri izango ditugu. Tolosaldeko EAJk bai esaten dio osasun publikoari; Tolosaldearentzat ospitale-zerbitzu eta osasun-arreta onenak nahi ditu.

Aurreko guztia esanda, Tolosaldeko EAJk, eztabaida honetan ahalik eta argitasun eta gardentasun handiena egon dadin, honako galdera hauek egiten dizkio kasu bakoitzean dagokionari:

1.- Tolosalderako Ospitale Publiko berri baten aldeko aldarrikapena eta "Asuntzion" Klinika hamabost urtez deskalifikatzea zergatik ordezkatu dira orain dela gutxi "Asuntzion" publiko egiteko eskariarengatik, Ospitale Publiko berriaren proiektuaren aurka azalduz orain?

2.- Danok dakigu Eusko Jaurlaritzak lurreamendiko lursaila behar duela Ospitale Publiko berria eraiki ahal izateko eta beraz terrenoak lagatu behar zaizkiola hori posible egiteko. Zergatik jarraitzen du Tolosako Udalak Iurreamendi eremuko bi lursail txikiak erosi gabe, Tolosaldeko Ospitale Publiko berria eraikitzeko beharrezkoak direnak? Tolosalderako Ospitale berriaren proiektua babesten ez duela esan nahi du horrek?

3.- "Asuntzion" Klinikako plantillari dagokionez, nola aurreikusten dute Osakidetzako mahai sektorialean dauden sindikatuek legezkotasun- eta berdintasun-printzipioak bermatzea langile guztientzat, funtzio publikora sartzeari dagokionez?

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...