Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/19

Kepa Sebalek EH Bilduren etxebizitza arloko kudeaketa kritikatu du Bergaran: “Zortzi urte gobernuan, eta etxebizitza publiko bakar bat ere eraiki gabe”

“EH Bilduren etxebizitza arloko balantzea argia da: alokairu sozialeko zero etxebizitza, babes ofizialeko zero etxebizitza eta zero etxebizitza tasatu. Zortzi urte irtenbiderik gabe, gure gazteek beren herrian emantzipatzeko eta etorkizuna eraikitzeko zailtasun handiak izaten jarraitzen duten bitartean”, kritikatu du Sebalek.
Kepa Sebalek EH Bilduren etxebizitza arloko kudeaketa kritikatu du Bergaran: “Zortzi urte gobernuan, eta etxebizitza publiko bakar bat ere eraiki gabe”

Kepa Sebal Lazpiur Bergarako Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak azaroaren 13an Bilbon egindako hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean parte hartu zuen. Bertan, etxebizitza eskuratzeko aukerak eta gazteen emantzipaziorako zailtasunak Euskadik dituen erronka nagusien artean kokatu zituen. Bere hitzaldian, EAJ-PNVk bultzatutako neurriak defendatu zituen, eta Bergarako EH Bilduren Udal Gobernuaren ekimen falta kritikatu zuen.

Sebalek gazte askok bizi duten frustrazioa jarri zuen mahai gainean. Izan ere, laguntza publikoak izan arren, askok ez dute alokatzeko edo erosteko etxebizitzarik aurkitzen. Bere esperientziatik eta inguruko gazteekin izandako elkarrizketetatik abiatuta, ohartarazi zuen arazo nagusia ez dela soilik laguntza ekonomikoak eskuratzea, baizik eta eskuragarri dauden etxebizitzak aurkitzea.

“Gero eta gazte gehiago ezagutzen ditut emantzipatzeko laguntzen inguruan interesa dutenak, baina etxebizitzarik aurkitu duten galdetzen diedanean, erantzuna beti bera da: ez. Laguntzek ezer gutxirako balio dute etxebizitzarik eskuragarri ez badago. Hitzetatik ekintzetara igaro behar dugu”, adierazi zuen Sebalek.

Ildo horretan, EAJ-PNVk etxebizitza eskuratzea errazteko bultzatutako ekimenak nabarmendu zituen, besteak beste, emantzipaziorako laguntzak, lehen etxebizitza erosteko hasierako ordainketari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren abalak eta alokairuari zein erosketari lotutako zerga-kenkariak. Era berean, Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurrien Legearen onarpena balioan jarri zuen, etxebizitza berrien eraikuntza erraztea eta administrazio-oztopoak murriztea helburu duena.

“EAJ-PNVtik gauzak azkarrago edo motelago egin ditzakegu, hobeto edo okerrago, baina egiten ari gara”, gogorarazi zuen Sebalek. Halaber, tokiko erakundeek ere beren erantzukizuna hartu behar dutela azpimarratu zuen. “Orain udalek tresna gehiago dituzte etxebizitza gehiago eraikitzeko, azkarrago eta oztopo gutxiagorekin. Ez dago aitzakiarik geldirik jarraitzeko”.

Bergara, udal ekimen faltaren adibide

Bere hitzaldian, Sebalek tarte garrantzitsua eskaini zion Bergarako egoerari, eta EH Bilduk Udalaren buru daramatzan bi agintaldietako kudeaketa zalantzan jarri zuen.

Hautagai jeltzaleak salatu zuenez, zortzi urte hauetan Udal Gobernuak ez du alokairu sozialeko etxebizitza bakar bat ere eraiki, ezta babes ofizialeko edo udal-sustapeneko etxebizitza tasaturik ere. Era berean, gogorarazi zuen herrian eraiki diren alokairu sozialeko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak sustatu dituela.

“EH Bilduk zortzi urte daramatza Bergaran gobernatzen, eta udal etxebizitzaren arloko balantzea oso erraza da: alokairu sozialeko zero etxebizitza, babes ofizialeko zero etxebizitza eta zero etxebizitza tasatu. Bitartean, gure gazteek zailtasun handiak izaten jarraitzen dute beren bizi-proiektua beren herrian garatzeko”, kritikatu zuen.

Sebalek zalantzan jarri zituen, halaber, EH Bilduk Vienako eredua bezalako nazioarteko ereduetan oinarrituta egiten dituen proposamenak. Bere ustez, etxebizitza-politika orok kontuan hartu behar ditu euskal gazteen benetako beharrak, erostearen eta alokatzearen inguruko lehentasunak eta proposamen horiek gauzatzeko behar diren baliabide ekonomikoak.

Zentzu horretan, EH Bilduk publikoki defendatzen dituen proposamenen eta gobernatzen dituen udalerrietan egiten duenaren arteko koherentzia eskatu zuen. “Galdera oso erraza da: etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko zer egin behar den hain argi badute, zergatik ez dira hasten urteak daramatzaten udalerrietan neurri horiek aplikatzen?”, galdetu zuen.

Amaitzeko, hautagai jeltzaleak belaunaldi berriek Euskadin beren etorkizuna eraiki ahal izateko politikak bultzatzeko beharra aldarrikatu zuen. Era berean, euskal herritarren interesak defendatzeko Madrilen ahots propioa izatearen garrantzia azpimarratu zuen.

“Zortzi urtean egin ez dena ezin da azken unean konpondu, presaka eta edozein modutan. Gazteek benetako aukerak behar dituzte, etxebizitza eskuragarriak eta ekiten duten erakundeak. EAJ-PNVtik argi dugu hori dela jarraitu beharreko bidea”, amaitu zuen Sebalek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...