Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/18

Aretxabaletako EAJ-PNVk proiektuen exekuzio falta salatu du, Udalak inoizko aurrekonturik handienak izan dituen arren

Talde jeltzalea abstenitu egin da agintaldiko azken aurrekontuaren bozketan, eta ohartarazi du azaroaren hasieran 2026rako aurreikusitako inbertsioen % 20 baino ez zela gauzatu.
Aretxabaletako EAJ-PNVk proiektuen exekuzio falta salatu du, Udalak inoizko aurrekonturik handienak izan dituen arren

Aretxabaletako EAJ-PNVk agintaldiko azken aurrekontuaren balorazio kritikoa egin du, eta Udal Gobernuak herriarentzat garrantzitsuak diren proiektuak aurrera eramateko erakutsi duen gaitasun falta salatu du. Jeltzaleek gogorarazi dutenez, agintaldiaren hasieran zegoen diru-gerakinari esker, Udalak bere historiako aurrekonturik handienak izan ditu eskura. Hala ere, baliabide ekonomiko horiek ez dira herriarentzat aurrerapauso esanguratsu bihurtu.

“Agintaldi honetako arazoa ez da diru falta izan, proiektuak gauzatzeko gaitasun falta baizik. Proiektu asko iragarri dira, baina gehiegik gauzatu gabe jarraitzen dute. Aretxabaletak benetako emaitzak behar ditu, ez urtez urte errepikatzen diren iragarpenak”, adierazi dute talde jeltzaletik.

Gauzatu gabe jarraitzen duten proiektu estrategikoak

EAJ-PNVk gogorarazi du agintaldiaren hasieran lehentasunezkotzat jotako hainbat proiektuk apenas egin dutela aurrera. Kiroldegiaren aurreko berdegunea gauzatu bada ere, aurreko agintalditik zetorren proiektua izanik, Andra Mariko urbanizazioak egiteke jarraitzen du. Institutu berriaren kasuan, lursailak erostetik harago ez da ia aurrerapausorik eman; Iturrigorriko pilotalekua proiektua idazteko fasean dago oraindik; eta Lausitako urbanizazioa, ur- eta saneamendu-sareak berritzea barne, gauzatu gabe dago.

Atzerapen horiei beste hainbat egitasmo gehitu behar zaizkie: Iturrizarko igogailua, hiru urteren ondoren lizitatu dena eta 2027an gauzatzea aurreikusten dena; auzo-baratzeak; eta larrialdietarako etxebizitzen egokitzapena.

“Iragartzen denaren eta benetan egiten denaren arteko aldea kezkagarria da. Azaroaren hasieran, 2026rako aurreikusitako inbertsioen % 20 baino ez zegoen gauzatuta. Datu horrek argi erakusten ditu agintaldi honetan izan diren kudeaketa-zailtasunak”, ohartarazi dute.

Aretxabaleta hobetzeko proposamen zehatzak

Egoera horren aurrean, talde jeltzaleak herritarren eguneroko bizi-kalitatea hobetzeko proposamen errealistak aurkeztu ditu. Horien artean, Araba Ibilbidea berreskuratu eta balioan jartzeko proiektua idaztea nabarmendu dute. Izan ere, herriko sarbide nagusietako bat den eremu hori aparkaleku bihurtu da azken mugikortasun-aldaketen ondorioz.

Era berean, adinekoentzako elkargune bat egokitzea proposatu dute komentuan, URETZ tabernaren ondoan, harreman sozialak sustatzeko eta nahi gabeko bakardadeari aurrea hartzeko. Horrez gain, oinezkoentzako pasabideetako pintura eta argiztapena hobetzea, udalerriko garbiketa indartzea eta landa-bideen mantentze-lan egokiak bermatzea eskatu dute.

Proposamen horiek begi onez hartu diren arren, ez da horiek gauzatzeko aurrekontu-partida zehatzik jaso.

“Aurkeztu ditugun jarduerak beharrezkoak eta ekonomikoki bideragarriak dira. Hala ere, ez da nahikoa proposamenei baiezkoa ematea, ondoren horiek gauzatzeko aurrekontu-konpromisorik ez badago”, azaldu dute.

Aurrerapausoak arlo soziosanitarioan eta parte-hartze falta

Alderdi positiboen artean, jeltzaleek aurreko agintaldian bultzatutako komentuari eta anbulatorio berriari lotutako proiektu soziosanitarioaren sendotzea nabarmendu dute. Arlo horretan, lehentasunezkotzat jotzen dute adinekoentzako elkargunea egokitzea eta gaur egun itxita dagoen URETZ tabernaren egoera desblokeatzea, jantoki-zerbitzua eskaini ahal izateko.

Azkenik, EAJ-PNVk aurrekontua prestatzeko prozedura ere kritikatu du. Izan ere, aurrekontuaren zirriborroa Ogasun Batzordea egin baino bost egun lehenago jaso zuten, aurretik informazio-batzorde guztietan landu gabe. Talde jeltzalearen ustez, epe horiek zaildu egiten dute aurrekontuaren azterketa zorrotza egitea eta udal taldeen parte-hartze egokia bermatzea.

“Aretxabaletak nahikoa baliabide izan ditu askoz gehiago aurrera egiteko. Orain behar duena aurrekontuak amaitutako proiektu eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten benetako emaitza bihurtzeko gai den kudeaketa da”, ondorioztatu dute EAJ-PNVtik.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...