Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Maribel Vaquero: «Pasaiako portuaren eta Oarsoaldearen etorkizunak ezin du Madrilek bere konpromisoak bete zain jarraitu»
EAJ-PNVk Pasaiako portuaren eskumena Euskadiri eskualdatzea eta trenbide-azpiegitura estrategikoak desblokeatzea eskatu du, eskualdearen garapen ekonomikoa, industriala eta logistikoa bermatzeko
EAJ-PNVren hautagai Maribel Vaquerok gaur Pasaian aldarrikatu du Euskadik Pasaiako portuaren kudeaketa bere gain hartzeko beharra, eta Estatuari eskatu dio Oarsoaldean egiteke dauden trenbide-azpiegitura estrategikoak behingoz desblokeatzeko. Loreto Osa Pasaiako bozeramaile jeltzalea eta Laura Martínez EAJ-PNVk Lezon duen bozeramailea lagun zituela, Vaquerok azpimarratu du eskualdearen etorkizun ekonomiko eta industriala bermatzeko ezinbestekoak direla konpromiso zehatzak, inbertsioak eta Euskaditik erabakitzeko ahalmena.
“Oarsoaldeak ezin du gehiago itxaron. Ezin dugu onartu Gipuzkoarentzat eta Euskadi osoarentzat estrategikoa den azpiegitura baten etorkizuna Estatuaren erabaki faltaren eta atzerapenen menpe egotea. Pasaiako portuak inbertsioak eta trenbide-loturak behar ditu, eta, batez ere, bere etorkizunari buruz hemen erabakitzeko ahalmena”, adierazi du Vaquerok.
Ordezkari jeltzaleak gogorarazi du Pasaiako portua Gipuzkoako eragile ekonomiko, industrial eta logistiko nagusietako bat dela, eta Oarsoaldearen garapenerako funtsezko azpiegitura dela. Hala ere, ohartarazi du portuaren lehiakortasuna eta hazteko aukerak zuzenean lotuta daudela egiteke dauden inbertsioak gauzatzearekin eta Europako sare logistiko nagusiekin dituen loturak hobetzearekin.
Ildo horretan, azaldu du portuak berak identifikatutako inbertsio-beharrak 50 milioi eurotik gorakoak direla 2030era bitartean. Horien artean, funtsezko jarduketak daude: Lezoko kanaleko nabigagarritasuna hobetzea, kaiak birgaitzea, sakonerak handitzea, logistika-eremuak modernizatzea eta trenbide-loturak garatzea.
“Gure enpresen lehiakortasunean, industria-jardueran eta enpleguan eragin zuzena duten inbertsioez ari gara. Atzeratzen den urte bakoitzeko, Euskadik aukerak galtzen ditu. Eta EAJ-PNVn ez gaude prest etsitzeko, ezta gure industriaren etorkizuna behin eta berriz atzeratzen diren konpromisoen menpe egotea onartzeko ere”, azpimarratu du.
Azpiegitura estrategiko bat Euskaditik kudeatzea
Vaquerok Pasaiako portuaren eskumenaren eskualdaketa kokatu du EAJ-PNVk hurrengo legegintzaldian Gorte Nagusietan defendatuko dituen aldarrikapen nagusien artean.
“Pasaiako portua Euskaditik kudeatzea defendatzen dugu, gure industria-errealitatea, behar logistikoak eta etorkizuneko aukerak ondo ezagutzen ditugulako. Ez dugu eskumen bat arrazoi sinbolikoengatik eskatzen. Jarduera ekonomikoa sortzeko, inbertsioak erakartzeko, gure industria indartzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko tresnak eskatzen ari gara”, defendatu du.
Era berean, EAJ-PNVk Pasaiako badiaren eraberritze integrala bultzatzearen alde egiten du, portuko eta logistikako jarduera inguruko udalerrien hiri-, ingurumen- eta gizarte-beharrekin bateragarri egiteko.
Lezoko Plataforma Logistikoa: gehiago blokeatuta egon ezin den konpromisoa
Portuaren eskualdaketarekin batera, Vaquerok Espainiako Gobernuari eskatu dio Lezoko Plataforma Logistiko Intermodala eta hura garatzeko beharrezkoak diren trenbide-azpiegiturak behingoz bultzatzeko. “Ia zazpi urte igaro dira Garraio Ministerioarekin protokoloa sinatu zenetik, eta oraindik emaitzen zain gaude. Ezin da onartu Gipuzkoaren etorkizun logistikorako funtsezkoa den azpiegitura bat oraindik gauzatu gabe egotea. Akordioak betetzeko dira, ez tiradera batean gordetzeko”, salatu du.
Vaquerok nabarmendu du Lezoko Plataformak Pasaiako portuaren ahalmena indartzeko, salgaien trenbide bidezko garraioa sustatzeko eta Euskadik Europako garraio-sare nagusiekin dituen loturak hobetzeko aukera emango duela.
“Ezin dugu Europan lehiakorrak izateaz hitz egin gure azpiegiturek atzerapenak pilatzen jarraitzen duten bitartean. Pasaiako portutik sartzen eta ateratzen diren salgaiek Europarekin lotura zuzena eta eraginkorra izan behar dute. Gai estrategikoa da gure enpresentzat, gure industriarentzat eta Gipuzkoako enpleguarentzat”, adierazi du.
EAJ-PNVk Pasaiako portu lehiakorra defendatzen du, Euskaditik kudeatua eta Europarekin ondo konektatua. “Inbertsioak, epe zehatzak eta beteko diren konpromisoak nahi ditugu. Euskadi defendatzea Oarsoaldearen etorkizuna defendatzea ere badelako. Eta horretarako, ahots sendoa, propioa eta zorrotza behar dugu Madrilen”, amaitu du Vaquerok.
Nabarmenak...
Gipuzkoa
2026/11/16
ERRENTERIA
2026/11/13
GBB
2026/11/07
Zumaia
2026/11/03
GBB
2026/11/02
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



