Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/04

Tolosako EAJ-PNV: «Oso larria da Tolosako udaltzaingoak Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean tiro praktikak egin izana»

Tolosako EAJ-PNVk oso larria eta desegokia deritzo Tolosako Udaltzaingoak Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean tiro praktikak egin izana, gaur egunkari batek emandako informazioari erreparatuz.
Tolosako EAJ-PNV: «Oso larria da Tolosako udaltzaingoak  Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean tiro praktikak egin izana»

Atzo alkateak emandako azalpenek ez dute gertatutakoaren inguruko argitasunik eman. Informazioa biltzen ari dela adierazi zuen oraindik, baina eskainitako azalpenak ez ziren batere argigarriak izan. Oraindik ez dakigu zenbat udaltzain joan ziren, noiz joan ziren, eta, batez ere, zer helbururekin eta zer motatako prestakuntza jasotzera joan ziren Intxaurrondora.

Gaur egunkari batek argitaratutakoaren arabera, Tolosako udaltzainek tiro-praktikak egin omen zituzten Intxaurrondon. Informazio horrek galdera berri bat planteatzen du: zein da egia? Atzo alkateak ez zuen halakorik baieztatu eta EAJ-PNV bazterrak nahasten zebilela esan zuen. Gaur argitaratutako informazio hori gezurtatu edo berretsi egin behar du alkateak, eta herritarrei argi eta garbi azaldu zer gertatu zen.

Ez dugu ulertzen, halaber, zer lotura duen Tolosako eskopeteroen jarduerak Intxaurrondon udaltzainek jasotako prestakuntzarekin. Eskopeteroek armak Guardia Zibilera eraman behar izaten dituzte pertsonalki arma guztiak erregistratuta geratu daitezen, bai, gai honen kudeaketa Guardia Zibilaren eskumena delako. Eskuhartzea hor amaitzen da. Zer zerikusi dauka Tolosako Udaltzaingoak San Joan jaietako armen kudeaketarekin? Ez dugu ulertzen alkateak bi gaiak nahastu izana, eta are gutxiago horren bidez udaltzainen prestakuntza justifikatu nahi izatea Intxaurrondon.

EAJ-PNVren apustua argia izan da beti, eta hala izaten jarraituko du: Gernikako Estatutua, euskal autogobernuaren esparrua, Ertzaintza polizia integral gisa, Euskal Poliziaren Legea eta Arkauteko Akademia. Horiek dira gure ereduaren oinarri eta gure konpromisoa euskal polizia-ereduarekin dago.

Era berean, ez zaigu zilegi iruditzen gertatutakoaren ardura teknikarien bizkarretan utzi nahi izatea. Izan ere, argi dago Udaltzaingoaren azken arduradun politikoa alkatea bera dela, eta hari dagokiola hartutako erabakien inguruko azalpenak ematea eta erantzukizunak bere gain hartzea.

Bestalde, nabarmena da EH Bildu gai honen inguruan fokua aldatzen saiatzen ari dela, EAJ- PNVri elektoralismoa leporatuz eta eztabaida beste norabait eramanez. Gure ustez, ardurak saihesteko estrategia bat da hori. Gertakarien inguruko lehenengo informazioak astelehenean jaso genituen egunkari baten bidez; horregatik lehertu da orain gaia.

Kontua ez da nork ateratzen dion etekin politikoa gaiari; kontua da zer gertatu den, nork hartu duen erabakia eta zergatik. Herritarrok azalpenak merezi ditugu.

EAJ-PNVk gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatu ditu dagoeneko, idatziz, gure betebehar politiko eta instituzionala delako udal-kudeaketaren gardentasuna eta kontrola bermatzea.

Azken batean, gure jarrera argia da: Tolosako udaltzainak Intxaurrondora tiro praktikak (Arkauten jada eskaintzen direnak) egitera bideratu izana oso erabaki larria eta desegokia dela deritzogu. Eta ez da gure iritzia bakarrik, badirudi berdin pentsatzen dutela ELA eta LAB sindikatuek, Udaltzainburuen Elkarteak eta Otegi berak ere (behingoagatik ados gaude berarekin).

Alkateari dagokio azalpenak ematea, herritarren aurrean gertatutakoa argitzea eta hartutako erabakien ardura bere gain hartzea. Gardentasuna eta erantzukizun politikoa ezin dira saihestu, are gutxiago Udaltzaingoaren jarduna eta euskal polizia-eredua bezalako gai erabakigarri eta sensible batean.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...