Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/11/03

Zarauzko EAJ-PNVk euskararen aldeko elkarlana eta adostasuna lehenesteko deia egin du EH Bilduren kritiken aurrean

Jeltzaleek gogorarazi dute EAJ-PNVk UEMAren mozioaren eta bere proposamenaren alde bozkatu zuela, eta Zarauzko Udala ESNATU dinamikarekin bat eginda dagoela.
Zarauzko EAJ-PNVk euskararen aldeko elkarlana eta adostasuna lehenesteko deia egin du EH Bilduren kritiken aurrean

Zarauzko EAJ-PNVk euskararen biziberritzearen eta arnasguneen babesaren aldeko konpromisoa berretsi du, EH Bilduk azken udal osoko bilkuran eztabaidatutako mozioen inguruan egindako adierazpenen harira. Jeltzaleek gogorarazi dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) proposatutako mozioaren zein EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurkeztutako testuaren alde bozkatu zutela, bi proposamenek euskararen erabilera indartzeko eta arnasguneak babesteko helburua partekatzen dutelako.

Halaber, nabarmendu dute Zarauzko Udalak bat egin duela ESNATU dinamikarekin, eta atxikimendu horrek euskararen biziberritzearen aldeko konpromiso instituzionala erakusten duela. EAJ-PNVren ustez, konpromiso horri udal talde guztien adostasunarekin onartutako mozio bat gehitzeak balio erantsia izango luke, euskararen aldeko politikak ikuspegi partekatu batetik lantzeko aukera emango lukeelako.

Ildo horretan, jeltzaleek azaldu dute beren proposamenaren helburuetako bat ahalik eta adostasun politiko zabalena lortzea izan dela. Azkenean ez da posible izan mozio bakarra aho batez onartzea, baina EAJ-PNVk azpimarratu du bi testuen artean dauden adostasun-puntuak direla aurrerantzean elkarlanerako abiapuntua.

«Euskararen aldeko konpromisoa ez da mozio bakar baten bidez neurtzen. Zarauzko Udala ESNATU dinamikarekin bat eginda dago, eta hori konpromiso instituzionalaren adierazle da. Hala ere, uste dugu mozio bat aho batez onartzeak balio erantsia duela. Horretan saiatu gara, nahiz eta azkenean adostasun hori lortu ez», azaldu dute Zarauzko EAJ-PNVtik.

Euskararen egungo erronkei erantzun, egindako bidea aitortuz

EAJ-PNVk bat egiten du UEMAk euskararen arnasguneen inguruan adierazitako kezkarekin. Euskararen erabilerak erronka garrantzitsuak dituela aitortu dute jeltzaleek, baita hizkuntzaren ezagutza zabaltzeak ez duela berez erabilera bermatzen ere. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute euskararen erabilera sustatzeko politikak indartzen jarraitzea.

Hala ere, EAJ-PNVren ustez, etorkizuneko erronkei heltzeko ezinbestekoa da azken hamarkadetan egindako bidea ere aitortzea. Izan ere, euskarak aurrerapen handiak izan ditu ezagutzan, hezkuntzan, administrazioan eta gizarteko hainbat esparrutan, herritarren konpromisoari, euskalgintzaren lanari eta erakunde publikoek urteetan garatutako hizkuntza-politikei esker.

«Euskararen egoerak kezkatzen gaitu, eta badakigu oraindik lan handia dugula egiteko. Baina ezin ditugu ahaztu orain arte lortutako aurrerapenak, ezta horiek posible egin dituzten pertsona, eragile eta erakundeen lana ere. Egindakoa aitortzea eta egungo erronkei erantzutea guztiz bateragarriak dira», azaldu dute.

Hain zuzen ere, ikuspegi hori txertatzea izan da EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioaren helburuetako bat, euskararen aldeko konpromisoa ahalik eta adostasun politiko zabalenarekin lantzeko borondatearekin batera.

Bi proposamen, partekatutako helburu ugari

EAJ-PNVk aitortu du bi mozioen artean badirela ñabardurak eta konpromisoak formulatzeko modu desberdinak. Hala ere, jeltzaleek azpimarratu dute proposamenek hainbat jarduera-eremu partekatzen dituztela, eta horiek izan beharko luketela aurrerantzean elkarlanerako abiapuntua.

Bi testuetan jasotzen dira udalaren hizkuntza-planak betetzeko konpromisoa, kontratazio publikoan hizkuntza-irizpideak txertatzearen garrantzia, helduen euskalduntzea sustatzeko beharra, haur eta gazteen aisialdian euskararen presentzia indartzea, udal eskumeneko jardueretan euskararen normalizazioan aurrera egitea eta etorri berriei euskarara hurbiltzeko aukerak eskaintzea.

EAJ-PNVren arabera, gai horietan dagoen adostasunak aukera ematen du euskararen aldeko politikak indartzeko, ikuspegi desberdinen arteko elkarlana sustatuz.

«Bi mozio aurkeztu izanak ez du esan nahi bi jarrera kontrajarri daudenik. Desberdintasunak badaude, baina baita adostasun-eremu zabalak ere. Gure ustez, horiek indartu behar ditugu, euskararen aldeko konpromisoak emaitza zehatzetan gauzatzeko», nabarmendu dute.

Euskarak elkarlan gehiago eta eztabaida gutxiago behar ditu

EH Bilduren kritiken aurrean, Zarauzko EAJ-PNVk berretsi du bere proposamenaren helburua ez zela UEMAren ekimena baztertzea, baizik eta euskararen aldeko konpromisoari beste ikuspegi bat gehitzea eta udal talde guztiek babestu zezaketen testu bat adosteko aukera zabaltzea.

Jeltzaleen iritziz, euskararen biziberritzeak erakundeen, euskalgintzaren, eragileen eta herritarren arteko elkarlana eskatzen du. Horregatik, adostasun politiko zabalak bilatzea garrantzitsua dela uste dute, hizkuntza-politiken jarraitutasuna eta eraginkortasuna indartzeko.

Ildo horretan, EAJ-PNVk azpimarratu du euskarak elkarlan gehiago eta eztabaida politiko gutxiago behar dituela. Bi mozioen arteko desberdintasunetan sakondu beharrean, partekatzen dituzten konpromisoak gauzatzea lehenetsi behar dela adierazi dute.

“Euskarak batzen gaitu, eta guztion ekarpena behar du. Gure lehentasuna ez da eztabaida politiko honetan nor gailentzen den, baizik eta euskarak aurrera egitea. Horregatik saiatu gara ahalik eta adostasun zabalena lortzen. Ez da posible izan mozio bakarra aho batez onartzea, baina horrek ez luke eragotzi behar aurrerantzean elkarrekin lan egitea. Euskarak elkarlan gehiago eta eztabaida gutxiago behar ditu”, adierazi du Garbiñe Oiarbide, alkategai jeltzaleak.

Azkenik, Zarauzko EAJ-PNVk euskararen biziberritzearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, orain arte egindako bidea aitortuz, egungo erronkei erantzunez eta etorkizuna adostasunetik eraikitzeko borondatearekin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...