Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/10/23

EAJ-PNVk Eibarko kaleetako segurtasuna hobetu nahi du, erdiguneko trafikoa murriztuz eta arau-hausteen kontrola zorroztuz

Jeltzaleek herritarren segurtasuna eta bide segurtasuna batera landuko dituen plan integral bat defendatzen dute, hiriguneko trafikoa murrizteko, udal araudia eguneratzeko eta oinezkoen, bizikleten eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetzeko neurriekin.
EAJ-PNVk Eibarko kaleetako segurtasuna hobetu nahi du, erdiguneko trafikoa murriztuz eta arau-hausteen kontrola zorroztuz

Argazkiak...

EAJ-PNV Eibarrek jauzi kualitatiboa egin nahi du udal segurtasun politiketan, eta delinkuentziaren prebentziotik harago joango den eredu integral bat proposatu du, bide segurtasuna eta hiri mugikortasunaren hobekuntza ere udal jardunaren lehentasunen artean txertatzeko.

EAJ-PNVren ustez, Eibarren segurtasunaz hitz egiteak kale seguruagoez hitz egitea ere esan nahi du, oinezkoentzako arriskuak murrizteaz, trafikoa antolatzeaz eta garraiobide desberdinak pertsonen segurtasuna arriskuan jarri gabe elkarrekin bizi ahal izatea bermatzeaz.

Legegintzaldi honetan herritarren segurtasuna hobetzeko neurri zehatzak hartu ondoren (Herritarren Segurtasunerako Foroa sortu eta sendotzea, Udaltzaingoari SIRAJ sistemarako sarbidea ematea eta behin eta berriz delituak egiten dituzten pertsonen aurkako jarduketa bereziak, besteak beste), EAJ-PNV Eibarrek segurtasun plan integral baten alde egin du gaur. Aurkeztutako ereduan, bide segurtasuna eta hiri mugikortasunaren hobekuntza udalaren lan lehentasunen artean sartzea proposatu du.

Helburu horrekin, EAJ-PNVk prebentzio handiagoa, arau hausteen kontrol zorrotzagoa, hobeto antolatutako mugikortasuna eta hirigunean ibilgailuen presentzia murrizteko jarduketa estrategikoak uztartuko dituen hiri eredu baterantz egitea proposatu du.

Jeltzaleen ustez, segurtasunari ezin zaio jarduketa isolatuen bidez heldu; aitzitik, plangintza integrala behar da, helburu argiekin eta neurri zehatzekin.

“Pertsonen segurtasunak lehentasuna izan behar du arlo guztietan. Ez gara delituak prebenitzeaz bakarrik ari, baita gure kaleetan lasai ibiltzeaz, trafikoaren arriskuak murrizteaz eta oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza segurua bermatzeaz ere. Eibar seguruagoa, hobeto konektatua eta pertsonengan pentsatutakoa nahi dugu”, adierazi dute EAJ-PNVtik.

Trafiko gutxiago erdigunean eta Estaziño-Matsariaren aldeko apustu estrategikoa

Jeltzaleen proposamenaren ardatz nagusietako bat Eibarko mugikortasun eredua pixkanaka eraldatzea da, ibilgailuen trafikoak hirigunean eragiten duen presioa murrizteko. EAJ-PNVren ustez, pilaketa, zarata eta kutsadura gutxiago izango dituen hiri baterantz egin behar da, zirkulazio antolatuagoa eta seguruagoa bermatuz.

Horretarako, saihesbidearekin ondo lotutako kanpoaldeko aparkalekuen eredua indartzea proposatu du, ibilgailuak erdigunera alferrik sartzea eta bertatik igarotzea murrizteko.

Ildo horretan, jeltzaleek Jardiñetako eta Legarreko aparkalekuen garrantzia nabarmendu dute, baita El Corte Inglés-en etorkizuneko aparkalekuan aurreikusitako 700 plazena ere.

Hala ere, EAJ-PNVren apustu estrategiko nagusia Estaziño-Matsaria inguruan geltoki intermodal bat eraikitzea da. Jeltzaleen iritziz, proiektu hori funtsezkoa da Eibarko mugikortasuna eraldatzeko eta bide segurtasuna hobetzeko.

Proposamenak saihesbidearen gertutasuna baliatzeko aukera emango luke, gaur egun hirigunetik igarotzen den ibilgailu astunen trafikoaren zati handi bat bertatik ateratzeko. Aldi berean, Matsaria bezalako ingurune degradatu bat biziberritzen lagunduko luke.

Jeltzaleek azpimarratu dute, gainera, proiektu horrek Ego Gainen dagoen egungo geltokiaren kokapenak dituen mugak gainditzeko aukera emango lukeela.

“Ezin dugu onartu ibilgailu astunen trafikoak gure kaleetako mugikortasuna eta segurtasuna baldintzatzen jarraitzea. Hiri eraldaketak eskaintzen dituen aukerak baliatu behar ditugu egiturazko arazoei irtenbidea emateko. Estaziño-Matsaria aukera horietako bat da, eta Eibarrek ez luke alferrik galdu behar”, adierazi dute.

Arrisku guneetan esku hartzea eta argiztapena hobetzea

EAJ-PNVren proposamenak udal bide sareko arrisku guneak berrikustea ere jasotzen du, gaur egun lantzen ari diren Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planaren (HMJP) diagnostikoa erreferentziatzat hartuta.

Helburua segurtasun falta eragiten duten guneak identifikatzea eta istripuak sahiesteko, ikusgarritasuna hobetzeko eta joan-etorri seguruagoak bermatzeko jarduketa zehatzak ezartzea da.

Arlo horretan, jeltzaleek bereziki garrantzitsutzat jo dute argiztapen gabeziak dituzten udalerriko guneak berrikustea eta hobetzea, herritarrek behin eta berriz helarazi duten kezka baita.

EAJ-PNVk defendatzen du segurtasuna prebentzioaren eta espazio publikoaren mantentzearen bidez ere landu behar dela, arriskuei aurrea hartuz, istripuak gertatu baino lehen.

Trafiko ordenantza berria, kaleetako zirkulazioa antolatzeko

Ekimenaren beste ardatz nagusietako bat Udal Trafiko Ordenantza eguneratzea da, EAJ-PNVren ustez zaharkituta geratu baita mugikortasunaren errealitate berrien aurrean.

Patinete elektrikoen eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuen ugaritzeak espazio publikoaren erabilera aldatu du, eta bizikidetza arazo berriak sortu ditu. Jeltzaleen iritziz, egoera horrek udalaren erantzun argia eskatzen du.

Oinezkoentzako guneetan eta espaloietan izandako harrapaketek eta arrisku egoerek agerian utzi dute araudia, zaintza eta arauen betearazpena indartzeko beharra. EAJ-PNVk argi du mugikortasun jasangarria sustatu behar dela, baina inoiz ez oinezkoen segurtasunaren kaltetan.

Horregatik, udal araudia mugitzeko modu berrietara egokitzea, erabiltzaileen betebeharrak argitzea eta beste pertsona batzuk arriskuan jartzen dituzten jokabideen gaineko kontrola indartzea proposatu du. “Mugikortasun jasangarriaren alde egiten dugu, baina segurua eta ordenatua ere izan behar du. Kaleak guztion artean partekatzen ditugun espazioak dira, eta horrek arauak eskatzen ditu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...