Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/30

Bertso eskolako 80 ikasleak, gutxienez, urtarrilera arte klaserik gabe egongo direla salatu du EAJ-PNVk

Udal gobernuaren “kudeaketa eskasaren” ondorioz, kaltetuak haur, nerabe eta familiak izango direla adierazi du Eli Muruak, Errenteriako EAJ-PNVko udal bozeramaileak.
Bertso eskolako 80 ikasleak, gutxienez, urtarrilera arte klaserik gabe egongo direla salatu du EAJ-PNVk

Errenteriako EAJ-PNVko udal taldeak salatu du ez dela onargarria Bertso Eskolako ikasleak izatea auzi honen ondorioak zuzen-zuzenean pairatuko dituztenak: “Udal gobernuaren kudeaketa eskasaren ondorioz, inolako errurik ez duten 80 haur, nerabe eta familia izango dira klaserik gabe geratuko direnak, gutxienez, urtarrilera arte”.  Maiatzetik jakina den egoera baten aurrean “ezin da horrenbeste denbora pasa soluzio bat bilatzen”, salatu du Eli Murua bozeramaile jeltzaleak: “Ados gaude eskolaren jarraipena bermatzearekin eta kontrola zabaltzearekin, batez ere halakorik berriro gertatu ez dadin; baina ontzat jo ezin daitekeena da kaltetuak haurrak izatea”.

Hori dela eta, udalari eskatu dio beste bide batzuk esploratzeko, “zerbitzuaren kudeaketa zuzena ez delako irtenbide bakarra”. Nahiz eta epe erdira hori izan helburua, gauzatu arte, kontratu berri baten bidea aztertu eta gauzatzea eskatu du, “berme eta segurtasun guztiarekin egin daitekeena, eta hala, ikasleek ez dute kurtsoaren herena galduko, kasurik onenean”, zehaztu du Muruak.

Gaineratu du argi geratzen dela gai hau ez dela lehentasunezkoa izan EH Bildurentzat, “bestela ez da ulertzen nola den posible maiatzetik gaur arte ezer egin ez izana klaseak bermatzeko”. Era berean, ekonomikoki ere gaia “ondo” aztertzeko eskatu du, kostua ia bikoiztea ekarriko lukelako udalak planteatzen duen “irtenbide” honek, eta gaineratu du zehaztu gabe dagoela gainkostu hori udalak hartuko ote duen bere gain edo familien gain eroriko den berriro ere “kudeaketa gabezia hau”.

Protokoloak ere, berrikusi gabe

Bestalde, Muruak aditzera eman du iragarritako protokoloen errebisioa ere ez dela egin: “Ez dugu ulertzen zeren zain dagoen udala”. Eta bide horretan gogorarazi du, ezin direla nahastu bi gauza: Arartekoaren lana eta protokoloen berrikuspena. EAJ-PNV udal taldeak ekainaren 2an, “auzia ezagutu eta berehala” Arartekoaren eta Fiskaltzaren esku utzi zuen kasuaren ikerketa eta adingabeak babesteko legezko betebehar guztiak bete ziren ala ez argitzea, “eta noski, erantzukizun politikoak ere eskatu genizkion alkateari”.

Bide horretan, udal talde jeltzaleak jasotako erantzuna izan zen protokoloak berrikusiko zirela, “baina orain arte ez da ezer egin. Jaso dugun erantzun bakarra izan da Arartekoaren txostenaren zain dagoela udala, eta hori ez da inondik ere onargarria”, zehaztu du Eli Muruak. Gogorarazi du protokoloen berrikuspena egitea udalari dagokiola, eta betebehar hori ez alde batera uzteko exijitu dio EH Bilduri.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...