Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Akordioen legealdian, anbizio handiko egitasmo berritzaileak martxan jartzen ari gara, elkarlanetik, Gipuzkoak dituen erronkei sendotasunez heltzeko”
Diputatu nagusiak eskua luzatu die oposizioko taldeei adostasunak lortzen jarraitzeko, fiskalitatean eta gizarte politiken inguruko jasangarritasunean
Argazkiak...
-
20260924 Politika Orokorra. Eider Mendozaren hitzaldia
Mintzaldia - 2026/09/24
Gaur egin da Gipuzkoako Batzar Nagusietan legealdi honetako Politika Orokorreko azken eztabaida. Bertan, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu egin ditu azken urteotan Gipuzkoak dituen erronkei sendotasunez erantzuteko elkarlanean abian jarritako ekimenak. “Elkarlanaren eta adostasunen legealdia izan da, eta bide beretik jarraituko dugu, baita akordioetatik kanpo gelditu direnekin ere, lurraldearentzako onak diren proiektuak sustatzen”, jakinarazi du Mendozak. Zehazki, neurri fiskal berrien eta gizarte politiken jasangarritasunaren inguruko akordioa lortzeko gonbitea luzatu die oposizioko taldeei, gipuzkoarrentzat neurri onak izango direnaren segurtasunarekin.
Diputatu nagusiak Gipuzkoak parean dituen erronka nagusien errepasoa egiten hasi du hitzaldia. Ongizatea, zainketak, ekonomia, lurralde oreka, etxebizitza, migrazioa eta demokraziaren gaiei erreparatu die, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horietarako markatutako lehentasunak azaldu ditu. “Azken hamarkadan Gipuzkoak aurrerapauso nabarmenak eman ditu ekonomian eta zainketen alorrean, baina oraindik ere lan asko egiten jarraitu behar dugu, badirelako gaizki pasatzen ari diren familiak eta enpresak, eta mundua abiada handian aldatzen ari delako”, argudiatu du.
Zainketen arloan, erreferentzialtasuna eta jasangarritasuna
Zainketen eta Gizarte Politiken alorrean, sistemaren etorkizuna bermatzean jarri du indarra diputatu nagusiak, “prebentzioan, komunitatean eta pertsonalizazioan” oinarritzen den ereduaren erreferentzialtasuna nabarmenduz. Gailendu du 2015. urtetik, ia 5.000 milioiko inbertsioa egin duela Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintza ereduaren aldaketa gauzatzeko. Bide horretan, Foru Aldundiak zaintza eredu berrian aurrera egiten jarraitzen du, baina, aldi berean, jasangarritasuna erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du. Eider Mendozaren hitzetan, hori da “benetako erronka”, eta “arduraz” heldu beharreko gaia, “ahalegin partekatu izugarria eskatzen du eta gehiago eskatuko du etorkizunean”. Testuinguru horretan, Foru Aldundia hirugarren sektoreko eragileekin “kontratu sozial” bat sortzeko lanean ari dela iragarri du, “elkarlanetik, etorkizuneko zainketen inguruko adostasun handia lortzeko”, eta parte hartzeko gonbita luzatu die batzarkide guztiei.
Zaintza eredu berrian eman diren aurrerapausoak errepasatzerako garaian aipatu ditu, baita ere, Zaintza HerriLab ekimen berritzailea, Adinberri Fundazioaren lana, etxeko zainketetan ematen ari diren aurrerapausoak, ebaluaziorako Agentzia eta Gipuzkoa Zainduzen sorrera, edota egoitza sareko berrikuntzak. Horien artean, egoitzetako konfort klimatikoa bermatuko duen hobekuntza-plan bat iragarri du; eta baita ere “erreferentziazkoa” izango den alzheimerraren prebentziorako eta narriadura kognitiboari arreta emateko Donostian egingo den egoitza aitzindari baten eraikuntza.
Era berean, diputatu nagusiak gogorarazi du “eredu aldaketa” hauskortasun edo kalteberatasun egoeran dauden, eta Aldundiak artatzen dituen, beste kolektibo guztiengana ere iritsi dela: izan desgaitasuna, gaixotasun mentala duten pertsonak, babesgabetasun egoeran dauden haurrak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak edo bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden lagunak. Azken horri helduz, azpimarratu du etxegabeen perfila “nabarmen” aldatzen ari dela eta errealitate horri aurre egin behar zaiola modu koordinatuan: babes sistemaren esparruan, “lanaren bidez etorkizun on bat” izan dezaten. Zentzu horretan aldarrikatu du Euskadik funtsezkoak diren eskumenak behar dituela, “oinarrizko beharren kobertura egiten, autonomiarako beharrezko palankak aktibatzen eta komunitate eta laguntza sareak indartzen jarraitu dezagun”.
Industria eta ekonomia berria
Aldundiak finkatuta duen bigarren erronkari helduz, Gipuzkoako industria-ehunaren sendotasuna gailendu du diputatu nagusiak, eta trantsizio teknologiko, energetiko eta digitaletan enpresei laguntzen jarraituko dela nabarmendu du, etorkizuneko sektore estrategikoetan bereziki arreta jarriz. Industriari erreferentzia eginez, gogorarazi du ez dela “sektore soil bat” eta lehiakortasuna mantentzeko “bidelaguntza” beharrezkoa dela. Puntako diren sektoreetan erreferentzia izateko “estrategia osoa hedatu da azken hamarkadan, lurraldeko ekonomia ehunaren eskutik”, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan abiatu direnak.
Horien artean daude MUBIL, ZIUR, kuantika, Deeptech-aren alorra, eta etorkizun laburrera begira abian izango diren bi proiektu estrategiko aitzindariak: Gipuzkoako Fabrikazio Aurreratuaren Campusa berrikuntza eta prestakuntza industriala sustatzea helburu hartuta, batetik; eta bestetik, Biofoundry-en alorra, robotika, adimen artifiziala, softwarea eta biologia molekularra konbinatzen dituzten laborategi automatizatuak.
Azken urteetan eman diren urratsen erakusgarri, proiektu estrategiko berri hau Irunen kokatuta egongo dela jakinarazi du, “Irunen aldeko gure apustua indartuz”. Estimazioen arabera, 1.000 lanpostu sortuko dira datozen urteetan bienzientzien sektorean, “baina apustua ez da kuantitatiboa soilik, kualitatiboki ikaragarria izango delako”, Mendozaren hitzetan: “Gure industriari bata zuria janzteko prozesua ahalbidetzen ari gara”.
Fiskalitatearen alorrean, gipuzkoar sistemaren progresibotasunari aipamena egiteaz gain, nabarmendu du modu estrukturalean ez ezik, koiunturalki ere beharrezko neurriak hartzen direla enpresak finkatu, lanpostuak mantendu eta aberastasuna banatzeko. Horren adibide gisa kokatu du iaz onartu zen erreforma fiskala, Ekialde Hurbileko gerrateek sor zitzaketen ondoriok leuntzeko neurri sorta, edota Batzar Nagusi hauetara ekarriko den neurri fiskal multzo berria. “Oinarri sendoa dute eta borondatea dugu denon artean adostasun onak lortzeko”, eskua luzatu du diputatu nagusiak.
Era berean, gaineratu du Gipuzkoaren egoera finantzario “sendoak” aukera ematen duela behar denean enpresei eta familiei laguntzeko neurriak azkar aktibatzeko. Ildo horretan adierazi du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zorra ia erdira murriztu dela azken hamarkadan, eta Ticket Bai sistemaren ezarpena ere lurraldearen digitalizazioan emandako beste urrats gisa nabarmendu du.
Beste alde batetik, Mendozak azpimarratu du bide-azpiegiturek funtsezko eginkizuna dutela herritarren egunerokoa hobetzeko eta Gipuzkoako ekonomiaren lehiakortasuna indartzeko. Zentzu horretan, azken urteotan egindako inbertsioen errepasoa egiteaz gain, Bidasoaldeako jarduketak eta Andoaingo N-I eta A-15aren arteko lotura berria nabarmendu ditu.
Herri txikietan ere “proiektu sendoak” burutzen ari direla zehaztu du, jasotako eskaerei erantzunez, eta guztira, 7,5 milioi euroko inbertsioa egingo dela. Aldi berean, errepide-sarearen digitalizazioan eta segurtasunean aurrera egiten ari dela azaldu du eta bidegorrien inguruan, “urrats esanguratsuak” eman direla, legealdia amaitzerako 440 kilometroko sarea osatuko delako. Bestalde, diputatu nagusiak garraio publikoaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua berretsi du. Lurraldebusen erabilera nabarmen hazi dela adierazi du, 2015eko 22,7 milioi bidaietatik 2025eko 31,2 milioietara, eta 2026an zerbitzuan inoizko inbertsiorik handiena egin dela, 68,4 milioi eurorekin.
Administrazio “eraginkor eta eraldatzailearen” aldeko apustua berretsi du Mendozak, lurraldeari eta bertako eragileei onura ekarriko diena, enpresen eta familien ondoan egonda, eta Gipuzkoaren lehiakortasunerako funtsezkoak diren azpiegiturak defendatu ditu. Ildo horretan, Abiadura Handiko Trenaren lanak azkartzeko eskatu dio beste behin Espainiako Gobernuari, “Gipuzkoak eta Euskadik ezin dutelako gehiago itxaron” eta proiektuak lurraldearen egituraketan, ekonomiaren sendotzean eta deskarbonizazioan duen garrantzia berretsi du.
“Elkarlana” etxebizitzaren auziari aurre egiteko
Mendozak etxebizitzaren arazoari aurre egitea Gipuzkoako Foru Aldundiaren agenda politikoaren “lehen lerroan” dagoela azpimarratu du. Azken erreforma fiskalean etxebizitza alokatzeko eta, batez ere, erosteko, hobariak handitu direla gogoratu. Hala, azken errenta kanpainan, 165.877 zergaduni 206 milioi euroko laguntza eman zaie. Eta, aldi berean, 1.000 biztanletik beherako herrietan 50 etxebizitza sustatzeko programa garatzen ari dela nabarmendu du, herri txikietan gazteen bizi-proiektuak eta belaunaldi-erreleboa bultzatzeko. “Apustu politiko sendoa dago guzti honen atzean”, defendatu du.
Lurralde oreka, berrikuntza eta kohesiotik
Eider Mendozak Gipuzkoa berdearen eta urbanoaren arteko oreka defendatu du, bi errealitateak lurraldearen nortasunaren eta etorkizuneko garapenaren osagarri direla azpimarratuz. Ildo horretan, landa-eremua eta lehen sektorea berritzeko eta belaunaldi-erreleboa sustatzeko egindako lana nabarmendu du, besteak beste, Gaztenek, LandaGO eta Zerbitzu Ekosistemikoen programen bidez. Era berean, Basotik Fundazioaren jarduera azpimarratu du: dagoeneko 200 kontratu baino gehiago sinatu direla eta 1.600 hektarea baso kudeatzen dituela gogoraraziz, basoen abandonua saihestu eta lurraldearen paisaia, biodibertsitatea eta sute-arriskuen prebentzioa indartzeko, besteak beste.
Beste alde batetik, lehortearen ondorioei aurre egiteko laguntza-lerro berri bat ere ari da lantzen Foru Aldundia, sindikatuekin batera. 1,5 milioi euroko deialdi batekin lehen sektorea babesten jarraituko da, behar nagusiak identifikatu eta klima aldaketaren ondorioei elkarrekin erantzuteko.
Klima-aldaketaren aurrean, Gipuzkoak estrategia integrala garatu du Gipuzkoa Klima 2050 planaren bidez. Azken urteotan, Naturklimak 40.000 tona karbono konpentsatu ditu, eta 82 energia-komunitate eratu dira 67 udalerritan, 13.000 familiaren parte-hartzearekin. Era berean, hondakinen gaikako bilketa %49tik %60ra igo da 2015etik, eta Gipuzkoak bere hondakinak lurraldean bertan kudeatzeko gaitasuna sendotu du, arazo zena aukera bilakatuz: “gure hondakinak beste lurralde batzuetara bidali beharrean punta-puntako azpiegiturak ditugu, zabortegien garaia atzean utzita”.
Gipuzkoa berria
Hitzaldiaren azken atalei helduz, Gipuzkoa “ondo errotuta eta nazioartera zabalik dagoen herri txikia” dela esan du Mendozak, “ezberdinen arteko koexistentzia batetik benetako bizikidetzara” igarotzearen beharra azpimarratuz. “Erronka da nola eraikitzen dugun aniztasunetik abiatuta gizarte kohesionatu bat, elkarrekin bizitzen dakiena, konfiantzazkoa eta nortasun propioa duena”, ondorioztatu du, “aukerak eskaintzen dituen herria delako gurea, komunitate bat garela ulertzen duen lurraldea”.
Demokrazian ere, aurrera
Gipuzkoa indar komunitario handiko lurraldea da, 8.000 elkarte inguruk eta milaka herritarrek osatutako ehun sozial bizi eta sendoarekin. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetzazko gobernantzaren aldeko apustua sendotu du legealdi honetan, herritarrekin, gizarte eragileekin eta erakundeekin elkarlanean herri politikak eraikitzeko. Horren erakusgarri dira, esaterako, Batzar Nagusietan lortutako akordioak, tartean azken bi aurrekontuak eta erreforma fiskala onartzekoak. Eskerrak eman dizkie akordioak lortzeko borondatea izan duten bi alderdiei, “lurraldea lehenetsi dutelako siglen gainetik”, eta “tamalez” oroitu du badela batzarkide talde bat “adostasun nagusietatik kanpo gelditu dena bere borondatez”. Ildo horretan, azpimarratu du “herrigintzan bakoitzak aukeratzen duela bere lekua eta ekarpena”.
Mendozak azaldu duenez, foru gobernuak “Gipuzkoan sendotzen ari den elkarlanaren kultura lehenesten du, desberdinen artean hitz egitea, adostasunak bilatzea eta lurraldearen interesak alderdien interesen gainetik jartzea”. Hori dela eta, beste behin, gonbitea luzatu die foru aurrekontuei emandako “hamaika ezezko horiek hamaika bakarrik izatea, hamaika zifra mugatua eta ez hamaika hitzaren euskarazko adiera mugagabea”.
Azkenik, demokrazia eguneroko jardunaren bidez defendatzeko beharra azpimarratu du diputatu nagusiak, erakundeen arteko lankidetza, herritarrekin elkarrizketa, gardentasuna eta gobernu ona sustatuz eta gorrotoaren, demagogiaren, populismoaren eta autoritarismoaren diskurtsoak baztertuz. Ildo horretan, autogobernuaren eta euskal erakundeen eskuduntzen defentsa ere demokraziaren sendotzearekin lotu du, eta euskararen biziberritzean aurrera egiteko adostasunak, berrikuntza eta lankidetza behar direla nabarmendu du. “Demokrazia defendatzeak berekin dakar gure herriaren autogobernurako tresnak eta gure hizkuntza propioa defendatzea”, ondorioztatu du.
Nabarmenak...
Bergara
2026/09/23
Berria
2026/09/12
Andoain
2026/09/11
EBB
2026/08/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




