Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/11

Mikel Urdangarinek “auzoak, pertsonak eta etorkizuna” ezarri ditu EAJ-PNVren jardun politikoaren ardatz eta Andoain gobernatzeko beste modu bat aldarrikatu du

Egungo udal-gobernuaren blokeoa eta kudeatzeko gaitasun falta salatu ditu hautagai jeltzaleak, eta “ezetzaren” politikaren aurrean, “baiezkoan, irtenbideetan eta akordioetan” oinarrituko den EAJ-PNV aldarrikatu du.

EAJ-PNVk “ANDOAIN, ZUREKIN BATERA” ekimena jarri du martxan, eragileekin eta herritarrekin batera Andoainerako proiektua eraikitzeko entzute eta parte-hartze prozesua.
Mikel Urdangarinek “auzoak, pertsonak eta etorkizuna” ezarri ditu EAJ-PNVren jardun politikoaren ardatz eta Andoain gobernatzeko beste modu bat aldarrikatu du

Mikel Urdangarin Castrok gaur aurkeztu ditu EAJ-PNVk, Andoaini “bultzada berri bat” emateko eta azken urteetako gobernatzeko moduaren aurrean, alternatiba eskaintzeko proiektuaren ildo nagusiak. Proiektuak hiru ardatz nagusi izango ditu: auzoak, pertsonak eta etorkizuna, eta, azaldu duenez, uste sendo batetik abiatzen da: Andoain gobernatzeko beste modu bat badago, eta badago alternatiba.

Ekitaldian, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren eta Euge Arrizabalaga GBBko presidentearen babesa izan du. Goikoplazan egindako ekitaldian, Urdangarinek kudeaketan, plangintzan, entzutean eta irtenbideak bilatzean oinarritutako eredua aldarrikatu du, Andoainek gaur egun bizi duen “blokeoaren” aurrean. Argi adierazi du, “Andoainek bultzada berri bat behar du. Horregatik hartu nahi dugu lidergoa geure gain; ez soilik ondo kudeatzeko, baita gaur egungo arazoei aurre egiteko eta etorkizunari anbizioz begiratzeko ere”, adierazi du.

Hautagai jeltzaleak hiru lehentasunetan laburbildu du alternatiba hori: auzoak, udalaren egunerokotasunean daudenak, pertsonak, politika publikoen erdigunean kokatuko direnak eta Andoainen beharrak aurreikusteko gai izango den etorkizuneko begirada.

Andoain geldirik dago: hitzak eta konpromisoak egi bihurtu behar dira

Urdangarin bereziki kritiko agertu da egungo udal-gobernuaren kudeaketarekin eta legealdian konprometitutako hainbat proiekturen egoerarekin. “Andoain geldirik dago. Eta ez da sentsazio hutsa. Kalean ikusten da, eta auzokideekin hitz egiten dugunean entzuten dugu”, adierazi du.

EAJ-PNVren hautagaiak gogorarazi du EH Bilduren udal-gobernuak hainbat konpromiso hartu zituela, horietako batzuk 2024an eta 2025ean EAJ-PNVrekin lortutako akordioetan jasotakoak, epeak eta finantzaketa zehaztuta zituztenak. Baina, 2027aren atarian proiektu nagusietako batzuk gauzatu gabe jarraitzen dutela salatu du.

Horien artean aipatu ditu Allurralde kiroldegia handitzeko proiektua, oraindik obra lizitatu gabe dagoena; Illarramendiko udal zerbitzuen pabiloia, non honen proiektua berriro hasi beharko den, Gobernuak planteamenduan arazoak eta aurrekontuaren igoera aitortu ostean; eta udal-liburutegi berria, legealdi honetarako iragarritako proiektuetako bat, baina oraindik lursaila erosi gabe, proiektua idazten hasi gabe eta hirigintza-izapidetzea abiatu gabe dituena.

“Gobernatzea konpromisoak hartzea da, baina, batez ere, betetzea. Herritarrek ez dituzte iragarkiak behar, emaitzak baizik. Ez dituzte promesak behar, emandako hitza betetzea baizik”, azpimarratu du Urdangarinek. Egoera horren aurrean, “lehentasun argiak eta plangintza” izango dituen kudeaketa defendatu du, “zorroztasunean, seriotasunean, determinazioan eta anbizioan” oinarritutakoa. “Andoainek ideia argiak eta lan-plana dituen talde bat merezi du; erabakiak hartzeko gai den Gobernu bat eta etorkizunari anbizioz begiratuko dion proiektu bat”, adierazi du.

EZETZAREN aurrean, gu BAIETZEAN egongo gara

Urdangarinek konfrontazioaren logika alde batera utzi eta irtenbideak bilatzera bideratutako politika egitearen alde egin du. Hautagai jeltzaleak Andoainek aurrean duen erronka nagusietako batekin irudikatu du hori: mugikortasunarekin eta N-1aren eta A-15aren arteko loturak sortzen dituen arazoekin. “Gu ez gaude pankartan, ezta beti ezetz esaten ere. Ez gara konfrontazioan eroriko, eta ez dugu populismorik egingo. Ezetzaren aurrean, gu baietzean gaude. Irtenbideetan gaude”, adierazi du.

Ikuspegi horretatik, Urdangarinek Andoainerako irtenbide integrala defendatu du, jarduketa bakarrera mugatuko ez dena eta udalerri osoa eta haren auzo guztiak kontuan hartuko dituena. “Bai lotuneari. Bai Mimendi estaltzeari. Bai Belkoain babesteari. Bai udalerrirako sarbide berriak sustatzeari. Bai Allurraldeko bihurgunea hobetzeari. Bai Sorabillari. Bai Andoain osoa hobetzeari”, zerrendatu du.

Hala, Urdangarinek babesa adierazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako loturari, eta, aldi berean, ikuspegi orokor batetik beharrezkoak diren hobekuntzak txertatzeko lan egiteko konpromisoa hartu du. “Adi egongo naiz hobekuntzak proposatzeko eta beharrezkoak diren aldaketak defendatzeko, betiere lehentasun bakar batekin: Andoain eta andoaindarrak”.

Hautagaiaren arabera, jarrera horrek laburbiltzen du Udalera eraman nahi duen politika egiteko modua: “Arazoen aurrean, irtenbideak; konfrontazioaren aurrean, lankidetza; eta etengabeko ezetzaren aurrean, bai Andoaini”.

“Andoain, zurekin batera”: Andoain entzunez eraikitzea proiektua

Urdangarinek azaldu du gobernatzeko modu berri hori hemendik aurrera hasiko dela, hauteskunde-programa osatu aurretik. Horretarako, EAJ-PNVk “Andoain, zurekin batera” jarri du martxan, herritarrekin batera bere proiektua eraikitzeko entzute eta parte-hartze prozesua.

“Ez dugu bulego batetik erabaki nahi Andoainek zer behar duen. Andoaindarren kezkak, ideiak eta proposamenak ezagutu eta entzun nahi ditugu, eta, hala, bide hau elkarrekin eraiki”, azaldu du.

Prozesua datorren astean hasiko da kirol-, kultura- eta gizarte-eragileekin edukiko dituen bileretan, baita udalerriaren eguneroko bizitzaren parte diren beste kolektibo batzuekin ere. Urritik aurrera, EAJ-PNVk Andoaingo auzo guztiak bisitatuko ditu haien beharrak eta proposamenak zuzenean ezagutzeko.

Horrez gain, alderdi jeltzaleak galdetegi bat jarri du martxan, formatu digitalean zein paperean eskuragarri: https://labur.eus/AndoainZurekinBatera parte hartzeko bideak zabaltzeko asmoz.

“Kalea zapaldu nahi dugu, jendearekin egon, aurrez aurre hitz egin eta, batez ere, entzun. Bide hau zure ideiekin, zure ekarpenekin eta zure proposamenekin egin nahi dugu. Andoain, zurekin batera”, adierazi du Urdangarinek.

Auzoak, pertsonak eta etorkizuna, Andoaini bultzada berri bat emateko

Hautagaiak hiru kontzepturen inguruan kokatu du proiektu osoa: auzoak, pertsonak eta etorkizuna. “Ezin da lehen eta bigarren mailako auzorik egon” defendatu du, eta lehentasunen artean kokatu ditu irisgarritasuna, hiri-mantentzea, aparkalekuak, segurtasuna, bizikidetza eta ingurunearen zaintza.

Pertsonen ardatzean, Urdangarinek etxebizitza erabateko lehentasun gisa kokatu du, zaintza-politikak indartzearekin, kontziliazioarekin, gazte eta nerabeentzako aukerekin, kulturarekin eta euskararekin batera.

Eta, etorkizunari begira, azpimarratu du Andoainek ezin duela gehiago itxaron Allurralde handitzea, udal-liburutegi berria eta Illarramendiko zerbitzuen pabiloia bezalako proiektu estrategikoei heltzeko, klima-aldaketa, trantsizio energetikoa eta tokiko ekonomiaren sustapena bezalako erronkekin batera.

Hori guztia, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean arituko den Udal “proaktibo” batetik izango dela gaineratu du, baliabideak lortzeko, proiektuak bultzatzeko eta aukerak baliatzeko. “Auzoak. Pertsonak. Etorkizuna. Hiru hitz eta helburu bakarra: Andoain hobea eraikitzea”, laburbildu du Urdangarinek.

Urdangarinek ekimena eta konfiantza berreskuratzeko gai izango den proiektu bat aldarrikatuz amaitu du bere hitzaldia: “Andoainek talde sendoa, konprometitua eta ilusioz betea merezi du. Ideia argiak dituen talde bat, plan baten arabera lan egingo duena eta gobernatzeko prest egongo dena. Andoain gobernatzeko beste modu bat badago. Badago alternatiba”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...