Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk neurri berriak proposatu ditu hiri-autobusaren erabilera handitzeko eta zerbitzuaren funtzionamendua aztertzeko batzordea eskatu du
Jeltzaleek proposatu dute geltokiak hobetu eta behar bezala seinaleztatzea, komunikazioa indartzea eta geltoki berriak aztertzea, besteak beste Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeen inguruan
Hondarribiko EAJ-PNVk uste du Udal Gobernuak argitaratutako hiri-autobusaren erabilera-datuek erabiltzaile kopurua handitzeko neurri berriak martxan jartzeko balio behar dutela, eta ez zerbitzuaren erabilera berez handituko denaren zain egoteko.
Horregatik, talde jeltzaleak batzorde bat deitzeko eskatu du, zerbitzua martxan jarri zenetik izan dituen erabilera-datuak zehatzago ezagutzeko eta haren funtzionamendua aztertzeko. “Zerbitzu berria da eta logikoa da egokitzapen-aldi bat behar izatea, baina, hain zuzen ere, horregatik aztertu behar dugu zer ari den ondo funtzionatzen eta zer egin dezakegun jende gehiagok erabil dezan. Ezin gara autobusa martxan jarri eta erabilera berez handituko denaren zain geratu: aktiboki lan egin behar dugu erabilera handitzeko”, adierazi du EAJ-PNVk.
Ildo horretan, EAJ-PNVk neurri zehatzak proposatu ditu. Besteak beste, egungo geltokiak hobetu eta behar bezala seinaleztatzea, aurreko aurrekontuetan ere talde jeltzaleak eskatu izan duen neurri bat; komunikazioa modu jarraituan indartzea, zerbitzua martxan jarri zenean egindako buzoneoaz harago; eta kokaleku estrategikoetan geltoki berriak ezartzeko aukera aztertzea, hala nola Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeen inguruan, familien eta ikasleen eguneroko joan-etorriak errazteko.
Talde jeltzaleak, halaber, datuak geltokien, ordutegien eta ibilbideen arabera aztertzea proposatu du, hobetu beharreko alderdiak identifikatu eta zerbitzua herritarren benetako beharretara egokitzeko.
EAJ-PNVren ustez, planteamendu horrek Udal Gobernuaren aldetik autokritika handiagoa ere eskatzen du. “Datuen berri komunikabideen bidez izan dugu, aurrez informazio hori eskatu genuen arren. Uste dugu Udal Gobernuak lehen hilabete hauek zerbitzua modu kritikoan ebaluatzeko eta hobetzeko neurri zehatzak mahai gainean jartzeko baliatu beharko lituzkeela, emaitzen balorazio autokonplazientea egitea baino”, adierazi du talde jeltzaleak.
Europako Mugikortasun Astearen testuinguruan, EAJ-PNVk azpimarratu du erronka ez dela soilik autobusa martxan jartzea, baizik eta gero eta hondarribiar gehiagok ohiko joan-etorrietan erabiltzea.
Nabarmenak...
Berria
2026/09/12
Andoain
2026/09/11
EBB
2026/08/28
Gipuzkoa
2026/07/31
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS




