Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/16

“EH Bilduk asko hitz egiten du etxebizitzaz, baina oso gutxi egin: arrasatearrentzako 168 etxebizitza berri blokeatuta dauzka”

Arrasateko EAJ-PNVk iragarpenetatik ekintzetara pasatzeko eta La Mercedeko (67 etxebizitza) eta Polmetasako (101 etxebizitza) proiektuak aurrera ateratzeko eskatu dio Udal Gobernuari.
“EH Bilduk asko hitz egiten du etxebizitzaz, baina oso gutxi egin: arrasatearrentzako 168 etxebizitza berri blokeatuta dauzka”

Arrasateko EAJ-PNVk EH Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio beharrezko urratsak bizkortzeko, udalerrian egin daitezkeen babes ofizialeko, tasatutako eta zuzkidura-bizitokiko 168 etxebizitzak lehenbailehen errealitate bihur daitezen.

“EH Bilduk asko hitz egiten du etxebizitzaz, baina gutxi egiten du. Aukera zehatzak ditugu mahai gainean eta, 2026ko irailean, Udalaren esku dauden erabaki garrantzitsuak hartu gabe jarraitzen dute”, adierazi du Ander Garay EAJ-PNVko bozeramaileak.

La Merceden 67 zuzkidura-bizitoki egiteko aukera dago. Eusko Jaurlaritzak aspaldi adierazi zuen proiektua garatzeko prest zegoela, baina horretarako Udalak eraikinaren jabetza eskuratu behar du lehenik eta, ondoren, Jaurlaritzari laga.

“Jabetza eskuratuko zela esan zen, baina oraindik zain gaude. Udalak urrats hori ematen ez duen bitartean, 67 etxebizitza horiek ezin izango dute aurrera egin”, ohartarazi du Garayk.

Polmetasa zaharreko lurretan, berriz, udal-jabetzako lursail batean babes ofizialeko 66 etxebizitza eraiki daitezke. Kasu honetan ere, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak eraikitzeko prestutasuna adierazi du, baina horretarako Udalak lursaila Jaurlaritzari laga behar dio aldez aurretik.

EAJ-PNVk 2025eko urtarrilean eskatu zuen jada lagapen hori egitea. “Zarautz, Urnieta, Gasteiz, Andoain edo Errenteria bezalako udalerriek dagoeneko laga dizkiote lurrak Eusko Jaurlaritzari babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko. Arrasaten, berriz, argazkiak eta iragarpenak baditugu, baina ezinbesteko urratsa egin gabe jarraitzen dute”, kritikatu du Garayk.

Horrez gain, Polmetasan beste 35 etxebizitza tasatu egiteko aukera dago, sustatzaile pribatu baten lursailean. EAJ-PNVk proposatu du Udalak sustatzailearekin harremanetan jar dadila etxebizitza horien eraikuntza bultzatzeko eta, sustatzaileak aurrera egiteko asmorik ez badu, lursaila erosteko aukera azter dezala, ondoren Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean etxebizitza tasatuak sustatzeko.

“Aukera guztiak aztertu behar dira. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu gero eta arrasatear gehiagok etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzten bitartean”, defendatu du Garayk.

“Eremu tentsionatu izendatzea ez da nahikoa”

EAJ-PNVren ustez, Arrasate etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremu izendatzea ez da nahikoa, neurri horrekin batera etxebizitza eskuragarri berriak eraikitzen ez badira.

“Duela ia bi urte esan genuen etxebizitzak eraiki behar zirela. Bi urte geroago, ia puntu berean jarraitzen dugu. Etxebizitzaren arloan adierazpen gutxiago eta ekintza gehiago behar dira”, adierazi du bozeramaile jeltzaleak.

EAJ-PNVk gogorarazi du, gainera, 2015 eta 2023 artean, alderdi jeltzaleak gidatutako udal gobernuekin, babes ofizialeko 170 etxebizitza eta Grupo San Juanen 12 zuzkidura-bizitoki eraiki zirela.

Era berean, gazteen emantzipazioa errazteko 60.000 euroko dirulaguntza lerroa jarri zen martxan; gaur egun, berriz, EH Bilduren Udal Gobernuak 5.000 euroko partida baino ez du aurreikusten.

“Guk erakutsi genuen borondatea, plangintza eta lana daudenean aurrera egin daitekeela. Arrasatek beste aukera handi bat dauka orain 168 etxebizitza hauekin, eta ezin dugu alferrik galdu”, adierazi du Garayk.

Horregatik, EAJ-PNVk hiru urrats zehatz eskatu ditu: La Mercedeko jabetza eskuratzea, Polmetasako udal-lursaila Eusko Jaurlaritzari lagatzea eta 35 etxebizitza tasatuak sustatzeko beharrezko kudeaketak abiatzea.

“Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da. Etxebizitzaren gaiak anbizioa, seriotasuna eta lana eskatzen ditu. Hori da EH Bilduren Udal Gobernuari eskatzen dioguna”, amaitu du Ander Garayk.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...