Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/16

Getariako EAJ-PNVk Turismo Egonaldien gaineko Zerga ezartzea proposatu du, udal zerbitzuak hobetzeko eta etxebizitzen ohiko alokairua sustatzeko

Talde jeltzaleak Getariako errealitatera egokitutako ordenantza fiskalaren proposamena erregistratu du. Herriak 524 ostatu-plaza inguru eta 2.906 biztanle ditu, eta turismo-intentsitatea %18 ingurukoa da.
Getariako EAJ-PNVk Turismo Egonaldien gaineko Zerga ezartzea proposatu du, udal zerbitzuak hobetzeko eta etxebizitzen ohiko alokairua sustatzeko

Getariako EAJ-PNVk Turismo Egonaldien gaineko Zerga arautzeko Ordenantza Fiskalaren proposamena erregistratu du Udalean. Helburua da turismo-eredu jasangarri, arduratsu eta kalitatezko baterantz urratsak egitea, eta turismo-jarduerak udalerriarentzat eta getariarrentzat zuzeneko itzulera izan dezan lortzea.

Talde jeltzaleak gogorarazi du turismoa jarduera ekonomiko garrantzitsua dela Getariarentzat, baina, aldi berean, presio handiagoa eragiten duela hainbat zerbitzutan, hala nola garbiketan, hondartzen mantentze-lanetan, mugikortasunean, aparkalekuan, espazio publikoan, ondarean edo bizikidetzan. Horregatik, EAJ-PNVk nabarmendu du proposamenaren helburua dela jarduera horrek eragindako kostuak modu proportzionalean konpentsatzea eta lortutako baliabideen zati bat udalerria hobetzera bideratzea.

Ekimenak, gainera, Getariaren errealitate zehatza hartzen du kontuan. Proposamenean jasotako azken datuen arabera, udalerriak 524 ostatu-plaza inguru ditu 2.906 biztanlerentzat, eta turismo-intentsitatea %18 ingurukoa da. Ordenantzak zenbateko desberdinak planteatzen ditu ostatu motaren arabera: 0,50 euro egonaldi-unitateko nekazaritza-turismoko establezimenduetan eta 4,50 euro bost izarreko hoteletan. Erabilera turistikoko etxebizitza osoen kasuan, ekarpena 6 eurokoa izango litzateke, eta logelaka lagatzen diren etxebizitzen kasuan, berriz, 5 eurokoa. Pertsona eta egonaldi jarraitu bakoitzeko gehienez sei egonaldi-unitate ezartzen dira.

EAJ-PNVk erabilera turistikoko etxebizitzek ekarpen handiagoa egitea proposatu du, bi helbururekin: alde batetik, modalitate horrek sortzen duen eraginarekiko ekarpen proportzionalagoa egitea; eta, bestetik, etxebizitza gehiago ohiko alokairura bideratu ahal izatea sustatzea. Talde jeltzalearen ustez, turismo-politikak getariarrei etxebizitza eskuratzen lagundu behar die, eta Getaria urte osoan bizitzeko herria izaten jarrai dezan lagundu.

EAJ-PNVk proposatu du bildutako dirua turismoaren eraginarekin lotutako beharretara bideratzea lehentasunez: %25 garbiketara, hondartzetara eta hondakinetara; %20 mugikortasunera, aparkalekuetara eta garraiora; %15 espazio publikora, irisgarritasunera eta mantentze-lanetara; beste %15 ondarera, alde zaharrera, portura eta paisaiara; %10 etxebizitza turistikoen jarraipenera eta bizikidetzara; %10 segurtasunera eta babes zibilera; eta %5 datuetara, gardentasunera eta komunikaziora. Horrez gain, urtero jarraipen-memoria publiko bat egitea planteatzen du, bildutako diruaren eta finantzatutako jarduketen berri emateko.

Getariako EAJ-PNVren iritziz, helburua turismo-jarduera herritarren bizi-kalitatearekin bateragarri egitea da, turismoaren hazkundea antolatuz eta Getaria bisitatu eta herriaz gozatzen dutenek zerbitzu eta espazio publikoak mantentzen eta hobetzen ere lagunduko dutela bermatuz. Proposamenaren arabera, ordenantzak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera izan ditzake ondorioak, behin betiko onartu eta argitaratu ondoren.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...