Alderdi Eguna 2026

Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/09/16

Zestoako EAJ-PNVk jaietako giro ona baloratu du, baina hobekuntzak eskatu ditu

Jeltzaleek nabarmendu dute, oro har, jaiak giro positiboan eta errespetuzkoan igaro direla; hala ere, kezka agertu dute ordutegien ez-betetzeagatik eta adingabeen alkohol kontsumoagatik, irailaren 8ko gauean izandako indarkeria gertakaria gaitzetsi dute eta adin guztientzako musika eskaintza anitzagoa eskatu dute.
Zestoako EAJ-PNVk jaietako giro ona baloratu du, baina hobekuntzak eskatu ditu

Zestoako EAJ-PNV udal taldeak herriko jaien inguruko balorazioa egin du. Oro har, jaiak giro onean eta errespetuan oinarrituta igaro direla uste dute jeltzaleek, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete jaiak posible egiteko lanean aritu diren pertsona guztiei, baita egun hauetan izandako parte-hartzea eta giroa nabarmendu ere.

Hala ere, EAJ-PNVrentzat balorazio arduratsu batek hobetzekoak diren alderdiak ere azpimarratzea eskatzen du, datozen urteetako jaiak hobetzen jarraitzeko. Zentzu horretan, hiru gai nagusi identifikatu dituzte: arauak betetzea eta adingabeen babesa, edozein indarkeria gertakariren aurrean jarrera irmoa izatea eta musika eskaintza anitzagoa egitea.

Lehenik eta behin, EAJ-PNVk kezka agertu du txosnetan eta ostalaritza establezimendu batzuetan ezarritako ordutegiak ez betetzeagatik. Jeltzaleen ustez, jai giroak ezin ditu normaltzat hartu egunerokoan onargarriak izango ez liratekeen egoerak.

“Jaiak gozatzeko dira, baina hori guztiz bateragarria da oinarrizko bizikidetza arauak errespetatzearekin. Kezkatzen gaitu ordutegi jakin batzuk ez betetzea urtez urte normalizatzen ari delako, eta guztion artean hausnartu beharreko gaia dela uste dugu”, adierazi du Garikoitz Mendizabal EAJ-PNVko bozeramaileak.

Kezka berezia sortzen die adingabeen alkohol kontsumoak eta alkoholera duten sarbideak. “Ezin dugu beste aldera begiratu adingabeen eta alkoholaren inguruan hitz egiten dugunean. Arduraz jokatu behar dugu, eta inplikatutako eragile guztien konpromisoa beharrezkoa da. Gure gazteentzako ere jaiak gune seguruak izan behar dira”, gaineratu du Mendizabalek.

Indarkeria gertakariak ez du lekurik jaietako balioetan

EAJ-PNVk irailaren 8ko gauean gertatutako indarkeria gertakaria ere aipatu nahi izan du, “onartezintzat” jo duena. Talde jeltzaleak uste du halako gertakari batek Udalaren erantzun argia eskatzen duela, eta indarkeria mota horiek gaitzesten dituen adierazpen instituzionalarekin bat egiten du.

Era berean, elkartasuna adierazi nahi diote erasoa jasan duen pertsonari eta haren familiari, eta zestoarrei gertatutakoa argitzeko laguntza eskatu diete. “Isiltzea ez litzateke aukera bat izan behar”, adierazi dute.

“Txupinazoan partekatzen ditugun balioei buruz hitz egin zen, eta horiek izan behar dute gure jaiak definitzen dituzten oinarriak. Edozein indarkeria gertakari guztiz bateraezina da balio horiekin. Udalak argi hitz egin behar duela uste dugu: Zestoan pertsona guztiek askatasunez, lasaitasunez eta errespetuz gozatzeko moduko jaiak nahi ditugu”, azaldu du Mendizabalek.

Adin guztietarako musika eskaintza anitzagoa

Azkenik, jeltzaleek uste dute aurten musika eskaintzaren aukeraketan ez dela erabat asmatu. Haien iritziz, DJen presentzia gehiegizkoa izan da eta faltan sumatu dira belaunaldi desberdinetako pertsonak kale eta plazetan elkartzeko gai diren erromeria gehiago.

Ildo horretan, EAJ-PNVk igandean erromeria musikak izan zuen harrera ona nabarmendu du, eta esperientzia hori datozen urteetako jaietarako erreferentzia izan beharko litzatekeela uste du.

“Zestoak adin guztietarako tokia izango duten jaiak behar ditu. Gure ustez, gutxienez bi egunetan erromeria taldeak egon beharko lirateke, eta musika eskaintza orekatuagoa izan beharko litzateke, gazteengana ez ezik, heldu eta adinekoengana ere iristeko”, azaldu du bozeramaile jeltzaleak.

EAJ-PNVk defendatzen du jaiak antolatzeko parte-hartze eredua positiboa dela eta tresna garrantzitsua izaten jarraitu behar duela. Hala ere, gogorarazi du programaren prestaketa prozesuan parte hartzeak ez duela bermatzen, berez, azken emaitza herritarren sektore guztietara iristea.

“Herritarrak entzutea eta parte-hartzaile egitea ezinbestekoa da, baina ondoren programa bere osotasunean aztertu behar da, eta galdetu ea benetan adin guztientzako aukerak eskaintzen ari garen. Horixe izan behar da helburua: jai parte-hartzaileak, anitzak eta seguruak izatea, Zestoa osoa parte sentitzeko modukoak”, amaitu du Garikoitz Mendizabalek.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...