Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/07/28

Denontzako festak, gora Saninaziyuek!

Azpeitia herri festazalea dela garbi dago, eta azpeitiarrak gehiago. Herrian, bide horretan, nabari da festa giroa, usaina, dardara… egun gutxi falta dira-eta gure Patroiaren festa nagusietarako.
Denontzako festak, gora Saninaziyuek!

Festek, ordea, lan handia izaten dute atzetik. Ez dira hutsean data bat. Hilabete pila lehenago, bilerak, aurrekontuak, aurreikuspenak… lan asko izaten dute. Eta hori ederki dakite gure herrian dauden festa batzorde guztiek, auzo desberdinetako festa batzordeek. Beraiek eta beraien lana gabe, nekez izango genuke gure herrian horrelako giroa.

Hori eskertu beharra dago, eta aurten beraiek, denek elkarturik, Saninaziyotako txupinazoa botatzea pozten gaitu. Aitortza polita da hau, zorionak denei!

Festa batzorde herrikoyek egindako lanez gain, ordea, Udalak badu bere ardura eta antolaketan erabakimena, hortik gure hausnarketatxo hau:

Trainerutan bezala, garrantzitsua aurrera joatea da, indarrez, denok batera, patroiaren aginduan, baina arraunlariek atzera begira egiten dute arraun. Atzeak erakusteen baitu aurrea nola dantzatu.

Horregatik, aurreko urteetako hausnarketetatik ere gauza asko errepikatzen direla esan behar dugu, ez da gehiegi ikasi. Saninaziyoak dira gureak, baina Inazio bera ez da agertzen inon programan. Harrigarria!

Programa bera, argazki eta ekintza aukeraketan, Ezker Abertzalearen aldarrikapen gune, eta gizartearen zenbait sektore eta adin tarteei bakarrik bideratutako bildumatxoa dela ere esan daiteke aspalditik. Hara! Beste hizkuntzetan eskuratzeko ere QRa bakarrik eskaintzen baita… garbi dago arrakala digitalak kanpo laga dituenak ere, kanpo geratzen direla programan.

Aurtengoan, hori bai, zezen txikien entzierroa izango da berriro, eta eskertzeko da aspaldiko partez. Hori gozatu ahal izango dute gaztetxoek. San Fermin txiki egunean kartoizkoekin egin izan zutena, polemika pilpilean, oraingoan bigantxekin. Honekin, aipatu behar dugu San Fermin txiki formatu berriak ere oso harrera ona izan duela herrian, eta gure eskerrik beroena luzatu nahi diegu soka-mutil taldeari, hori antolatzeagatik. Datozen urteetan sendotu eta laguntza gehiagorekin antolatu beharreko ekintza hori ere. Apuntatzeko!

Festetan, pertsona askoren lana dago atzetik, eta norbanako zein talde guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, egun zoragarriak pasarazteagatik eta Azpeitia mapan jartzen laguntzeagatik.

Baita, txukuntasuna, garbitasuna eta segurtasuna bermatzen egoten diren udal-langile guztiei. Festetan luzimendu ederra izan behar duten guneek (Parrokia, Loiola, gure kaleak, zezen plaza…) ea aurtengoan ederki ikusten ditugun. Zezenplazak, esaterako, aspalditik behar du mantenu sakona 1903ko eraikina izanik, baina ez da behar beste lan egin hori ongi mantentzeko.

Txupinazo aurretik, aurtengoan, extrenoekin hasiko gara, Kixote eta Santxo Panza jubilatu eta buruhandi berriak izango ditugulako. Urteetan Cervantesenak gurean egon dira, nobela ezagunean “Azpeitiko Santxoren” (el escudero Sancho de Azpeitia) aurka ere borrokatu zirelako bikotea, eta orain gure herriarekin lotura zutenak baino erosoagoak eta erabilerrazagoak direnak izango ditugu aurrerantzean.

Festak denentzako izatea garrantzitsua da, Udal gobernuak ahazten badu ere, baina zaila gaitezen programa zabalean gustuko gauzak bilatzen eta festaz gozatzen.

Erasorik gabeko festak, errespetuan, bakean, alaitasunez eta elkarrekin pasa ditzagun Saninaziyoak!

Edurne Emparan eta Hegoa Larzabal

EAJ-PNVko zinegotziak eta Udaleko Festa Batzordeko kide

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...