Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/06/17

EAJ-PNV: “EH Bilduk ez du argitzen zein irtenbide nahi duen Andoainentzat, eta mahai gainean dagoen proposamen integral bakarra baztertu egiten du”

Hilabeteak dira Alkateak bere mahai gainean planoak, memoriak eta txosten teknikoak dituela; hala ere, ez du ekarpenik egin Bazkardo eta Sorabillaren arteko errepideen integrazio-prozesuari dagokionez.
EAJ-PNV: “EH Bilduk ez du argitzen zein irtenbide nahi duen Andoainentzat, eta mahai gainean dagoen proposamen integral bakarra baztertu egiten du”

Andoaingo EAJ-PNVk salatu egin du EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I eta A-15 errepideetan garatuko duen proiektu integralaren inguruan martxan jarri duen desinformazio- eta konfrontazio-politikaren estrategia. Proiektu horren baitan dago Bazkardoko korapiloa behin betiko konpontzea ahalbidetuko duen lotunea ere.

Azken egunotan ikusten ari garena ez da desadostasun politiko legitimoa. Andoaingo herritarrak nahita engainatzeko saiakera da, EH Bildurentzat deserosoa den errealitate bat ezkutatzeko helburuarekin: agintaldi osoan zehar Aldundiaren asmoen berri izan duela, informazio esanguratsu guztia eskura izan duela eta, hala eta guztiz ere, ez dela proiektua hobetzeko ekarpen politiko edo tekniko bakar bat egiteko gai izan.

Ekarpen falta horri beste kontu kezkagarriago bat gehitu behar zaio: EH Bilduren erabateko argitasun eta determinazio falta Andoainentzat benetan defendatzen duen konponbidearen inguruan.

Aspalditik ari da EH Bildu jada ezkutatu ezin duen moral politiko bikoitzarekin jokatzen. Pribatuan bilerak egiten ditu, dokumentazioa jasotzen du, azalpenak entzuten ditu eta itxurazko lankidetza-jarrera erakusten du. Jendaurrean, ordea, konfrontazioa eta desinformazioa elikatzen ditu. Parte-hartze prozesu sesgatu bat sustatu zuen, Aldundiaren informazio garrantzitsua ezkutatuz; are gehiago, beraiek Madrilgo diruarekin finantzatutako azterlan baten emaitzak ere ezkutatu zituzten, non Lazoaren alternatibak aztertutako aukeren artean balorazio orokor onena lortzen duen.

Horregatik da zilegi Andoaingo Udalak benetan zer nahi duen galdetzea. Saihesbidea defendatzen al du, ala irtenbide integral bat? Izan ere, EH Bilduk orain dio irtenbide integral bat beharrezkoa dela; hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela urtebete baino gehiagotik defendatzen duen gauza bera.

Egiari zor, Aldundiak ez ditu irudi edo simulazio hutsak aurkeztu. EH Bilduk eta alkateak duela hilabete batzuetatik dituzte aurreikusitako jarduketari buruzko planoak, memoriak, azterketa teknikoak eta dokumentazio zehatza. Denbora nahikoa izan dute horiek aztertzeko eta hobekuntza-proposamenak egiteko. Hala ere, oraindik ez dakigu zeintzuk diren haien ekarpen zehatzak, ezta zein den proposatzen duten alternatiba bideragarria ere.

Gaur egun proposamen integral eta teknikoki bideragarri bakarra dago mahai gainean: datozen asteetan lizitaziora aterako den proiektua; baita jarduketa integral hori ahalbidetuko duen Lazoa ere, Bazkardoko korapiloa behin betiko konpontzeko eta Andoainen bestelako eraldaketak posible egiteko.

EH Bilduk behingoz erabaki behar du konponbidearen parte izan nahi duen ala anbiguotasunean, konfrontazioan eta propagandan instalatuta jarraitu nahi duen. Ezin du soluzio integral baten alde dagoela aldarrikatu, existitzen den proposamen integral bakarra baztertzen duen bitartean; ezin du esan Andoainen interesak defendatzen dituela, herritarrei informazio garrantzitsua ezkutatzen dien bitartean; eta ezin du parte-hartzea aldarrikatu, ekarpenak egiteko izan dituen aukera guztiak alferrik galdu ondoren.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...