Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Beheko Plaza, Erkibe eta Zuloaga plaza biziberritzeko plan integrala aurkeztu du
Alderdi jeltzaleak eremu horiek erabat berritzearen alde egin du, herritarren egungo beharretara eta etorkizuneko erronketara egokitzeko
EAJ-PNVk Beheko Plaza, Erkibe eta Zuloaga plaza Zumaiaren bihotza direla nabarmendu du, herritarren topagune eta elkarbizitzarako gune nagusienetako batzuk direlako. Horregatik, eremu horien berritze eta biziberritze integralaren aldeko apustua egin du, herritarren beharrei erantzuteko eta espazio horiek etorkizuneko erronketara egokitzeko.
Jeltzaleen arabera, Beheko Plazako instalazioek hobekuntza sakonak behar dituzte. Frontoi inguruko eserlekuak hondatuta daude, haurrentzako parkea zaharkitua geratu da eta, oro har, eremuak eguneratzea eskatzen du. Helburua da Beheko Plaza berriro ere adin guztietako zumaiarrentzat erakargarria egin eta bizia duen topagune bihurtzea.
Era berean, Jubilatuen Etxearen egoera ere azpimarratu du EAJ-PNVk. Azken urteotako bero-boladen aurrean, beharrezkotzat jo du aire girotua instalatzea, adinekoek baldintza egokiak izan ditzaten bertan. Gainera, neurri horrek 2024ko martxoko osoko bilkuran aho batez onartutako beroaren aurkako babesguneak sortzeko konpromisoa betetzea ahalbidetuko luke.
EAJ-PNVk ere bere garaian Beheko plazako kioskoa izan zen gune estalia berreskuratzearen aldeko apustua egiten du. Gogorarazi du 2023-2024ko aurrekontu parteartzaileetan herritarrek erabilera anitzeko gune estali baten alde egin zutela, eta horretarako 125.000 euroko partida aurreikusi zela. EH Bilduren udal gobernuak, ordea, oraindik ez duela proiektua gauzatu salatu du EAJ-PNVk. Jeltzaleen ustez, Beheko Plaza kokapen egokia da urte osoan erabilgarri egongo den gune estali balioaniztun bat sortzeko.
Bestalde, Zuloaga plazako komun publikoen berritzea ere beharrezkotzat jo du. Proposamenaren arabera, eraikinaren kanpoko irudia mantenduko litzateke, baina barrualdea erabat berrituko litzateke, irisgarritasuna eta erabiltzaileen erosotasuna hobetzeko.
Erkibe eraikina, etorkizunerako aukera estrategikoa
Erkibe eraikinari dagokionez, EAJ-PNVk uste du Beheko Plazaren inguruko eraldaketa integralaren pieza estrategikoa dela. Horregatik, eraikinak haurrekin lotutako erabilera izan beharko lukeela defendatu du, esaterako; ludoteka, haurreskola edo eguraldi txarra dagoenean haurrek jolasteko gune estalia. Gainera, lorategiaren eta plazaren ondoan dago eraikina.
Azkenik, elikadura burujabetza ardatz hartuta prozesu parte-hartzailea abiatu du Udal gobernuak Erkiben. Eta nahiz eta, EAJ-PNVk kilometro zero produktuak eta lehen sektorea sustatzearen alde dagoela adierazi, ez du uste Erkibe denik horretarako kokapen egokiena.
Era berean, gogorarazi du proiektua hasieratik eraikina eta lorategia batera planifikatzeko sortu zela, eta logikoagoa litzatekeela lehenik eraikinaren etorkizuneko erabilera adostea eta ondoren inguruko espazioa horren arabera antolatzea. Eta ez alderantziz proiektua gauzatzen ari den bezala, lorategia bukatuta eta oraindik Erkibe eraikinaren etorkizuna zehaztu gabe.
Nabarmenak...
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



