Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/06/04

EAJ-PNVk Soraluzeko langabezia tasaren inguruko kezka agertu du eta EH Bilduren “ekimen falta” salatu du

Jeltzaleek adierazi dutenez, ia bi urte dira Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Industria Batzordea bildu gabe dagoela
EAJ-PNVk Soraluzeko langabezia tasaren inguruko kezka agertu du eta EH Bilduren “ekimen falta” salatu du

Lanbidek apirilaren amaieran argitaratutako datuen arabera, Soraluze da gaur egun Gipuzkoako langabezia tasa altuena duen udalerria (%13,2), guztira 234 langabeturekin.

Egoera horren harira, Unai Larreategi alkateak, azken egunotan egindako elkarrizketa batean, gaur egungo egoerari erantzuna ematen dioten eta udalerrian martxan dauden hainbat proiektu aipatu ditu; besteak beste, Olaldeko Lantegi Eskola eta Lanbidek Kalebarrenen eskaintzen duen enplegurako orientazio zerbitzua. Biak, aurreko udal gobernuaren eta talde jeltzalearen lanari esker martxan jarritako ekimenak, eta EH Bilduk, oposizioan zegoenean, zalantzan jarri eta kritikatu zituenak. Esaterako 2023ko otsailean, Olaldeko Lantegi Eskola berriaren aurkezpenean, Larreategik «herritarrengan, eta batez ere langabe daudenengan, neurriz kanpoko espektatibak sortzeak ez dakar ezer onik» edo «gure herriaren egoera ez da hobetuko itxurakeriarekin eta gain dimentsionatutako publizitatearekin» bezalakoak esan zituen.

EAJ-PNVren ustez, “kontraesan” hutsa da garai hartan kritikatutako proiektuak, gaur egun, herritarrei langabeziari aurre egiteko tresna nagusi gisa aurkeztea.

Halaber, talde jeltzaleak jakitera eman du azken hiru urteetan, udalak  ez duela langabeziari aurre egiteko ekimen berririk martxan jarri, Lanbidek finantzatutako aldi baterako programetatik haratago. Eta, gogorarazi dute 23 hilabete baino gehiago pasa direla azken Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Industria Batzordea bildu zenetik. Egoera “bereziki kezkagarria” dela uste dute jeltzaleek, are gehiago argitaratu diren azken langabezia datuak kontuan hartuta. “Badirudi enplegua eta industria ez daudela EH Bilduren lehentasunen artean”, adierazi du Iker Aldazabal Soraluzeko EAJ-PNVko bozeramaileak.

Ondorioz, EAJ-PNVk argi eskatu dio EH Bilduri, utz ditzala alde batera kritikak, has dadila egoerari erantzuna ematen dioten ekimenen alde lanean, eta deitu dezala lehenbailehen Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Industria Batzordea.

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...