Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNV udal taldeak EH Bilduko gobernu taldeari: "NORBERAK BERE EGITEKOA EGIN DEZALA"
Maiatzeko osoko bilkuran udal langile talde batek hitza hartu ondoren, eta, batez ere, EH Bilduko gobernu taldearen erantzunaren ondoren, talde jeltzalea puntu batzuk argitu beharrean sentitzen da, eta, batez ere, EH Bilduri eskatu behar dio bere erantzukizunak eta bere ekintzen ondorioak bere gain har ditzala gobernatzen duenean.
Ez da etikoa geure erantzukizunak eta betebeharrak besteen gain jartzea noiznahi. Gobernatzen ari zarenean, zure ardura den kudeaketa-lana zure gain hartu behar duzu, eta aurreko gobernutik jasotako herentzian etengabe ezkutatzea ez da onargarria. Ez dakigu zehazki zenbat irauten duen herentzia horrek, baina argi daukagu legegintzaldi honetako azken zatian sartzean, langileen ezinegonaren zama aurreko gobernuaren bizkar gainean jartzea ez zaigula onargarria iruditzen.
Osoko bilkura horretan, besteak beste, bertaratu zen langile taldeak aipatu zuen ez zegoela pozik 2022ko abenduan Udalean onartu zen lanpostuen balorazioarekin. Zilegi da desadostasun hori erakustea, baina iruditzen zaigu Tolosako herriarentzat interesgarria izan daitekeela bere garaian azaldu ziren hainbat informazio gogoratzea:
1.- Edozein administraziotan egiten diren lanpostuen balorazioak lan teknikoan oinarritu behar dira, eta lan horretan ez da inolaz ere balorazio politikorik egin behar. Horregatik, balorazioa kanpoko enpresa batek egin zuen.
2.- Gainera, balorazioari ekin aurretik, langileekin onartu zen honi ekiteko jarraibideen eskuliburua, non inplikatu guztiek onartzen zituzten joko arauak.
3.- Lanpostuak titulazio eta garatutako zereginen arabera baloratu ziren, eta ez horiek betetzen zituzten pertsonen arabera.
4.- Aurreko gobernuarentzat errazena soldaten igoera orokor bat aplikatzea zatekeen. Legeak ez du baimentzen, baina, batez ere, ez da ez bidezkoa, ezta eraginkorra ere.
5.- Balorazio horretan, udaleko giza baliabideen sailak egin zuen lana ere balioan jarri beharrekoa da.
6.- Horrelako balorazioetan, soldata guztiek ez du beti gora egiten. Baina bai jakin behar da balorazio hori beharrezkoa zela, 2003tik ez baitzen egin, eta Tolosako Udalak 921.323 euroko kostua izan zuela langile-gastuetan (onartutako soldata-igoerak eta 2020ko uztailaren 1etik aurrera aplikatutako atzeraeraginak).
7.- Gainera, langile bakoitzak alegazioak aurkeztu ahal izan zituen lanpostuak baloratzeko prozesuan zehar. 44 alegazio aurkeztu ziren, eta horietatik 18 partzialki edo osorik onartu ziren, eta 26 bertan behera utzi ziren. Datu horiek 200 pertsona inguruko plantillari buruzkoak dira, eta horrek adierazten digu ezetsitako alegazioen ehunekoa % 13 pasatxokoa izan zela.
8.- Ez dugu ahaztu behar soldatak beherantz aldatu zitzaizkien pertsonei aldi baterako osagarri iraunkor bat onartu zitzaiela beherunzko aldeagatik; osagarri horren urteko igoera gainerako soldatarako ezartzen den igoeraren erdia da. Kopuru hori, beherakada hau jasango zuen pertsona horri "eskuratutako eskubide" kontzeptuaren pean onartu zitzaion; osagarri hori ez du jasoko lanpostu horretan pertsona hori ordezkatuko duen ondorengo langileak. Urteroko soldata igoeren murrizketa aldi baterako osagarriari dagokio soilik, eta haren igoera erdia izango da pertsona horrek lanpostu hori betetzen duen bitartean.
9.-Balorazio horrek jarraipen-batzorde iraunkor bat aurreikusi zuen, balorazio puntualak egiteko, udal lanpostu-balorazio berri bat egin arte hainbeste urte berriz ere itxaron beharrik gabe.
Langileen taldeak, osoko bilkuran irakurri zuen idatzian, beste gai batzuekin batera, batzorde iraunkorreko lanpostuen berrikuspenen arbitrariotasuna aipatzen zuen, egungo udal-gobernuaren partetik.
EH Bilduk argudiatu zuen lanpostuak egonkortzeko ahaleginetan aritu dela eta lanpostu horiek konsolidatzen ari direla; baina ez dute esan zeregin hori aurreko udal gobernuarekin hasi zenik, izan ere, lege eskakizun bat da. Lan hori eta gainontzeko beste asko egin behar dira, eta ez lanketa bat edo bestea.
Absentismoaren arrazoiez ere hitz egin zen, plantillan dagoen ondoeza aipatuz. EH Bilduk hiru urte daramatza agintean, beraz, talde jeltzaleak legitimoki ulertzen du erantzukizuna EH Bildurena dela, eta ez beste inorena.
EAJ-PNVko udal taldeak ideia argi bat atera zuen osoko bilkuraren ostean: ezin dira oposizioan politika batzuk defendatu eta gobernatzen denean beste batzuk gauzatu. Orain EH Bilduk agintzen du, eta beraz, norberak bere egitekoa egin dezala.
Nabarmenak...
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
LAZKAO
2026/05/21
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


