Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk EH Bilduko udal gobernuak Urmendi auzian egindako kudeaketa politikoaren porrota eta berandu iritsitako erabakia salatu du
Talde jeltzaleak planifikazio falta, konfrontazio estrategia eta udalerriko bizikidetzan sortutako eragin negatiboa kritikatu ditu.
Oiartzungo EAJ-PNVk gogor kritikatu du Urmendiren inguruan EH Bilduko udal gobernuak egindako kudeaketa, eta nabarmendu du apirilaren 21eko ezohiko plenoan onartutako integrazioa beharrezkoa izan arren, berandu iritsi dela, urtebeteko atzerapenarekin eta kudeaketa politiko oker baten ondorioz.
Talde jeltzalearen ustez, egoera honek kudeaketa politiko baten porrota agerian uzten du: urtebetez luzatu den prozesu bat, argitasunik gabea eta azkenean hasieratik argia zen erabakira eramaten duena. EAJ-PNVk gogorarazi du bere jarrera hasieratik argia izan dela: “2025eko martxoan bertan planteatu genuen integrazioa bide bakarra zen, baina urtebete galdu da erabaki hori hartzeko. Denbora horretan ez da egon ez planifikaziorik, ezta ardura instituzionalik ere”.
Jeltzaleen ustez, apirilaren 21eko plenoa izan zen porrot horren ageriko adierazpena: “Azkenean, konbikziorik gabe bada ere, integrazioaren alde bozkatzera iritsi ziren. Horrek erakusten du ez zegoela beste biderik”. Halaber, aurretik egindako ibilbidea kritikatu dute: “Hilabeteetan zehar kontakizun politiko bat eraiki da, konfrontazioa sustatuz eta herritarrengan ziurgabetasuna sortuz, azkenean hasieratik argia zen bide berera iristeko”.
EAJ-PNVk egindako proposamenen izaera salatu du: “Haurreskolen Partzuergoari egindako planteamenduak bideraezinak zirela jakinda egin dira, eta horrek denbora galtzea eta itxaropen faltsuak sortzea besterik ez du ekarri”.
Apirilak 29ko plenoan, EAJ-PNVk berriro eskatu zizkion udal gobernuari azalpen zehatzak HH2 gelaren etorkizunari eta zerbitzuaren bermeari buruz, baina “ez zieten galdera bakar bati ere erantzun”. Hala ere, ordu gutxira, udal gobernuak sare sozialen bidez integrazioaren berri eman zuen. “Argi dago informazioa bazegoela, baina ez zen plenoan eman nahi izan. Gardentasuna ez da sare sozialetan hasten, osoko bilkuran hasten da”, salatu dute.
Gainera, jeltzaleek EH Bildu zabaltzen ari den kontakizuna ukatu dute: “Esaten da ez dela beste aukerarik izan edo ez dela erantzunik jaso, baina egia da integrazioa eskatzeko urratsa erantzuna jaso aurretik egin zela. Beraz, erabakia hartuta zegoen”.
EAJ-PNVren ustez, udal Gobernuak gaur egun egiten ari den komunikazioa euren irudia salbatzeko ariketa da: “Orain integrazioa lorpen gisa saltzen da, baina ezin da ahaztu prozesu honek urtebete galdu duela eta ziurgabetasuna sortu duela”.
Gainera, kudeaketa txar honek ondorioak dituela ohartarazi dute: “Integrazioa garaiz gauzatzen ez bada, zerbitzua mantentzea oiartzuarren diruarekin egin beharko da”.
Era berean, oraindik badirela konpondu gabeko gaiak gogorarazi dute: “Orain ikastolaren ardura izango da 2 urteko gelaren titulartasuna behar bezala eskatzea, udal gobernuak tramite hori gaizki egin zuela kontuan hartuta”.
Azkenik, EAJ-PNVk ondorioztatu du: “Hau ez da soilik atzerapen baten ondorioa; kudeaketa modu baten porrota da. Eta porrot horren ondorioak herritarrek pairatzen dituzte”. “Isilik egoteko garaia amaitu da. Herritarrek egia, argitasuna eta erantzukizuna merezi dute”, amaitu dute.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


