Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/04/30

Zizurkilgo EAJ-PNVk irregulartasunak salatu ditu EH Bilduko zinegotziei egindako ordainketetan

Udal talde jeltzaleak erantzukizunak eta neurri zuzentzaileak eskatu ditu Idazkaritzak mahai sektorialetako arduradunei egindako ordainketak legez kanpokoak direla berretsi ostean.
Zizurkilgo EAJ-PNVk irregulartasunak salatu ditu EH Bilduko zinegotziei egindako ordainketetan

EAJ-PNVk Zizurkilen duen udal taldeak salatu du irregulartasunak izan direla alkateari eta EH Bilduren gobernu taldeko zinegotzi batzuei ordainsariak ordaintzean, 2019az geroztik indarrean dagoen araudia betetzen ez duten ordainketak jaso baitituzte. Idazkaritzaren txostenak baieztatu duenez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak ezartzen du ezin dela ordainketa gehigarririk jaso mahai sektorialetako arduradunak izateagatik, eta hori Zizurkilen egiten aritu dira.

Zehazki, 2023ko uztailaren 11ko osoko bilkuran, udal taldeentzako zuzkidura ekonomikoa onartu zen: 150€ hilean talde bakoitzeko, gehi 100€ hilean zinegotzi bakoitzeko, eta 100€ gehiago sortuko zen mahaiko presidente bakoitzeko. Idazkaritzaren txostenaren arabera, ordea, mahaietako arduradunei ordaintzea ez da legezkoa.

“Onartezina da 2019az geroztik Zizurkilgo gobernuko arduradunak araudia urratzen aritu izana, justifikatuta ez dauden zenbatekoak jasotzen. Osoko bilkuran jakinarazi dutenez, dirua itzultzea ez da eskatzen, baina horrek ez du salbuesten funts publikoak gaizki kudeatu izanaren erantzukizuna ", adierazi du Maije Zelaia EAJ-PNVko bozeramaileak.

“Arauak errespetatzea eta funts publikoak behar bezala erabiltzea funtsezko printzipioak dira Zizurkilgo herritarrek beren gobernuarengan duten konfiantza mantentzeko. Gobernu taldeari erantzukizun eta gardentasun handienarekin jokatzeko eskatzen diogu”, amaitu du Zelaiak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...