Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/04/27

EAJ-PNVk salatu du EH Bilduren ezintasuna kiroldegiko obra, Illarramendiko pabiloia eta liburutegi berriaren proiektua martxan jartzeko

Jeltzaleek udalerriko 3 proiektu estrategiko nagusien paralizazioa salatu dute: “exekutatzen ez den mailegu bat dugu, amaitzen ez diren proiektu teknikoak eta obrak errealitate bihurtzeko gai ez den gobernu taldea”
EAJ-PNVk salatu du EH Bilduren ezintasuna kiroldegiko obra, Illarramendiko pabiloia eta liburutegi berriaren proiektua martxan jartzeko

Andoain agintaldiaren azken zatira egoera kezkagarri batekin iritsi da: udalerriarentzat hitzemandako proiektu estrategiko handietako bat bera ere ez dago bideratuta. Andoaingo EAJ-PNVtik egungo gobernu taldearen jardun eza salatzen da, lidergo falta eta kudeaketa ezintasunak udalerria geldialdi puntu batera eraman dutela, non orain dela lau urteko arazo berdinek bere horretan jarraitzen duten.

Herria berpiztuko zutela” agindu zutenek, herria blokeatuta utzi dute azkenean. Gaur egun, eskuartean diren hiru proiektu estrategiko nagusiak —kiroldegiaren handitzea, Illarramendiko pabiloiaren garapena eta udal liburutegi berria— ez dira oraindik gauzatu, eta are gehiago, oraindik ez dute hasiera aurreikuspen argirik ere.

Kiroldegiaren kasua paradigmatikoa da. Urteetako anuntzioen, lizitazioen eta amaierarik gabeko berrikuspenen ondoren, proiektua amaigabeko bukle administratibo batean trabatuta dago oraindik. Udalak 2022ko abenduan lizitatu zuen proiektuaren idazketa; 2024ko maiatzean entregatu zen eta exekuzio proiektua 2025eko uztailean (13,9M€). Bien bitartean, klubek eta kirolariek instalazio duinen zain jarraitzen dute. Udal gobernuaren erantzuna, behin eta berriz errepikatzen dutena, oso adierazgarria da: “proiektua berrikusten jarraitzen dugu”. Esaldi horrek gobernatzeko eredu bat sinbolizatzen du: gauzak dilatatu, atzeratu, eta azkenean erabakirik ez hartu.

Zehaztasun falta horrek arrazoizko zalantzak sortzen ditu ea proiektu teknikoa benetan itxita ote dagoen, edota ondoren doitzen ari diren 2025ean eskatutako 17,8M€-ko maileguaren zenbatekoan enkajatzeko.

Bestalde, Illarramendiko zerbitzu pabiloiaren proiektua (hasieran 3,8M€) ere ziurgabetasun egoeran dago. Udal zerbitzuak zentralizatzeko, gaur egungo alokairu pribatuen karga ekonomiko handiak saihesteko eta OPUA bezalako espazioak beste erabileretarako libratzeko proiektu estrategiko gisa iragarri zen; baina errealitatea da gaur egun ez dagoela ez obrarik, ez ziurtasunik. Udalak berak aitortu ditu kostu igoerak (adibidez, altzairuaren partidetan %38rainokoak), proiektu-aurrekontuaren bideragarritasuna zalantzan jartzen dutenak. Bitartean kontratatutako milioika euroko maileguak exekutatu gabe jarraitzen du. Hau da, zortu egin gara, inbertsiorik gabe; iragarkiak emaitzarik gabe.

Udal liburutegi berriaren egoera ez da hobea. Lau urteko tramite, tasazio eta zinema zaharra zegoen partzelaren balizko erosketa inguruko konpromisoen ondoren —kokapen egokiena bezala adostu zen—, proiektuak blokeatuta jarraitzen du oraindik. Une honetan ez dago partzela erosteko konpromiso politiko sendorik, ezta aurrera egiteko egutegi zehatzik ere. Ez dituzte beharrezkoak diren proiektu teknikoen idazketa ere martxan jarri.

EAJ-PNVren ustez, egungo agertokia Andoainek izan dezakeen okerrena da: “exekutatzen ez den mailegu bat dugu, amaitzen ez diren proiektu teknikoak eta obrak errealitate bihurtzeko gai ez den gobernu taldea”.

Larriena ez da soilik atzerapena, baizik eta hori eragiten duen gobernu eredua. EH Bilduk aitzakia iraunkorraren kultura ezarri du Udalean: prozedurak konplexuak direla, zailtasun teknikoak daudela, kanpoko baldintzak… Baina gobernatzeak zailtasun horiek guztiak gainditzea suposatzen du, ez aitzakia gisa erabiltzea, jardun eza justifikatzeko.

Agintaldi honetan Andoaingo arazo nagusiak konponduko zituztela ziotenak ez dira gai izan obrak hasteko ere. Erritmo honetan, ez kiroldegia, ez Illarramendi, ezta liburutegi berriko lanak ere ez dira martxan hasiko agintaldiaren amaiera baino lehen: “4 urte igaroko dira lehen hondeamakina sartu gabe”.

EAJ-PNVk udal gobernuari argitasuna, zorroztasuna eta, batez ere, kudeaketa gaitasuna eskatzen dizkio; Andoaingo etorkizunerako ezinbestekoak diren proiektuak desblokeatzeko. Herritarrek ezin dute beste lau urteko paralisi gehiago jasan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...