Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/04/25

EUZKO ALDERDI JELTZALEAK “DONOSTIAREKIN KONPROMISOA” EKIMENA AURKEZTU DU

Ekimenak EAJ-PNVren eta donostiarren arteko elkarrizketa zintzoa irekitzen du
EUZKO ALDERDI JELTZALEAK “DONOSTIAREKIN KONPROMISOA” EKIMENA AURKEZTU DU

Donostiako Eusko Alderdi Jeltzaleak Costa Vasca Hotelean izan duen ekitaldi batean, “Donostiarekin konpromisoa” ekimenaren lehen urratsa egin du, bertan zirelarik alderdiko uri batzar guztietako ordezkariak, bai eta Jon Insausti, Donostiako alkatea, eta EugeArrizabalaga, GBBko presidentea.

“Donostiarekin konpromisoa” ekimenak bi atal ditu: batetik, barne gogoeta, eta bestetik, gizartearekin jardutea. Etxe barruan, Donostiako EAJk 10 talde antolatu ditu arloz arloko gaiak lantzeko eta 140 alderdikide dabil zeregin horretan. Talde bakoitzak dagokion gaiaren laburbilduma bat dauka.

Hori da alderdi barruko eztabaidarako eta gizartearekin elkarrizketatzeko abiapuntua. Horrela, Donostiako EAJ-PNVk elkarrizketari ekin nahi dio donostiarrekin eta gizarte-eragileekin. Aste honetan jakinarazpen bat bidali zaie Donostiako 500 gizarte-erakunde baino gehiagori. Bakoitzari agiri labur bat igorri diegu, esaten denari buruzko iritzia eskatuz eta elkarrizketara gonbidatuz.

Uztail arteko lan asmoa dugu horko hori, eta lehen saioa. Emaitzak erakutsiko du geroko bidea. “Donostiarekin konpromisoa” ekimenaren helburu nagusia alderdi barruko hausnarketa eragin eta Donostiako gizartearekin partekatzea da. Bidea zabaltzea elkarrizketari eta elkar entzuteari gizarte donostiarraren erronka eta lehentasunen inguruan, testuinguru globala hain konplexua bihurtu den aldi honetan.

Ekitaldiak bi zati izan ditu; lehendabizi barne-lan saio bat egin da eta ondoren jendaurreko ekitaldi bat. Hitza hartu duenean, Jon Insausti Donostiako alkateak adierazi du politika ona herritarrak entzuten hasten dena dela, eta zilegi egiten dela arazoak konpondu eta etorkizunerako proiektu sendoak aurkezten dituenean. Ildo horretan, ohartarazi du arazoak luzatzen direnean gatazka bilakatzen direla, eta Udaletik gidatzen ari den eguneroko lana aldarrikatu du; lan horrek lehentasunak ezarri eta hiria eraldatzen du, sena eta eredugarritasuna ardatz.

Ziurgabetasun testuinguru batean eta arazo konplexuei erantzun sinpleak ematen zaizkien garaiotan, batzuek sortzen duten zaratak entzutea oztopatzen du. Jokabide horren aurrean, Insaustik nabarmendu du gaur egun Donostiak dituen proiektuen sendotasuna, hiriko etorkizunari arrakastaz aurre egin eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko; eta azpimarratu du gobernatzea ez dela beti asmatzea, baizik eta ardura hartzea, erabakiak hartzea eta kontuak ematea, apaltasunez eta iraunkortasunez.

Eta bide hori komunitatetik eta Donostiako eragile eta elkarte nagusiekin batera egitea: elkartuz, aliantzak ehunduz eta adimen kolektiboa aktibatuz. Izan ere, aurrera egiten duten hiriak ez dira burutazio hutsetatik abiatzen, baizik eta norabide partekatua duten lan-taldeen bidez.

Hori guztia balio eta printzipio sendoetan oinarrituta, haizearen edo eslogan hutsen arabera aldatzen ez direnak; konfiantzan, koherentzia eta exijentzia oinarri, donostiarren eguneroko bizitza hobetzeko.

Euge Arrizabalaga GBBko presidentea, berriz, “Donostiaketorkizunerako lidergoa behar du” esanez hasi da eta “lidergo horrek buru bat behar du, Jon Insausti, eta hiriarentzako proiektu bat”. Hori horrela, “benetako konpromisoak lankidetza zintzoa eskatzen du” eta “Donostiarekin konpromisoa ekimenak EAJren eta donostiarren arteko elkarrizketa zintzoa irekitzen du”, hitzeman du GBBko buruak. 

“Euskadiren eta Donostiaren hazkunde iraunkorraren alde egiten dugu, pertsonen bizitza hobetzen duten alternatibak eskainiz”, horra “beste batzuekiko diferentzia: helburu handiekin ahoa betean jardun bai baina konkreziorik inoiz ematen ez dutenen aurrean, EAJ-PNVk zer egin eta nola gauzatu azaltzen du”, azpimarratu du Arrizabalagak. “Beharrezkoa da amestea, ametsak beti ere urrats bideragarri bihurtuz”. 

Buruzagi jeltzaleak “ezinbestekoa” jo du “Euskal Gizarte Babes sistemari eustea”, eta hori “geure baliabideekin” egitea, “ondorengo belaunaldien gizarte babesa ere bermatu beharra daukagulako”, “gure ekonomia eredu propioa eta sendoa” gauzatuz. Arrizabalagak argi esan du, “sistemak eraginkorra eta, aldi berean, iraunkorra izan behar du” eta “EAJ-PNVk argi dauka printzipio hori, beste batzuek ez bezala.” 

Nazioarteko egoerari erreparatzean esan du “giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak urratzen dituzten erregimen guztien aurka gaude”, bai “Irangoaren aurka” bai “Nikaragua, Venezuela eta Kuban” askatasuna zapaltzen dutenen aurka. Era berean, “EAJ-PNVk gerrari ezetz esaten diola eta gerra-ekintza ilegal guztien aurka altxatzen duela ahotsa, Ukrainan edo Gazan izan, Zisjordania, Iran edo Libanon”. Trump, Putin eta Netanyahu aipatuz, “beldurra globalizatu eta nazioarteko harreman zibilizatua hankaz gora jartzea oso larria” dela nabarmendu du buruzagi jeltzaleak, “beldurra ongizatearen, askatasunaren eta esperantzaren etsaia delako”.

Amaitzeko, munduko ilunaldi honetan ere “EAJ-PNVk Euskadiren nazio aitortza politikoa lortu arte lanean jarraituko” duela agindu du buruzagi jeltzaleak, “donostiar, gipuzkoar, euskal herritarren berezko eskubidea aldarrikatuz etorkizuna erabakitzeko, euskal identitatea eta euskara zainduz eta Euskadirentzako estatu-egiturak lortzeko lanean”. “Paralisiaren aurrean, EAJ-PNVren formula konpromisoa, ekintza, lana eta ilusioa” direla aldarrikatu du Euge Arrizabalaga GBBko buruak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...