Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/04/17

Adinberri egoitzak fase berri bati ekingo dio eraikinaren eraikuntzarekin

Obra fase ikusgarrienera iritsi da eraikuntza lanen hasierarekin; aurrez, proiektuaren segurtasuna eta bideragarritasuna bermatzeko esku-hartze teknikoak egin dira. Eraikina 2028an amaitzea aurreikusten da eta egoitza-arreta, gizarte-berrikuntza eta komunitateari irekitako zerbitzuak uztartuko ditu.
Adinberri egoitzak fase berri bati ekingo dio eraikinaren eraikuntzarekin

Eider Mendoza diputatu nagusiak Adinberri adinekoentzako erreferentzia zentroaren obrak bisitatu ditu, Pasaian, Hospitalillo kaian. Bisitan lagun izan ditu Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peña; Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua Azahara Domínguez; Pasaiko alkatea Teo Alberro; Pasaiko Portu Agintaritzako presidentea Izaskun Goñi; eta Adinberriko zuzendaria Rakel San Sebastián.

Bisitan zehar, Gipuzkoarentzat estrategikoa den proiektuak izan dituen aurrerapenak azpimarratu dira; izan ere, lanak fase berri batean sartzen dira orain: eraikina beraren eraikuntza, lurzoruaren egokitzapen lanak amaitu ondoren. Bultzada berri honek lurraldeko zaintza-eredu berriaren erreferente izatera deituta dagoen ekipamendu baten garapena gauzatzea ahalbidetuko du.

“Gaur ari gara lanean etorkizuneko kalitatezko zaintzak bermatzeko, zaintza-beharra duen pertsona orok arreta pertsonalizatua, berritzailea eta konektatua izan dezan”, gogorarazi du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Halaber, adierazi du Adinberriko egoitza, lurraldean eraikitzen eta planifikatzen ari diren gainerako zerbitzuekin batera, zeregin horretan “euskarri nagusietako bat” izango dela. Bere esanetan, “konplexutasun handiko” proiektua da, baina “izaera estrategikoak eta kokatzen den espazioa birsortzeko apustu argiak” zailtasunak gainditzea ahalbidetu dute; horrenbestez, eraikuntza-fasea etapa berri batean sartzen da, inguruan “ikusgarriagoa” izango dena.

“Lan handiz landutako proiektua da, Gipuzkoarentzat oso garrantzitsua. Gaur ikus dezakegu aurrera egiten ari dela, nahiz eta oraindik bidea geratzen den. Hurrengo hilabeteetan aurrerapen hori are gehiago gauzatuko da, eta horrek ongizate integralean eragin zuzena izango du Pasaiko, Oarsoaldeko eta, azken batean, lurralde osoko herritarrentzat”, gaineratu du.

Lanen eboluzioa

Adinberri egoitza eraikitzeko lanen hasierako fasean, lurzoruaren egokitzapenerako funtsezko lehen fasea amaitzea izan da helburua. Fase honetan, azpiko lurzoruaren azterketa, egokitzapen eta sendotze lan sakona egin da, ibilbide industrial eta portuario handiko ingurune bati dagokion moduan.

Prozesu honi esker, aurrez zeuden baldintza desberdinei erantzun zaie zorroztasun teknikoarekin, eta aurreko erabileren ondoriozko elementuak modu seguruan kudeatu dira, betiere pertsonen eta ingurunearen segurtasuna bermatu duten protokolo zorrotzen eta kontrol-sistemen bidez.

Fase hori gaindituta, proiektua eraikuntza-etapa berri batean sartu da, aurrekoa baino ikusgarriagoa izango dena: eraikuntzaren eraikitzea.  Aurreikuspenen arabera, indusketa datozen asteetan amaituko da, zimendatze-losa udan gauzatuko da, eta eraikinaren egitura 2026an eta 2027an zehar osatuko da. Fatxaden itxiera 2027ko irailerako aurreikusten da, eta obra osoa 2028ko abenduan amaitzea.

Zaintzaren eraldaketan proiektu estrategikoa

Ekipamenduak bi solairuko aparkalekua izango du, 470 ibilgailu ingururentzat; horien artean, plaza irisgarriak, ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuak eta bizikletentzako zein motoentzako guneak egongo dira. Egoitza bi eraikinetan antolatuko da —iparraldekoa eta hegoaldekoa—, bizikidetza-unitateetan egituratuta, eta horrek arreta pertsonalizatua eskaintzea ahalbidetuko du, guztira 129 plazarekin.

Eraikina eguneko zentro batekin eta komunitateari irekitako hainbat espaziorekin osatuko da, hala nola topaguneekin, fisioterapia eta podologia zerbitzuekin, eta berrikuntza zein ikerketarako gune espezifiko batekin. Halaber, bizitza osorako pentsatutako 18 etxebizitza tutelatu izango ditu, eta inguruko beharretara egokitzeko moduko erabilera anitzeko eraikin bat ere bai.

Pasaia biziberritzea eta dinamizatzea

Adinberriren garapenak ekarpen esanguratsua egingo dio Pasaiko Hospitalillo kaiko ingurunearen birsorkuntza urbano eta sozialari, jarduera eta komunitate-kohesioa bultzatzeko eragile gisa.

Proiektuak 400 enplegu zuzen eta zeharkako hainat sortzea aurreikusten da, eta udalerriarentzat dinamizazio ekonomiko eta sozialerako motor gisa finkatuko da.

Ekimen honen bidez, Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzen du zaintza lurralde baten eraikuntzan, pertsonak erdigunean jartzen dituen eredua sustatuz, komunitatea indartuz eta berrikuntza ongizatearen eta gizarte-kohesioaren palanka gisa bultzatuz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...