Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk uste du Kutxa Fundazioari buruzko eztabaida politizatzea akats larria dela
Euge Arrizabalaga: “Kutxa banku-fundazioa alderdien arteko konfrontaziorako tresna bilakatzea ez du errespetatzen berezko duen independentzia instituzionala”
“Ez da onargarria Kutxa banku-fundazioa (Kutxabanken %32aren jabea eta gizarte-ekintzara bideratutako erakundea) alderdien arteko konfrontaziorako tresna bilakatzea”, adierazi du EAJ-PNVko bozeramaile Euge Arrizabalagak. Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran, jarrera argia defendatu du Kutxa Fundazioak Ayesaren erosketa-operazioari dagokionez hartutako erabakiaren inguruan. Arrizabalagaren hitzetan, “eztabaida politikoa egon daiteke eta egon behar du; onartezina dena da logika hori burujabea den erakunde baten jardunera eramatea, hau da, bere izaerari, Plan Estrategikoari, erabaki-esparruari, misioari eta berezko dituen erantzukizunei jarraikiz erabakiak hartzen dituen fundazio baten kasuan”.
EAJ-PNVk azpimarratzen du Kutxa Fundazioa ez dela banku-erakunde bat, ezta errentagarritasun finantzarioan oinarritutako inbertsio-estrategia bati erantzuten dion entitatea ere. Bere izateko arrazoia interes orokorrekoa da, Lurraldearen eta Herriaren garapen sozialean, kulturalean, ekonomikoan eta komunitarioan errotua; horregatik, Kutxa Fundazioari dagokio bere inbertsioak baloratzea, bere Plan Estrategikoarekin duten egokitzapenaren eta egokitzat jotzen duen arriskuen kudeaketaren arabera.
EAJ-PNVko batzar-taldearen arabera, Kutxa Fundazioaren patronatuan aniztasuna dago eta askotariko sentsibilitateak daude, baita gizarte- eta lan-arloetakoak ere. Haratago, Patronoek Gipuzkoako aniztasuna ordezkatzeko asmoa dute, Estatutuetan ezarritako betekizun etikoak, ezagutza-mailakoak eta independentzia-irizpideak betzen dituzte. Ayesaren eragiketari buruz hartutako erabakian agerian geratu dira Patronatuan dauden ikuspuntuak, Fundazioaren gobernu-organoa den heinean. Arrizabalagaren esanetan, errealitate hori sinplifikatzeak edo interes alderdikoien mesedetan Kutxaren jarduna instrumentalizatzeak instituzioen gaineko konfiantza ahultzea eta eztabaida publikoa desitxuratzea besterik ez du eragiten. Areago, etengabeko kanpo-ikuskaritzen pean dagoen erakunde baten lana arriskuan jar dezake.
EAJ-PNVk Gipuzkoako industria- eta teknologia-ehunaren sendotzea eta proiektu estrategikoen errotzea defendatzen ditu. Hala ere, azpimarratzen du helburu hori politika publikoen berezko tresnen bidez eta lankidetza publiko-pribatuaren bidez landu behar dela, bai eta Kutxa Fundazioa bezalako eragile aktiboekin elkarlanean ere; ez ordea gizarte-erakundeak seinalatuz, beste batzuei dagozkien erabaki-esparruak inbadituz edo interes jakinen araberako interpretazio behartuak eginez.
Ildo horretan, EAJ-PNVko batzar-taldearen ustez, erakundeek honako hauek egin behar dituzte:
• Tresna eraginkor eta egonkorren bidez politika ekonomiko eta industrialak indartu.
• Eragiketa estrategikoetan segurtasun juridikoa eta sinesgarritasun instituzionala zaindu.
• Erakunde publiko bakoitzari eta banku-fundazio bakoitzari dagokion erabaki-autonomia errespetatu, gizarte-ekintzaren eta inbertsio-politiken arduradun diren heinean.
EAJ-PNVrentzat, Gipuzkoak eztabaida politikoaren esparruan akordio erabilgarriak behar ditu, ez iraupen laburreko borroka politikoak. Horregatik, alderdi guztiei erantzukizunez eta zentzu instituzionalarekin jokatzeko deia egiten die.
Nabarmenak...
DONOSTIA
2026/02/03
Andoain
2026/02/02
DONOSTIA
2026/01/27
Aretxabaleta
2026/01/22
Berria
2026/01/16
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


