Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/01/16

EAJ-PNVk "Euskal Y"-a eta Nafarroa Ezkio bidez lotzeko behin betiko erabakia hartzeko eskatu du, ikerketa zorrotzetan oinarrituta

Arrizabalagak Garraio Ministerioari eskatu dio “herritarrak nahasteari eta informazio interesatua filtratzeari uzteko”, eta gogorarazi du behin betiko erabakiak “euskal erakundeek aurkeztutako alegazio teknikoak kontuan hartu beharko dituela”
EAJ-PNVk

Madrilgo diputatu jeltzale gipuzkoarrekin egindako asteroko bileraren ostean, Maria Eugenia Arrizabalagak, Gipuzkoako EAJ-PNVko presidenteak, azpimarratu du Garraio Ministerioak azkenaldian prentsara filtratutako txostenek “herritarrak nahastea eta desinformatzea bilatzen dute, aldebakarreko narratiba interesatua eta partziala sortuz” dutela helburu. “Ezinbestekoa da trenbide-konexioaren inguruko erabakiak seriotasunez eta oinarri tekniko sendoarekin hartzea, erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako eztabaida bidezko batean”, adierazi du. Horretarako, Arrizabalagak gogorarazi du Estatua, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua parte diren Lankidetza Protokoloak finkatutako irizpideak errespetatu behar direla.

Ezkio bidezko loturaren alde Arrizabalagak adierazi du aukera horrek trenbide-sarearen funtzionaltasuna optimizatzen duela eta erabiltzaileentzako zerbitzu hobea bermatzen duela. Eusko Jaurlaritzak 2018an aurkeztutako azterketaren arabera, Ezkio bidezko trazadura eraginkorrena da eta Arkaute-Gasteiz bideak sor dezakeen trafiko-saturazioa saihesten du, "Euskal Y"-aren bideragarritasunari etorkizunean kalterik egin gabe.

Garraio Ministerioak berak aitortu du berriki Ezkio bidezko trazadura aldatzeko aukera egon badagoela, Aralar parke naturalaren azpiko azpiegitura saihestuz eta tunelak laburtuz. Hala ere, erabakia atzeratzen ari da, eta Arrizabalagaren arabera, "arrazoi ahulak erabiltzen dira Aralar inguruko azterketa geotekniko eta ingurumenekoak egiteko atzerapena justifikatzeko". Administrazioak, bere esanetan, “beharrezko mekanismo guztiak ditu azterketa horiek burutzeko, eta ezin du gehiago atzeratu”.

EAJ-PNVk salatu du Garraio Ministerioak bultzatutako desinformazio-kanpaina, zeinetan Ezkio bidezko alternatibaren aurkako txosten interesatuak filtratu diren. Arrizabalagaren arabera, “zailtasun tekniko guztiak konpondu daitezke. Izan ere, Bergarako bidegurutzean ezarri diren irtenbideek erakutsi dute tren trafikoaren arintasuna bermatzeko gai garela”.

“Trenbide-garraioaren etorkizuna ezin da oinarri teknikorik gabeko erabaki politikoek baldintzatu”, ohartarazi du Arrizabalagak. EAJ-PNVk argi du azpiegitura estrategiko honek, 50 urte baino gehiagoko bizitza erabilgarria izanik, edukiera-arazoak saihestu behar dituela hasieratik. “Erakundeek arduraz eta konpromisoz jokatu behar dute une honetan”, gehitu du.

EAJ-PNVren eskaerak Garraio Ministerioari

     1.- Erabaki irmoa Nafarroa eta "Euskal Y"-a lotzeko, funtzionaltasuna, edukiera eta trenbide-zerbitzua bermatuko duten ikerketa zorrotzetan oinarrituta.

     2.- Informazio-azterketa berraktibatzea, Ezkio bidezko alternatibaren abantailak kontuan hartuta eta Aralar parke naturalean eragin txikiagoa izango duen trazadura lehenetsiz.

     3.- Eraikuntza Proiektuaren idazketa hastea, ADIFen eskutik, azpiegitura gauzatzeko aurrerapenak bermatuz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube