Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/10/25

Herrera-Trintxerpeko lanen aktibazioak behin betiko bultzatuko du Pasaiaren birsortzea

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailburuak, Eneko Goia Donostiako Alkateak, Nahikari Otermin Pasaiako zinegotzi jeltzaleak, besteak beste, obrak bisitatu dituzte gaur goizean, eta proiektuaren aldaketaren berri jaso dute ETSko teknikarien aldetik. Inplikaturiko administrazio guztiak modu batean edo bestean bertan zeudenez, Tapiak erakundeen arteko “ezinbesteko” lankidetza azpimarratu du, “lehen pauso” honen ondoren Pasaiako Badiaren goitik beherako birsorkuntza “errealitate bilaka dadin”.
Herrera-Trintxerpeko lanen aktibazioak behin betiko bultzatuko du Pasaiaren birsortzea

Tapiak adierazi duenez, “Gaur, Pasaialdearen birsorkuntza gero eta hurbildago dago. Portuaren jarduerak baldintza fisikoak ditu, bertara sar daitezkeen itsasontzien tamaina dela eta, baina trafiko zainduak eta finkatuak ditu. Orain arte porturako tradizionalak ziren materialak desagertzen ari dira, eta dibertsifikatzeko eta bestelako trafikoekin lan egiteko unea da. Pasaiako Portuaren erabilera dinamizatzea planteatzen dugu, itsasotik edo errepidetik heltzen diren merkantziak, ondoren trenez garraiatzeko aukera eskainiz, eta alderantziz. Horrez gain, Portuko lurrak libre utziko ditugu erabilera berrietarako, ingurunea berreskuratuz eta inguruko biztanleentzat atseginagoa izango den ingurunea sortuz”.

Sailburuak aurreratu duenez “egun indarrean dauden sareak Euskal Y-aren azpiegituraren linearekin (UIC zabalera) osatuko dira epe ertainean, eta hori osatzeko, lotunea ezarriko da Lezon egongo den terminalarekin, Gipuzkoako industriari euskarria emango dioten betebehar logistikoak eta mugaz gaindiko trenbide-portu eragiketak betez”.

Ingurune horrek duen potentziala oso handia da, giza, paisaia, kultura eta ekonomiaren ikuspegietatik. Asko dira industria, merkataritza edo teknologia alorretan izandako aldaketak jasan dituzten eta eguneratze eta birsortze prozesu handiak eta arrakastatsuak aurrera eraman dituzten hiri-portuen adibideak. Bakoitza bere neurrian, hor ditugu Amsterdam, Le Havre, Helsinki, Bordele, Bartzelona edo Valentzia, eta, gugandik gertuago, Gijon edo Bilbo. 

Sailburuak adierazi duenez, Pasaiako Badiak “itxaropenez beteriko egokitzapen prozesua hasi du, ingurune horren eta bertako biztanleen garapenari bultzada emango dieten egoera sozial, kultural eta ekonomiko berrietara”. 

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...