Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/19

20 nazionalitate ezberdineko 73 pertsona etorri dira Donostiara errefuxiatuen krisia hasi zenetik

Donostiako gizartearen inplikazioa nabarmendu du Udalak Errefuxiatuaren Nazioarteko Eguna dela-eta
20 nazionalitate ezberdineko 73 pertsona etorri dira Donostiara errefuxiatuen krisia hasi zenetik

2015ean errefuxiatuen krisia hasi zenetik, guztira 20 nazionalitate ezberdineko 73 pertsona etorri dira Donostiara, Udalak eta errefuxiatuekin lanean ari diren CEAR eta Gurutze Gorriaren baliabideen bitartez. Halaxe jakinarazi du gaur Eneko Goia Donostiako alkateak, CEAR eta Gurutze Gorriko ordezkariekin Errefuxiatuen Nazioarteko egunaren bezperan egindako agerraldian.

Errefuxiatuen harrera kudeatzeko Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak zuzentzen duen programa dago indarrean, eta horren baitan, errefuxiatuen harrera eta integrazioa lantzen da. Programa hori hiru fasetan banatzen da: harrera, integrazioa eta autonomia. Programa hori kudeatzen, Donostian eta Gipuzkoan CEAR eta Gurutze Gorriak soilik dute eskumena.

Etorkinei harrera eskaintzeko, guztira 40 plaza ireki dira Donostian 7 etxebizitza ezberdinetan. Gurutze Gorriak Donostiako Udalak utzitako 4 pisu kudeatzen ditu, eta CEAR-ek beste hiru. Ezarritako protokoloak finkatzen duenez, harrerako pisu horietan sei hilabetez egon daitezke pertsona horiek, izan ere, ondoren euren baliabideak bilatzeko konpromisoa hartzen dute.

Orain arte etorritako pertsonen nazionalitateak honakoak dira: Siria, Kolonbia, Boli Kosta, Nigeria, Txina, Venezuela, Kamerun, Sahara, Eritrea, Bielorrusia, Senegal, Guinea Konakry, Ekuatore Guinea, Kongo, Afganistan, Maroko, Gambia, Honduras, Mauritania, Jamaika.

3 errefuxiatu horietatik, 20 lagun CEAR-ek kudeatu dituen etxebizitzatan izan dira, eta beste 53ak Gurutze Gorriak kudeatutako baliabidetan. Donostian sei hilabeteko epean izan ondoren, horietako batzuk Gipuzkoako beste herri batzuetara joan dira.

Tartean izan dira ume jaio berriak, baita euren kabuz hemendik alde egitea erabaki duten zenbait lagun ere.

Bi erakundeak egiten ari diren lana txalotzeaz gain, bestelako eragileen inplikazioa ere nabarmendu nahi izan du gaur Donostiako Alkate Eneko Goiak. Hala, Caritasek egiten duen lana edo Zaporeak elkarteak egin duen ekarpena nabarmendu ditu alkateak.

Zenbakiez harago, alkateak agerian jarri nahi izan du “pertsona hauetariko bakoitzaren atzean, drama bat dagoela, hain zuzen ere, bere sorterritik alde egin behar izan duen pertsona edo familia baten drama”.

Euskal erakundeek eta euskal gizarteak errefuxiatuen krisiari erantzuna emateko bere prestutasuna azaldu dutela azpimarratu du alkateak, “baina ez Europar Batasunak, ez Espainiar Estatuak ez diote eman zegokion erantzuna. Ez dira behar zuten tokian egon”.

Hala ere, erakundeen erantzunaz gain, gizartearen inplikazioaren inguruan gogoeta egin du alkateak, eta azpimarratu du “norberak bere buruari galdetu behar diogula zein den gure jarrera” arazo larri honen aurrean. Hala, gogoratu du, CEAR erakundeak zailtasunak izan dituela errefuxiatuentzako etxebizitzak aurkitzeko merkatu librean, eta errefuxiatuek eurek ere oso zaila izan dute hirian alokairuan etxebizitzak aurkitzean behin euren harrera epea amaituta.

Errefuxiatuen harrera errazteko baliabideak gizarte erakundeen eskura jartzeaz gain, Donostiako Udalak bestelako ekintzak ere bultzatu ditu azken hilabeteotan. Hala, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen koordinazio batzordean parte hartu du, Chios-en lanean aritu den Zaporeak elkarteari dirulaguntzak bideratu dizkio, eta gaztelerako klaseak antolatzen aritu da errefuxiatuen integrazioa bultzatzeko. Aipatzekoa da, gainera, iaz Donostia Kulturako langileek bultzatu zuten “Desafio Katiuska”, euritako oinetakoak biltzeko egin zen ekimena.

Ekitaldi ezberdinak

Bestalde, Errefuxiatuen egunaren harira Udaletik sustatu diren ekintzak honakoak dira:

1.- "Ongi etorri errefuxiatuak" erakusketa: ekainaren 15etik 25era Aieteko Kultur Etxean ikusgai egongo da. SOS Arrazakeriak egindako erakusketa da. Bisita gidatuak eskaini zaizkie eskolei, DBH2-4bitarteko gazteei eta 7 talde bisita lotu dira. Kultur Aniztasunaren bulegotik antolatuta.

2.- Urteko Zikloa: Europaren mugak. Horren baitan, ekainaren 13an 19:00etan San Telmo Museoan honako hitzaldia izan zen: Hegoaldea- Libiako atxiloketa zentroak. San Telmo Museoa eta Lankidetza bulegoaren arteko elkarlana.

3. - Errefuxiatuen aldeko kontzertua, ekainaren 25ean Antzoki Zaharrean 20:00etan. Sarrerak 8€ balio ditu eta Zaporeak elkartearentzat izango da jasotzen den dirua.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...