Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/06

3,8 milioi euro bideratuko dira diru laguntzetan 2017an, enpresetan langileen partaidetza sustatzeko

“Partaidetza giltzarri da gure ehun ekonomikoa finkatzeko, eta horren lehiakortasuna handitzeko”, nabarmendu du Imanol Lasa
3,8 milioi euro bideratuko dira diru laguntzetan 2017an, enpresetan langileen partaidetza sustatzeko

 “Gipuzkoan pertsona eta enpresa parte-hartzaileak sustatzeko” programari dagozkion urteko diru laguntzak onartu ditu gaur Gobernu Kontseiluak. Aldundiak 3,8 milioi euro bideratuko ditu aurten programa horretara. Enpresetan langileen partaidetza bultzatzea du helburu, eta joan den urtean lurraldeko 200 enpresek parte hartu zuten martxan jarritako proiektuetan. Aldundia Gipuzkoako ekonomia ehunarekin elkarlanean partaidetzari lotutako dinamikak sustatzeko garatzen ari den estrategiaren elementu nagusietako bat da programa. Elementu hori giltzarritzat jotzen da “gure enpresa ehuna finkatzeko, bere lehiakortasuna areagotzeko, eta lurraldean sustraitzeko”, nabarmendu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Estrategia orokor horren bitartez, Aldundiak burubelarri dihardu legealdi hasieratik, ekintza fronte desberdinetan langileen partaidetza bultzatu eta hedatzeko. Diru laguntzak emateaz gain, 2016an, finantziazio tresna berria jarri zuen martxan, Elkargi eta Oinarrirekin elkarlanean, langileak enpresen jabetzan sar daitezen errazteko, enpresa txiki eta ertainen kasuan bereziki. Esperimentazio aktiboaren alde egin du ere, Gipuzkoako hamar enpresetan proiektu pilotuak abian jarriz Etorkizuna Eraikiz dinamikaren barruan. 500 langile ari dira parte hartzen proiektu horietan, guztira. Bertan sortutako praktika arrakastatsuak zabaltzea da helburua.

Bestalde, zerga arloan, 2016ko bukaeran Foru Araua onartu zen, langileen partaidetza ardatz gisa hartuta. Ekimenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergetan langileen partaidetza sustatzeko hobariak ezarri eta oztopoak kentzen ditu. Jabetzan erreleboa gauzatu nahi duten enpresariak, zein jabetza hartzeko interesa duten langilean hartzen ditu kontuan, enpresen eskualdatzea bultzatu eta errazteko. Gainera, Arauak neurri positiboak aurreikusten ditu enpresa arloan dagoen genero desberdintasunari aurre egiteko.

Gaurko deialdiari dagokionez, jarduera hauek lagunduko dira: I+G+b eta esperimentazio proiektuak, eta dinamika, esperientzia, baliabide eta tresna berezien bitartez bizitza osoko ikaskuntzaren alorrean esku hartzeko politika publikoak zabaldu eta orokortzeko proiektuak. Lehen kasuan %100ean lagundu ahal izango dira diruz, eta bigarrengoan, berriz, %75ean gehienez. Oro har, diru laguntzaren xedeko jarduerak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi behar dira eta 2018ko ekainaren 30erako amaitu. Oinarriak eta xehetasun guztiak laster argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa helbidean egin ahal izango dira eskaerak.

Lasak azaldutakoaren arabera, enpresa bakoitzaren “egoera eta testuingurua” ezberdina da, eta horren arabera “definitu behar du bakoitzak bere bide orria”. Hala eta guztiz ere, dei egin die langileen partaidetzaren alde egin dezaten, bai kapitalean, eta baita kudeaketa eta erabakiak hartzeko prozesuetan. Apustu hori ezinbestekotzat jo du deslokalizazioei aurre egin, eta “erabakitze guneak Gipuzkoan finkatzeko”.

“Eraldaketa prozesu honek sekulako garrantzia dauka talentua sustraitzeko eta gure enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Asko dugu jokoan hemen, Gipuzkoaren etorkizuna ekonomikoa bermatzeko garaian. Hala erakusten du gure historiak. Hor dago kooperatibek, soziedade laboralek edota ikastolek egindako bidea. Eta hala erakusten dute ere azken aldian norabide honetan martxan jarritako proiektuek ere, egiaztatzen dutelako partaidetza praktika positiboa dela, abantaila konpetitibo ugari dakartzala, eta bete-betean egiten duela bat gure nortasun ikurrekin. Bultzatu beharreko indarguneetako bat da, berrikuntzarekin, nazioarteratzearekin, edota enpresen arteko elkarlanarekin batera”, azaldu du.

Diputatuak gaineratu duenez, Gipuzkoak lanean jarraitu behar du partaidetzaren alorrean Europa mailan eredu izaten jarraitzeko, pertsona, enpresa eta gizartearen arteko konpromisoa uztartuz. Haren esanetan, apustu horrek honelako onurak ekarriko ditu: lantokietan pertsonen autonomia handitzea eta enpresaren etorkizuneko estrategian laguntzeko aukera izatea; enpresek lortutako emaitzetan langileen ekarpena ikusiaraztea;  enpresarekiko identifikazioa eta hori osatzen duten pertsonen erantzukidetasuna eta inplikazioa handitzea; motibazio handiagoa sustatzea, eta, ondorioz, enpresen produktibitatea handitzea eta horien kudeaketa hobetzea; enpresa jardueraren jarraitutasunari mesede egitea, transmisioa bezalako erronken aurrean; kalitatezko enplegua eta gizarte kohesioa indartzea; enpresen ingurune sozialarekiko konpromisoa, eta, azkenik, enpresak dituen talentu beharren azterketa, enpleguaren joera eta etorkizuneko premiak, eta enpresa berarenak aintzat hartuta..

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...