Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Gobernu Onari lotutako Europar Batzordeko hiru sareetan parte hartuko du Gipuzkoak
Danimarkako ereduaren erakusle diren hainbat erakunderekin gaur edukitako bileren harira iragarri du Imanol Lasak Aldundiak bat egingo duela aipatutako sareekin
Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Joseba Muxika Partaidetzako zuzendariak, eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendariak osatutako Aldundiaren ordezkaritza instituzionalak, hainbat bilera eduki ditu gaur Danimarkako ordezkariekin, Ipar Europako herrialdera egindako bidaiaren bigarren egunean. Mundu mailan erreferente nagusietako bat da Danimarka gobernantza politiketan. Herritarrek erakunde publikoetan duten konfiantza maila altuagatik, eta horiek ematen dituzten zerbitzuen kalitateagatik eta modernizazioagatik bereizten da.
Bisita honen baitan, Imanol Lasak iragarri du Aldundiak Gobernu Onari lotutako Europar Batzordearen hiru saretan sartzea aurreikusten duela, 2017ko urtarrilean. Horretarako hainbat gestio egin ditu azken hilabeteetan. Danimarkako erakundeak sare horien partaide diren aldetik, baliagarria izan da harremana. “Herrialde aurreratuenetara unean uneko bisitak egitea positiboa bada ere, harago joan nahi dugu. Elkarlanerako bide finkoak edukitzeko garaia da. Eta horretarako, europar sareekin bat egitea da gakoa, bertan, hainbat administraziok etengabe partekatzen dituztelako egindako aurrerapenak, epe motzean zein etorkizunean herritarren beharrei hobeto erantzuteko praktika egokiak finkatuz”, azaldu du.
Gaurko jardunaldian, Copenhagen Institute for Future Studies-eko zuzendari Karsten Beck-ekin batzartu da gipuzkoar ordezkaritza, Etorkizuna Eraikiz ekimena kontrastatzeko asmoarekin. Thorkil Kristensen, Danimarkako Finantza ministro, eta Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundeko idazkari nagusi izandakoak sortu zuen institutu entzutetsu hau. Erakunde publikoetan eta pribatuetan erabakiak hartzeko oinarria sendotzea du helburu, etorkizunaren inguruan kontzientzia sortuz, eta hainbat arlo akademiko eta profesionaletako ordezkariekin hausnarketa partekatua sustatuz. Munduko gobernu desberdinekin, eta IKEA edo Toyota bezalako enpresekin egiten du lan.
“Hainbat erronka dauzkagu komunean Danimarkarekin: lurralde oreka, gizarte kohesioa, gizartearen zahartzea edota gizarte politiken jasangarritasuna. Gipuzkoako gizartean, eta Danimarkakoan ere, ziurgabetasuna dago etorkizunaren inguruan. Etorriko diren eszenatokiak proiektatu eta horiei aurre hartzea da, hain zuzen, Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin lortu nahi duguna. Ikuspuntu horretatik, hain eragile klualifikatu baten lana ezagutu ahal izatea oso interesgarria izan da”, adierazi du Lasak.
Ondoren, Frederiksberg-eko Udaleko digitalizazioko eta herritarren arretako arduradun Ian Ropke eta Merete Elisabeth Roder-ekin batzartu dira Aldundiko ordezkariak. Biztanlego dentsitate handiena duen Udala da -10.000 biztanle kilometro koadroko, 104.180 guztira-. Beraien zerbitzuen digitalizazio maila altuagatik nabarmentzen dira danimarkar udalak, besteak beste. 15 urtetik gorako persona guztiek, sinadura digitala eduki behar dute derrigorrez. Frederiksberg-ko Udalaren paperezko komunikazioak %16 baino ez dira, eta bizilagunen %90ek posta digitala erabiltzen dute erakundearekin.
Gainera, norbanako zerbitzu digital aukera zabala dute, hainbat arlori lotuta, hala nola osasuna –telemedikuntza, etabar.-, gizarte ongizatea –haurtzaindegiak, pentsioak…- edota hezkuntza –plataforma digitalak dauzkate ikasle, irakasle eta gurasoentzat-. “Beraien planteamenduaren arabera, administrazioak eskaintzen dituen zerbitzuei lotutako tramite ia guztiak, baimenak, lizentziak, errolda edota zergak barne, bakoitzak kudeatzen ditu modu autonomoan gailu mugikorren bitartez, legeak hala finkatuta. Bestalde, teknologia berriek duten potentziala aprobetxatzen dute herritarrek bizitza kolektiboan partaidetza handiagoa eduki dezaten, ezagutza eta datuak partekatuz”.
Azkenik, KL Local Government-eko Digitalizazioko arduradun Anne Katrhine Fjord-Marchall-ekin elkartu dira. Danimarkako 98 udalak elkartzen ditu erakunde horrek eta Danimarkar sektore publikoaren antolaketa aztertzea izan da bileraren helburua. Deszentralizazioa da bere ezaugarri nagusia; tokiko entitateek oso eskumen garrantzitsuak dauzkate ingurugiroaren kontrolean, espezializatutako gizarte zerbitzuetan, edota enplegu politiketan.
Udalen digitalizio politika zentralizatu eta ezartzeko ardura eduki du KL-k, “Danimarkako Eudelek”. Erabakigarria izan da bere lana. “Herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala izanik, berebiziko ardura dute Udalek zerbitzu publikoan. Bi oinarri dauzka danimarkar ereduak: elkarlana, KL-ren bitartez, eta administrazioaren modernizazioa agenda publikoan lehentasun bezala kokatu izana duela hainbat urte. Kontsentsu politiko eta sozial zabala dago digitalizazioak ekartzen dituen onuren inguruan, bai onura sozialak, eta baita ekonomikoak, gastuak murrizten direlako”, amaitu du.
Nabarmenak...
Berria
2026/06/18
Gipuzkoa
2026/06/10
DONOSTIA
2026/06/09
ERRENTERIA
2026/06/02
LASARTE-ORIA
2026/05/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS



