Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Etorkizuna eta ekonomia dira gipuzkoarron kezka nagusiak
Etorkizuna Eraikiz programa aurkeztuko du Aldundiak, Gipuzkoaren garapen sozialari eta ekonomikoari lotutako proiektu berritzaileak martxan jartzeko
-
GFAko inkesta 20160518
Hainbat agiri - 2016/05/18
Etorkizunari buruzko ziurgabetasuna, eta egoera ekonomikoa dira Gipuzkoako gizartearen bi kezka nagusiak, Aldundiak berriki egindako inkestak ondorioztatzen duenez. Gaur aurkeztu ditu inkestaren emaitzak Imanol Lasa foru bozeramaileak, Diputatuen Kontseiluak hartutako erabakiak ezagutarazteko emandako prentsaurrekoan. 200 elkarrizketa egin dira telefonoz Gipuzkoako herritarrei, maiatzean zehar, metodologia kuantitatiboan oinarrituta. Honela, herritarrek duten ikuspegiaren argazki orokorra eskuratu nahi izan du foru gobernuak.
Beraien eta bere ingurukoen etorkizunak kezka pizten du gipuzkoarrongan. 8,26ko notarekin kuantifikatzen dute kezka, 10etik. Gipuzkoaren etorkizunaren gaineko kezka, berriz, 7,70koa da, eta Euskadiren gainekoa 7,81. Herri mailan, langabezia jotzen dute konpondu beharreko arazo inportanteenetzat %50,0ek; urrun gelditzen dira, bigarren tokian, zaborrak -%7,0- eta etxebizitza -%3,0-. Gipuzkoa eta Euskadiren testuinguruan ere, langabezia eta enpleguaren sustapena dira ardura nagusiak, %58,0arentzat eta %62,0arentzat, hurrenez hurren.
Herritarrek lehentasunezkotzat dituzten aferei dagokienez, lehen tokian daude ere ekonomia eta enplegua, 9,01ko notarekin. Ondoren datoz zerga iruzurra (8,69), gazteen heziketa (8,62), gizarte zerbitzuak (8,43), laneko eta familiko bizimodua uztartzea (8,28) eta ingurugiroa (8,10).
Era berean, inkesta erantzun duten persona gehienek uste dute erakundeak ez direla behar beste kezkatzen herritarren etorkizunaz -4,96 puntuazioa ematen diete alor honetan-, eta %41,5ek iritzi diote politikariek bereziki etorkizunean pentsatuz landu beharko lituzkeela proiektuak –batik bat orainaz arduratu beharko luketela uste dutenen portzentaje ia bera, %43,5-. Areago, %78en iritziz, erakunde publikoek epe luzeko proiektuak eduki beharko lituzkete esku artean.
Azkenik, %85,5en irudiko, beharrezkoa da herritarren eta erakundeen arteko harremana aldatzea –gaur egungoari 4,92ko nota ematen diote-, eta horretarako modurik egokiena, %41,5en arabera, gertutasun handiagoa edukitzea da, lehen tokian, eta herritarren partaidetza da gehien errepikatutako bigarren gakoa -%9,4k-. Honek berresten du, Lasak esan duenez, Aldundia norabide egokian doala “gobernantza onaren alde” egiten ari den apustuarekin.
Arlo orokorrago batean, inkestak utzitako ondorioak bat datoz Aldundiak egindako azterketa integralean ateratakoekin. Eszenatoki honi erantzuteko, Etorkizuna Eraikiz egitasmoa jarriko du martxan. Bihar aurkeztuko du ekimen hau Markel Olano diputatu nagusiak. Ostiralean, berriz, ekitaldi berezi batean gizarteratuko da. Helburu bikoitza du: alde batetik, etorkizuneko proiektu batzuk aurkeztea, Gipuzkoaren garapen sozioekonomikoari lotuak; eta, beste aldetik, Gipuzkoako gizarteari bide-orri bat proposatzea, denon artean pentsatzeko Lurraldeak aurrez aurre dituen eginkizunetarako nolako irtenbideak asmatu.
“Aldundia bezalako erakunde batek ezin du soilik eguneroko kudeaketaz eta behin-behineko premiak erantzuteaz arduratu. Denbora hartu behar du ere etorkizunari aurre hartzeko, Gipuzkoa erreferente bihurtuko duten ekimen eta praktika aitzindariak mamitzeko, batik bat dagoeneko ondo kokaturik eta prestaturik dagoen gaietan. Konbentzituta gaude honetaz”, adierazi du Lasak.
Foru bozeramailearen esanetan, aurrerapauso kualitatiboa izango da Etorkizuna Eraikiz. “Lehen urte honetan gure lehentasunak finkatu ditugu Kudeaketa Plan Estrategikoan, eta Lurraldea geldialditik ateratzea lortu dugu hainbat arlotan: hondakinen kudeaketa, ekonomia sustapena, errepideak, gizarte politika… Ataskotik atera gara, baina orain etorkizuna martxan jartzeko garaia da, epe luzeko estrategia batekin”.
Edozein modutan, argi utzi du egitasmoa ez dela mugatuko prospekzio edo hausnarketa ariketa batera, baizik eta “ekimen berritzaile zehatzak” emango dituela, Aldundiaren politiketan txertatuko direnak, Kudeaketa Plan Estrategikoa egokituz. “Dagoeneko ari gara hauek lantzen eta prestatzen, Gipuzkoako hainbat eragile sozial, ekonomiko, kultural eta akademikorekin, beste indar politikoekin, Aldundiko langileekin, eta herritarrekin elkarlanean. Hau ez da legealdiko proiektu bat, lau urteko epeaz askoz harago doalako, eta ezta bi alderdi politikoren proiektua ere, baizik eta Lurralde oso batena”.
Izan ere, bozeramaileak azaldu duenez, “aldakuntza sakoneko garaiak bizi ditugu: eredu ekonomikoak aldatzen ari dira, eta eraldatze demografikoak eta biztanleriaren zahartzeak erronka izugarriak jartzen dizkigute. Aro politiko, sozial eta ekonomiko berri batean murgilduta gaude, eta behartuta gaude gure ikuspegiak auzitan jartzera eta, guztiaren gainetik, gure eginbideak errotik aldatzera. Ziurgabetasun honi berme guztiekin erantzun ahal izateko, ezinbestekoa da guztion ilusioa, ideia eta gogoak mobilizatzea”.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


