Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/05/13

Pasaiako EAJ pozik agertu da biziberritze proiektuaren baitan berriki eman diren aurrera pausoekin

Adierazi dute, obrek hobekuntza garrantzitsuak eragingo dituztela eta horiei esker, pasaitarrek, berdeguneak izango dituen espazio publiko berri batetaz gozatzeko aukera izango dutela
Nahikari Otermin

Atzo, Pasaiako Portu Agintaritzak eta Eusko Jaurlaritzak, aurretik Ministro Kontseiluak onartutako hitzarmena sinatu zuten. Akordio honek, Herrerako Euskotrenaren sarbideko eta Trintxerpe arteko eremua eraberritzeko lanekin hastea  ahalbidetzen du. Nahikari Otermin, EAJ-PNVko bozeramaile eta udaleko hirigintza zinegotzia, pozik azaldu da Pasaiako badia biziberritzeko proiektuaren baitan azken egunotan eman diren aurrera pausoak direla eta.  “Apirilaren 25ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen onespena eman zion Plan Bereziari, zeinak portu ertzeko eta herriko 11 hektareatako espazioa birmoldatzeko proiektua jasotzen duen. Atzo berriz, Portuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten Herrera mendebaldeko eta Euskotrenaren sarbidearen arteko obren exekuziorako”  azaldu du Oterminek. “Plan Berezian egindako aldaketek ez diote aipatu eremuari eragiten, eta horregatik, lehen onespena jaso berri duen Plan Berezi honetatik kanpo utzi da obren hasiera azkartu ahal izateko” gehitu du.

Eusko Jaurlaritzak eta Portuak adierazi bezala, eraberritze lanak, urte amaieran hasi eta 12-13 hilabetez luzatuko dira. Horrela, 2017rako obrak amaituta egotea espero da, pasaitarrek, berdegunez inguratutako eremu publiko berri honetaz gozatu dezaten. Proiektu honek, Herrerako topo geltokia eta Trintxerpe lotuko ditu ibilbide atsegin eta seguru batekin. Horretarako, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak 5 milioi jarriko ditu, eta bestetik,  Pasaiako Portu Agintaritzak, Eusko Jaurlaritzaren eskura jarriko ditu obren exekuzioa burutzeko beharrezkoak diren jabetza publikoko lur eremuak.

Horiek horrela, Trintxerpeko hirigunearen eta Euskotren geltokiaren arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako egingo den lotura berri hau izango da biziberritze proiektuaren baitan emango den lehen urratsa. Horrela, bi aldeak lotuko dituen eta berdeguneak izango dituen ibilbide atsegin eta seguru batetaz gozatu ahal izango dute pasaitarrek. Honen harira, Oterminek adierazi du gaur egun, Herrera mendebaldea, eremu industrial degradatua dela, hiri eta industria-ehunek eta azpiegiturek utzitako hutsuneek mugatutakoa, inolako kohesio eta bateratasunik ez duena,  hain zuzen, bide gurutzeen eta autopistetako korapilo paisaien antzerakoa”. Horretaz gain, ibilgailuen eta oinezkoen arteko bateraezintasunak segurtasun arazoak eragiten ditu inguru honetan.  Hori dela eta, obrek, aipaturiko eremu honetan hobekuntza garrantzitsuak ekartzeaz gain, pasaitarren bizi kalitatea eta segurtasuna ere hobetuko ditu. “Itxura aldaketa erabatekoa izango da, urte luzez itxaron dugun aldaketa da gainera, eta biziberritze proiektua bukatzean, modernoagoa, atseginagoa, erakargarriagoa eta aisialdi eta negozio aukera berriak eskainiko dituen Pasaia bat izango dugu” azpimarratu du Oterminek.

Amaitzeko, EAJ-PNVko bozeramaile eta udaleko hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek gogorarazi du, hau guztia posible izango dela erakunde guztien inplikazio eta borondateari esker. “Erakunde guztiak gogor ari dira lanean proiektuak aurrera egin dezan. Guztiek proiektu honen aldeko apustu irmoa egin dute, eta horren adierazle dira azken egunotan eman diren aurrera pausoak; oraingoan bai, Pasaiaren biziberritzea amets hutsa izatetik, errealitate izatera pasako da” amaitu du Oterminek. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...