Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
“Gobernu onaren eredu” izango den Gipuzkoa ezarri du helburu gisa Imanol Lasak
Kudeaketa “etiko, garden, inclusibo eta eraginkorraren” aldeko apustua egingo du Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak
Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak bere departamentuko hurrengo urteetarako lan ildo nagusiak aurkeztu ditu Batzar Nagusietan. Gobernu ona Aldundiaren “nortasun ikur” eta Gipuzkoako markaren osagai nagusi bihurtu nahi dutela iragarri du: “Gure lurraldea gobernantza onaren eredu izatea nahi dugu, eta horretarako herrialde aurreratuenen adibidea jarraitzea da gure asmoa”. Gipuzkoa “eredugarria” du jomuga, honako arloetan: Aldundiko ordezkari publikoen jokabidean, herritarren eta gizarte eragileek politika publikoen garapenean duten partehartzean, zerbitzuen eskaintzan, eta administrazio ereduan.
Lasak azaldutakoaren arabera, politika egiteko molde zaharrek ez dute “zentzurik” gaur egungo egoeran: “Ez diote erantzuten ez gizartearen exijentzia maila eta eskakizunei, eta ezta etengabe aldatzen ari den eta konplexua den errealitate sozial eta instituzionalari ere”. Hori dela eta, azpimarratu du gobernantza onaren aldeko apustua ezinbestekoa dela Gipuzkoak dituen erronkei eta herritarren beharrei berme guztiekin erantzuteko: “Atzera bueltarik ez duen bidea hasi dugu”.
Ildo horretan, foru gobernu berriak kudeaketa “etiko, garden, inklusibo eta eraginkorraren” alde egingo du. Lehen ardatzean, dagoeneko balio eta printzipioen markoa osatzen ari dira, eredugarritasunean, zintzotasunean eta zorroztasunean oinarrituta, ondoren Aldundiko karguen jokabidea arautuko duen kode etikoan jasoko direnak. Kode hori “publikoa” eta “loteslea” izango da, eta sistema bat aurreikusiko du kexak jaso eta betetzen dela ziurtatzeko, sor daitezkeen gatazkak ebatziko dituen batzorde etiko baten bitartez.
Kontu ematea izango da Aldundiaren Gobernantzaren beste zutabeetako bat. Gizarteak Foru Gobernuaren jarduna ikuskatzeko tresnak jarriko dira. “Kudeaketa Planak argi eta garbi zehaztuko du zer egin nahi dugun eta nola, eta neurgailu eta adierazleak edukiko ditu gipuzkoarrek zenbateraino betetzen ari garen egiaztatu ahal izan dezaten”. Diputatuen agenda ere publikoa izango da, formatu irisgarrian.
Halaber, hiru hilabetean behin kontuak emango dira Guztion Gipuzkoa izeneko argitalpenaren bitartez. Proposamenak jasotzeko ere balioko du. Gardentasun eta Informazio eskubidearen inguruko Foru Araua eguneratuko da, eta Gobernu Irekiko eta Open Data arloko politikak sendotuko dira. “Herritarrek, gizarte, ekonomia, kultur eta kirol eragileek, eta enpresek informazio publikoa berrerabiltzeko aukera eduki behar dute, alde guztientzako etekina atera ahal izateko”.
Halaber, Diputatuak iragarri du etengabeko elkarlana gauzatuko dutela herritarrekin, gizarte zibilarekin eta gainerako erakunde publiko-pribatuekin bere proiektu eta egitasmoak aurrera ateratzeko. Horretarako, beste hainbat neurriren artean, Herritarren Partaidetza Foru Arau berria onartuko da, Gipuzkoako Kontseilu Soziala sortuko da, Lurraldeko eragile desberdinekin, eta parte-hartzerako kanal berriak irekiko dira teknologia berrien potentziala aprobetxatuz, eta gertutasun, irisgarritasun, irekiera eta gardentasun irizpideetan oinarrituz.
Arlo honetan, argi utzi du herrialde “aurreratuenetako” ereduak jarraituko dituztela, formatu presentzialetatik haratago herritarrek beraien ekarpenak egiteko eta parte hartzeko aukera izan dezaten. Urtero, partaidetza prozesu nagusiak eta herri galdeketak zehaztuko dira.
Azkenik, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak modernizazioa, desburokratizazioa eta eraginkortasuna bultzatuko ditu, bai erabaki prozesuetan eta barne antolaketan, zein herritarrei eskaintzan zaizkien zerbitzuetan. 100 ohiko tramite arindu eta sinplifikatuko dira, espediente elektronikoarekin eta sakeleko telefonoko aplikazioen bitartez egin ahal izango diren tramite eta zerbitzu kopurua handituko da, eta kalitate sistemak eta helburuen araberako kudeaketa ezarriko dira. “Etorkizuneko euskal administrazioa gauzatzeko oinarriak jarri behar ditugu, gertutasuna, modernizazioa eta berrikuntza ezaugarri gisa edukiko dituena. Gizartearekin eta giza interlokutore nagusiekin, beste erakundeekin, eta etxe barruan ere sarean lan egingo duen administrazioa”.
Horretarako, eta kontuan hartutako Funtzio Publikoko zuzendaritza Gobernantza departamentuaren baitan dagoela, Lasak aurreratu du Aldundiko lan taldearen bilakaeraren eta epe ertain luzean beharko diren konpetentzien inguruko azterketa egingo dutela, profesionalizazio eta formakuntza plan berriak martxan jartzeko, eta belaunaldi erreleboa ahalbidetzeko ezagutzarik galdu gabe. Ildo horretan, langileek Kudeaketa Planaren ezarpenean duten eginkizuna eta beraiekin dagoen konfiantza giroa azpimarratu ditu.
Ekintza nabarmenduenetako batzuk
1.- Herritarrek eta gizarte eragileek administrazioarekin lotuta gauzatzen dituzten 100 kudeaketa ohiko tramite aukeratu, eta horiek arindu eta sinplifikatu.
2.- Espediente elektronikoarekin egin daitezkeen tramite kopurua eta sakeleko telefonoko aplikazioen bitarteko foru zerbitzuen kopurua handitu.
3.- Zuzendaritza berria martxan jarri Sute eta Larrialdien Prebentzio Zerbitzua, eta Suhiltzaileen parkeen Kudeaketa eta Interbentzio zerbitzua barne hartzeko.
4.- Gipuzkoako Herritarren Partaidetzarako Kontseilu Soziala martxan jarri.
5.- Guztion Gipuzkoa argitaratu hiru hilabetean behin, Foru Aldundiaren kontu ematea bermatzeko informazioarekin. Ideia eta proposamen berriak jasotzeko ere balioko du.
6.- Foru Aldundiko lan taldearen bilakaeraren, eta epe ertain luzean beharko diren gaitasunen inguruko azterketa egin, etorkizuneko eszenatokietara egokitzeko, egoera urjenteenak ere aintzat hartuta.
7.- Nazioarteratzerako Jarduketa Plana osatu, Eusko Jaurlaritzarekin eta Basque Country estrategiarekin bat eginik: harremanetarako eta elkartrukerako nazioarteko kanalak finkatu, erreferentziazko esparrutan partehartzea definitu, Gipuzkoa marka landu…
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


