Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
27/05/2026

“Donostia Euskalduntzeko Urratsak” aurkeztu ditu Udalak

Jon Insausti alkateak Donostian euskara sustatzeko 2026-2036rako bide-orria partekatu du Tabakaleran, 150 pertsona ingururen aurrean
“Donostia Euskalduntzeko Urratsak” aurkeztu ditu Udalak

Jon Insausti Donostiako alkateak Donostian Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoa 2026-2036 aurkeztu du, Tabakalerako Prisma aretoan egindako ekitaldi instituzionalean. Hitzorduak 150 pertsona inguru bildu ditu; besteak beste, hiriko euskalgintzako eragileak, udal ordezkariak, ikastetxeetako eta administrazioetako kideak, merkatariak, kirol eta kultur arloko ordezkariak eta herritarrak.

Donostia Euskalduntzeko Urratsak” izenburupean, ekitaldiak plan estrategikoaren norabidea ezagutarazteaz gain, hiri gisa euskararen inguruan egin beharreko bidea irudikatu du. Halaber, hizkuntzari leku handiagoa egiteko gonbita luzatu du eremu guztietan: eguneroko erabakietan, kalean, auzoetan, familietan, ikastetxeetan, dendetan, kirolean, kulturan eta erakundeetan.

Insaustik nabarmendu du gaur aurkeztutakoa ez dela dokumentu huts bat: “Gaur, Donostiak datozen urteetan euskararekin egin nahi duen bidea partekatzen dugu”. Alkateak azpimarratu du plana ez dela hutsetik sortu, hamarkadetan zehar egindako lanaren jarraipena dela baizik: erakundeek, euskalgintzak, ikastetxeek, familiek, sortzaileek, merkatariek eta ostalariek, kirol eragileek eta herritar askok egindako urratsen emaitza. “Izan zirelako gara. Eta gaur garen horretatik, izango den Donostia eraikiko dugu”, gaineratu du.

Erronka nagusia: ezagutza erabilera bihurtzea

Planak 2026tik 2036ra arteko ikuspegia jasotzen du, eta helburu nagusi bat du: ezagutza erabilera bihurtzea. Izan ere, alkateak gogorarazi du Donostian euskararen ezagutzak gora egin duela azken hamarkadetan, baina hurrengo jauzia erabileran dagoela: “Gure erronka ez da soilik euskara jakitea. Gure erronka da euskaraz eroso bizitzea, erabiltzea, partekatzea eta gozatzen ikastea”.

Insaustik adierazi du Donostia gero eta anitzagoa dela, eta testuinguru horretan euskarak kohesiorako eta bizikidetzarako tresna izan behar duela: “Euskarak Donostia garaikide, ireki eta anitz baten erdigunean egon behar du. Euskara kohesiorako tresna izan daiteke, bizikidetzarako zubi eta hiri-nortasun partekatu baterako oinarri”.

Plan Estrategikoaren erronka nagusien artean honako hauek daude:

     • Ulermena orokortzea eta euskaraz eroso arituko diren hiztunen kopurua handitzea.

     • Familia bidezko transmisioa indartzea eta euskararen arnasguneak sustatzea.

     • Etorri berriak euskarara hurbiltzeko bide inklusiboak garatzea.

     • 0 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako euskarazko aisialdi-eskaintza orokortzea zabaltzea.

Alkatearen hitzetan, Donostia euskalduntzea proiektu kolektiboa da: “Erronka hau ez da Udalak bakarrik erantzun dezakeen zerbait. Euskalgintza, ikastetxeak, kultur eragileak, kirol klubak,  ostalariak eta merkatariak, enpresak, auzoetako eragileak, gainerako administrazioak eta herritarrak behar ditugu”.

Ekitaldi instituzionala eta emozionala

Ekitaldiak izaera instituzionala eta emozionala uztartu ditu. Sara Cozar aktore eta aurkezleak gidatu du saioa, eta, ondoren, pieza artistiko bati eman dio bidea. Antzezlana Aitziber Garmendiak eta Lucia Ocarizek zuzendu dute; oholtza gainean Lorea Intxausti eta Oihana Maritorena aritu dira antzezle lanetan, eta Sua Enparantza zein Izaro Urrestarazu dantzariek osatu dute proposamen eszenikoa.

Ekitaldiaren amaieran, parte-hartzaile guztiek argazki kolektiboa egin dute, mezu argi bat zabalduz: “Egin ditzagun elkarrekin Donostia Euskalduntzeko Urratsak”.

Insaustik amaieran adierazi bezala, gaurko aurkezpena ez da helmuga bat, abiapuntua baizik: “Gaur plan bat aurkezten dugu, bai. Baina, batez ere, norabide bat partekatzen dugu. Ez dugu egun batetik bestera egingo, baina urratsez urrats egingo dugu".

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...