Alderdi Eguna 2024

Gipuzko Buru Batzarra

Historia

Compartir

PNVren historia laburra

Euzko Alderdi Jeltzalea, gizartiartasunean oinarrituriko mende bateko euskal abertzaletasun europazalea.
PNVren historia laburra

Euzko Alderdi Jeltzalea, gizartiartasunean oinarrituriko mende bateko euskal abertzaletasun europazalea


"Mendiartean ezkutaturik mendebaldeko Pirinioen malda bietan barrena bizi da hainbat mendetan zehar bere hizkuntza zaharra gorde duen herri bat, eta, zati handi batean, bere antzinako araubidea eta ohiturak ... ere atxiki ditu. Are garai modernoagoetan ere, oso zati desberdin bitan urragarriro erdibiturik eta bakoitza hagitz estatu boteretsuen menpean, euskaldunek, alabaina, ez diote inola ere uko egin euren izateko moduari. Euskaldunek beti atxiki izan dute euren nazio-izaeraren berezitasuna eta, batez ere, idazle greziarrek eta erromatarrek goraipatu bezala, antzinako askatasun eta independentzia gogoa", halaxe idatzi zuen 1801ean, politikaria, filologoa eta Berlineko Unibertsitatearen sortzaileetakoa izan zen Wilhelm Von Humboldt-ek Euskadin zehar bigarrenez ibili ondoren.

Humboldt-ek bere ibilian aurkitu zuen, ehundaka urtean zehar bere biziera, arbasoengandiko lege eta ohiturek babestua, gorde izan zuen herri bat. Belaunaldiz belaunaldi, bere lurraldean bizi ziren gizon eta emakumeen arteko harremanak, bai halaber beraien eta inguratzen zituen natura gogorraren artekoak, ulertzeko era berezi eta apartekoa eratu zuen Herria.

Euskaldunen bizieraren eta gobernuaren errotiko eraldaketatik sortuko da euskal abertzaletasuna; hain zuzen ere, 1895ean politikoki egituraturik EAJ/PNV (Euzko Alderdi Jeltzalea / Partido Nacionalista Vasco) alderdian gauzatuko den sentimendua.

Mugimendu hark, barne antolaketarako aurreneko urteen ostean, arreta berezia ipiniko du kanpo politikan, euskal abertzaletasuna, Euskal Herria, nazioarteko agertokian txertatzen, alegia. Zeregin horri EAJ-k bere jardunaren zati handia eman izan eta ematen dio. 1917an Lausana ko Europar Naziotasunen Biltzarrean parte hartu zuenetik, bere egitarauaren eta jarduketaren zati handi batenoinarria nazioarteko politikak eta, xedetzat Europa Batua, nazioen eta berezko erkidegoen indarrean oinarritua, eratzea izango duen corpus ideologiko baten moldaketak osatu dute.

30eko urteetan EAJ-k Herrien Europa formulatu zuenetik eta gaur egunera arte, euskal abertzaletasun demokratikoak, Europa Batuaren asmoa benetan hartu duten ia mintzagune eta erakunde guztietan parte hartu izan du.

Jadanik 1942an, Mundu Gerra bete-betean zela, aktiboki parte hartu zuen mugimendu eta elkarte europazaleetan. 1947an Pariseko Euskal Ordezkaritzan aurrena NTB (Nazioarteko Talde Berriak) -NEI- eta gero Kristaudemokraten Europako Batasuna -erakunde hau Europa eratzeko prozesua bultzatzeko sortu zen eta bere baitan kontinenteko politikari nagusietako asko bildu zuen- izan zirenak eratu ziren. Nazioarteko Kristaudemokrata eratu zelarik, haren jardun-eremua Ameriketara ere hedatu zen, eta gero lurbira osoan zehar.

1948an EAJ-k Hagako Biltzarrean parte hartu zuen; han zenbait politikarik eta intelektualek lehenengo bider taxutu zuten Europaren ideia modernoa. Europar Mugimenduan sartu zen eta erakunde horrek antolatu zituen gertakaririk garrantzitsuenetan parte hartu zuen.

Euskal abertzaletasunaren nazioarteko politika ez zen Europara mugatu. Ameriketan harremanak izan zituen kontinente hartako politikaririk gehienekin, eta bereziki Estatu Sailarekin, Euzko Jaurlaritzak sortu zituen ordezkaritzen bitartez, hain zuzen. UNOn aktiboki jardun zuen, harako 1945 hartan erakunde hori sortu zenetik. Hain zuzen ere, politika hura estatu kide askorena baino biziagoa izan zen.

Gaur egun ere EAJ-k bere nazioarteko joerari eusten dio, Europa federal, batu eta etorkizundunaz duen asmoari, alegia. Etorkizun hori batasun-prozesu sendo eta arrakala gabeak baino ez diezaioke eman, eta gaur egun berezko erkidegoak eta lurraldeak deitzen zaienetan funtsatuta, gainera. Egun Humboldt-ek berriro egin ahal balu 1801ean egin zuen bidaia hura, zalantzarik gabe harrituta geratuko litzateke mende batean Euskadi eraldatu duten aldaketa sakonengatik, baina berriro antzemango luke berak "nazio-izaeraren berezitasuna eta, batez ere, antzinako askatasun eta independentzia gogoa" deitzen zuena, gaur egun, orain dela 200 urte bezala, euskaldunek aldezten duten gogoa, hain zuzen.


Aurrekari Historikoak


Euskaldunak bereizten dituzten ezaugarriak gaur bizi diren leku berean hasi ziren garatzen, hau da, mendebaldeko Pirinioen ipar eta hego isurialdeetan. Azken glaziazioaren ondoren. Orain dela hamar bat mila urte, Cro-Magnoneko gizakia inguru hauetan gertatu ziren ingurugiro-aldaketa handiei egokitzearen ondorioa izan zen.

Euskal Herriak, garai haietatik hala egokiturik, bere kultura eta hizkuntzarekin, euskararekin -seguraski Europako zaharrena-, bizirautea lortu du bere nortasunari eutsita. Milurtekoetan barrena, bera arriskuan ipini zuten beste kultura, erresuma eta inperioak agertzen eta desagertzen ikusi ditu. Zeltek, iberiarrek, erromatarrek, barbaroek, arabiarrek bakoitzak bere lerroak idazten segitzen zuten, euskaldun "ekinak" inoiz gutxitan aipatzen zituen historia baten orrialdeetan.

Erdi Arora arte ez zuten euren egitura politikorik antolatu, eta kasu bakar batean eratu zuten erresuma bat, Nafarroakoa, zeinek, hala eta guztiz ere, ezin izan baitzituen euskaldun guztiak bildu, ezta gorengo unean ere. Nafarroako Erresumarekin batera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Jatorrizko Lurraldeak gaur egun estatu espainola deritzanean artikulatzen joan ziren, eta Lapurdi eta Zuberoa gaur egungo estatu frantziarrean. Lurralde horiek nolabaiteko independentzia atxiki zuten aldatu egiten ziren beste erresuma batzuen eremuan edo eraginpean, dela nafarra, dela gaztelaua, dela frantziarra edo, baita ingelesa ere. Erdi Aroko Europa hartan, politika eta administrazio egituren funtsa, beraien biztanleen borondatean baino, areago zegoen gerra, ezkontza, oinordetza eta aliantzen menpean.

Lurralde horietako euskaldunek antolakunde politiko berezia eratu zuten, ohiturazko lege bat, idatziz zehaztu zena Erdi Aroa amaitzean, bakoitzaren foruak, hain zuen. Hau da, euren konstituzioak, beraien burujabetza zaindu eta beraien arteko elkarbizitza artezten zuten oinarrizko arauak. Haien bidez, esate baterako, lurralde haietako biztanle guztien noblezia aldarrikatu zen euskal lurraldean jaiotzeagatik bakarrik. Horrek ekarri zuen, Iraultza Frantsesa baino zenbait mende lehenago, eta modu bitxi horretan, estamentu arteko ezberdintasunak ezabatzea. Gernikako Arbola, euskaldunak euren erabakiak hartzeko biltzen ziren lekua, euskaldunen arbola santu, askatasunaren eta demokraziaren ikur, bihurtu zen.

Foru-ordenamendupeko euskaldunek, beraien burujabetasuna gordetzen zutelarik, inguratzen zituzten herrialdeetan gutxieng obatek osatutako nobleteria baten pribilegioak zirenak eduki zituzten. Aitonsemeak ziren eta ez zuten zergarik ordaindu behar edo armadarako altxadetan zerbitzatu behar; auzibidezko bermea zeukaten justizi administrazioaren aurrean eta euskal emakumeek nortasun juridikoa zeukaten gizonetatik at. Bozketa publikoz hautatzen zituzten euren herrietako karguak eta lurralde osoaren Batzar Nagusietarako ordezkariak, eredutzat balio izan zielarik amerikar konstituziogileei euren independentzia lortu ondoren eta XVIII. mendearen azkenetan Mendebaldeko Iraultzaren oinarri ideologikoak ezarriko zituzten pentsalari europarrei.

Gainera, lotura zuten eraginpean zituzten monarkiekin; koroak halako mugapen zehatz eta idatziak zeuzkan haien foru ezberdinetan eta tronoratzean euskal legeak beteko zituela zin egin behar izaten zuen. Lege horiexei atxikita, bere errege-dekretuak atzera bota zitezkeen haietan xedatutakoa ez betetzeagatik. Euskaldunek euren armadak, dirua eta mugak zituzten.

Estatu frantsesean Antzinako Erregimena amaitu zenean, XVIII. mendean iparraldeko euskal lurraldeen Foruak indarrez deuseztu zituzten. Era berean, gertaera hori pixkanaka jazoko zen XIX. mendean zehar hegoaldeko euskal lurraldeetan ere.

Euskal lurraldeak, bada, errepublika libre eta burujabeak izan ziren. Euren jaunak hautatu edo beroriekin itunak egiten zituzten. Jaunak ituna urratzen bazuen, errepublika jatorrizko burujabetasunera itzultzen zen.


Euskal Abertzaletasunaren agerpenaren testuinguru historikoa


Iraultza Frantsesaren euskarri izan ziren ideiak garaitu ondoren, eta Espainan izan zuten eragin itzelarekin, euskaldunei euren legeez kanpoko konstituzio-sistemak ezarri nahi izan zitzaizkien. "Berdintasuna"ren izenean aurreko egoera alde batera utzi eta "hutsetik hasi" zen xedea, euskaldunak konstituzio-sistemako beste edozein menpeko bihurtzeko. "Bateraezin" egiten ziren ideia zaharrak eta, Iraultza Frantsesaren corpus ideologikoak babestuta, "modernotasuna"k gainezartzen zituen berdintasuna eta askatasuna.

Mende hartan zehar espainiar monarkian gertatu ziren borroka dinastikoetan, hegoaldeko euskaldunik gehienek, euren mendez mendeko erakundeak hobeto atxikiko zituela uste zuten aldeari lagundu zioten etsi-etsian. Baina alde hori, gerra karlistak bitarte, behin eta berriz garaitua izan zen. Hain nabaria izan zen euskal laguntza kausa galtzaileari ezen, azken gerra karlista amaitutakoan, espainiar eritzi publikoak euskaldunei egotzi baitzien gatazkaren errua, eta Foruak eta foru-erakundeak behin-betiko deuseztu zituzten1876an karlistak garaitu zituztenean.

Porrotaren ondorio politikoak zigortzat sentitu zituzten euskaldunek eta eguneroko bizitzaren alderdi guztietan izan zuten eragina. Ezarri zuten zentsu-hautespen berriarekin botua eman ahal zuen biztanleria ohiko sistemarekin baino askoz gutxiago zen. Euskal gazteek euren etxetik irten behar izan zuten lehenengo bider, soldadutza espainiar armadan egitera, haietako gehienek agintarien eta, joan behar izan zuten lurraldeetako -kasu askotan Kuba eta Filipinetaraino- biztanleen hizkuntza jakin barik; hain zuzen ere, aipatu lurralde horietan orduantxe hasita zeuden zein bere independentzia-gerra egiten espainiar monarkiaren aurka.

Euskal umeak ez ziren gazteak baino egoera hobean geratu. Agintari berriekin eta espainiar ejertzito okupatzailearekin batera Euskal Herrira maisu berriak heldu ziren, handik aurrera Espainiar Gobernua arduratu baitzen hezkuntzaz. Gehienek ez zekiten euren ikasleen hizkuntza eta, euren ezjakintasuna zuritzeko, haurrei egozten zieten errua beraiek zekiten hizkuntzan hitz egiten ez zutelako, eta gogor zigortzen zituzten garai hartako Espainian boladan zeuden sistema pedagogikoekin.

Menderik mende euskaldunei oinarritzat balio izan zien sistema politiko eta administratiboak jasandako pitzadurari, XIX. mendearen azkenetan industrializazio azkarrak ekarri zituen ekonomi eta gizarte aldaketak erantsiko zaizkio.

Industri garapenak espainiar etorkin-jendoldeak ekarri zituen meatzaritzan eta siderurgia sorberrian lan egitera, oso bizitza eta lan baldintza latzak jasanez. Migrazio-prozesu hura hain jendetsua izan zen ezen, urte gutxiren buruan Bizkaiko zenbait eskualdetan euskal biztanleria gutxiengoa izatera igaro baitzen heldu berrien aldean. Beraz, espainiar administraziotik zuzenduriko kultur ezartze prozesuari beste faktore erabakigarri bat erantsi zitzaion, Euskal Herriaren nortasunaren biziraupena arriskuan ipiniz.


Lehengo Euskal Abertzaletasuna


"Una nación saludable está inconsciente de su nacionalidad como lo está un hombre sano de sus huesos. Pero si rompéis la nacionalidad de una nación ésta no pensará en otra cosa que en recomponerla. No prestará oídos a ningún reformador, a ningún filósofo, a ningún predicador, hasta que le otorguen su exigencia de nacionalidad. No atenderá a ningún negocio humano por vital que sea, más que al de su unificación y liberación", dijo Bernard Shaw.

Horixe da Sabino Aranak formulatu eta aitzindari izan zuen lehenengo euskal nazionalismoaren sentimendu agonikoa, Bilbon 1895ean EAJ/PNV (Euzko Alderdi Jeltzalea/Partido Nacionalista Vasco) sortu zuenean. Eta bizitzen ari zen kultur ezartze prozesu larri hark 1901ean "au bajoaku asi barri dogun gizaldia amaitu baño leen" pentsarazi zion.

Aurrean ipini zitzaizkion eragozpen guztiak gainditzeko, Sabino Aranak bere bizia eta ogasuna sakrifikatu zituen euskaldunengan, herri bezala desagertu baino lehen, nazio-kontzientzia iratzartzeko ahaleginean. Haren jarduera politiko guztiak hamar urte baino ez zuen iraun, 1893tik 1903ra arte, hogeita hamazortzi urterekin hil zen arte, alegia; baina, ordurako, lortua zuen bere helburua, bere aberkide askoren artean euskal nazio-kontzientzia hedatuz eta bere herriari alderdi politiko berria emanez, hau da, EAJ/PNV, euskal abertzaletasunaren jarduera politikoaren ardatza izango zena, hain zuzen.


Euskal Abertzaletasuna Sabino Aranaren ondoren


EAJ-k hazkunde nabaria izan zuen bere sortzailea bizi izan zen artean, hala bere oinarriak nola eragina handituz euskal lurralde guztietan.

Euskal abertzaletasuna ulertzeko modu desberdinak bateratzea erdietsi zuen. Italiako naziotasunen printzipioaren aldarrikapenak eta alemaniar estatu bat eratzeak eraginda, Sabino Arana erabatekoa izan zen euskal nazioa baieztatu zuenean eta euskal estatua eskatu zuenean euskal herriaren nortasuna zaintzeko eraketa politiko-juridiko gisa.

Sabino Arana hil ostean, Euzko Alderdi Jeltzaleak hedatzen segitu zuen, sortzailea bera bizi zela Bizkaiko Lurralde Kontseilua antolatu ondoren, Gipuzkoako Lurralde Kontseilua eratzea lortu zuen 1908an, eta Araba eta Nafarroakoak, 1911n. Azken urte horretan, gainera ELA/SOV eratu zen euskal sindikatu abertzale bezala. Handik sei urtera euskal abertzaletasunaren bultzadak ordurarteko bere hauteskunde-arrakastarik handiena lortzera eramango zuen, 1917an Bizkaiko Aldundiko gehiengoa lortuz lurraldeko bertako gobernurako.

Euzko Alderdi Jeltzalea, erakunde politiko modernoa zenez gero, bere bazkide-kopurua handitzen joan ahala alderdi/erkidego gisa eratzen joan zen, bere osakideen bizitzako aitzin-gibel oro barnehartzen eta bideratzen baitzituen. Hala haien jarduera politikoan nola lanekoan edo aisialdi, jai edo kirol jardueretan esku hartzen zuen, "batzokiak" zituela gune; bilgune haietan alderdikideak biltzen eta antolatzen ziren; asmoa zen, euskal geografiako herri edo auzo bakoitzean gutxienez bat edukitzea .Euskal abertzaletasunarekin loturiko erakundeekin bilbe oso bat sortarazi zen, EAJ bera eta bere sindikatuaz gain, alegia.

Hain zuzen ere, EAJren menpeko kultur eta kirol elkarteak arduratu ziren euskal abertzaletasuna hedatzen Primo de Rivera-ren Diktadura garaian, epealdi hartan (1923-1930) ez baitzen utzi jarduera politikoa normaltasunez garatzen.

Horretara,1930eko azaroan, II. Errepublika Espainiarraren aldarrikapena baino lehen, euskal abertzaletasunak 1921ean izan zuen zatiketaren alderdi biak birbatu ondoren, EAJ berriro aurkeztu ahal izan zen gizarte eta politika indar handiagoarek indemokrazia-aldi berri honetara, eta horrek euskal alderdi politikorik garrantzitsuena izatera ahalbidetuko zion. Horregatik esan daiteke, XX. mendearen lehenengo herenean funtsezkoa izan zela euskal nazio-eraikuntzaren prozesuan.


Altxamendu militarra, EAJ demokraziaren alde


Euzko Alderdi Jeltzalea demokrazia-urte hauetan Euskadiko lehenengo indar politiko bilakatu zen, aukera politiko nagusitzat galdutako autogobernuaren berreskurapena erabiliz. Funtsezko erreibindikaziotzat Estatuari Autonomia Estatutua eskatu zion, beste burujabetasun-maila handigoetaranzko urrats gisa, alegia.

Dagoeneko jendetza-mugimendua da, mobilizazio-gaitasun handikoa eta antolaketa eta zabalkunde maila garatuduna Euskadiko biztanlerik gehienengana heltzen da bere ekitaldi jendetsuen bidez; bost egunkari eta hamabitik gora aldizkari politiko eta kulturalak; bere sindikatua edo 1921ean sorturiko "Emakume Abertzale Batza" taldeak, azken hau berariaz emakumeari zuzendua, edo gazte, kirol edo kultur elkarteen bidez. Euskal Herriko herririk gehienetan Euzko Alderdi Jeltzalearen udal antolakunde bat (uri buru batzar izenekoak) zegoen eta EAJ hala hirietara nola baserri-guneetara iristen zen.

Aipamen berezia merezi du "Emakume Abertzale Batza"k; lehen esan bezala, 1921ean sortu zen eta abertzaletasunean gero eta emakume gehiago egotea bideratzeko balio izan zuen. Haren garapenik handiena II. Errepublikaren sasoian izan zen, 30eko hamarkadan. Hasieran gizarte-laguntza, ongintza edo hezkuntza zereginak betetzen zituzten. Pixkanaka propaganda-eginkizunez arduratzen ere hasi ziren eta gero eta gehiago sartu ziren EAJ-ren politika eta antolaketa bizitzan. Askok erbestera ihes egin behar izan zuten. Beste batzuk Euskadin geratu ziren, klandestinitatean frankismoaren aurkako erresistentziako jardueretan.

1936ko uztailaren 18an Franco-k, gatazka armatu odoltsua ekarriko zuen altxamendua zuzendu zuen. Euzko Alderdi Jeltzaleak atabaketan ezarritako araubide errepublikarrarekiko atxikimendua aldarrikatu zuen. "Estatu espainolean jazotzen ari diren gertakarien aurrean -adierazten zuen EAJ/PNVk- eta Euzkadin eta bere destinuetan hain eragin zuzen eta mingarria izan dezakeelarik, EAJ-k adierazten du, gaur hemen osperik handienarekin birbaiezten duen bere ideologiak behartzen duenaren kalterik gabe, ezen, hiritargoaren eta faxismoaren arteko borroka, Errepublika eta Monarkiaren artekoa, planteatu delarik, bere printzipioek irmoki daramatela hiritargoaren eta Errepublikaren alde egotera, bere askatasun-mendeetan zehar geure herriaren pribilegioa izan zen araubide demokratiko eta errepublikarrari jarraituta".

Gerra bete-betean zela, Estatuko Gorteek lehenengo Euskal Autonomia Estatutua onetsi zuten eta Jose Antonio Agirre jelkidea hautatu zuten Euzkadiko Jaurlaritzako Lendakari. Funtsezko euskarria EAJ zen arren, beste alderdi demokratiko errepublikazale batzuek ere osatzen zuten gobernu hura. Errepublikarren eremurik gehienek jasan zuten politika, administrazio eta gizarte nahasmenduaren aldean, hots jazarpen eta hilketa bereizgabeekin, Euzkadiko Jaurlaritzak, ordea, erlijio-askatasuna babestuta, ordena bermatzen jakin izan zuen bere kontrolpeko lurraldeetan.

Euskaldunek ezer gutxi egin ahal izan zuten altxatuen tropak gerarazteko. Askoz hobea izanik, estatu-kolpea jo zuen ejertzitoak, gizon eta teknologia militar naziek lagunduta, denbora laburrean hartu zuen Euskal Herria. 1937ko apirilean Gernikako biztanleria zibilak gerraren basakeria pairatu zuen. Hegazkin naziek Euskal Herriaren hiri enblematikoa bonbardatu zuten. Gernika euskal tragediaren ikur bihurtu zen. Franco-ren "kristatu gurutzada"k gogor zigortu zituen euskaldunak eta ez zuen zalantzarik izan 15 apaiz fusilatzeko, beraien artean "Aitzol", jelkidea, sindikalista eta kristau doktrina sozialaren aurrendaria.

1937ko ekainean Bilbo, Agirreren gobernuaren azken gotorlekua, frankisten eskuetan erori zen. Abertzaletasunak, indar demokratiko guztiekin batera, berrogei urteko erbestaldi luzeari ekin zion. Alderdiaren talde nagusiak Frantzian jarri zuen bere basea. Jose Antonio Agirre buruzagi karismatiko bihurtu zen, Euzko Alderdi Jeltzalearena ez ezik, euskal erbesteratu guztiena ere bai; baita diktadurazko erregimenaren aurkako borrokaren aitzindari ere.

EAJrentzat aldi berri eta ezezaguna ireki zen. Lehen ere biziak zituen klandestinitatea eta jazarpena. Baina orain, eraketa-bilbe jelkidearen zatirik handiena Euskaditik kanpo jarri behar zen. Beste burukide eta oinarrizko militante asko preso hartu eta fusilatu edo espetxe frankistetan giltzaperatuko zituzten.

Baina, urteetan zehar euskal abertzaleek bultzatu zuten dinamika ez zen orain ere geratuko. Kanpotik eta estatu espainoletik bertatik, baldintzarik txarrenetan izanda ere, berriro eraikiko dute alderdiaren egitura.

Espetxe frankistetan bertan ere, burukide abertzaleen talde bat, Juan Ajuriagerra buru, Penintsulan EAJren sare klandestino sorberri bat prestatzen hasi zen, hots, geroago Euskal Zerbitzu Sekretuak eta "Erresistentzia" izango zirenen harroinetako bat.


Erbestaldia


1937tik aurrera kanpoa izango da, erbesteratuak, abertzaletasunaren norabideak markatuko dituena. Jose Antonio Agirrek erbestean, Parisen, ezarri zuen bere gobernua. Euskal abertzaletasunarentzat beste etapa bat hasiko zen Jose Antonio Agirre Lekuberen aitzindaritza karismatikoak arteztuta.

Erbestaldiko gobernuak hasieran, tropa frankistengandik ihes egin behar izan zuten milaka eta milaka euskal erbesteratuak kokatzera bideratu zituen bere ahaleginak, batez ere. Ia aldi berean nazioarteko politika bat diseinatzen hasi zen, europar eta amerikar demokraziak legezkotasun errepublikarra ezarri behar zelakoaz konbentzitzen saiatzeko.

Lehenengo urrats gisa, Euzko Jaurlaritzak, EAJ zuela buruzagi, eraso diplomatikoari ekin zion munduko herrialderik garrantzitsuenetan. Ordezkaritzak ireki zituen ia Latinamerika guztian, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan, Belgikan, Jugoslavian edo Egipton.

Laster ipini zuten euskaldunek lehenengo ordezkaritza Estatu Batuetan, New York-en. Handik gutxira Britainia Handiaren txanda etorri zen. Erresuma Batura Agirrek bere konfiantza osoko gizon bi bidaliko ditu, Anton Irala, Jaurlaritzan beraren eskuin besoa, eta Manuel Irujo, osperik handieneko politikari abertzaleetako bat. Biek zuten eginkizun bera, hots, munduko demokrazia nagusi bien laguntza lortzea euskal eta errepublikar kausarentzat.

Aldi berean "Euskaldunen Adiskideen Liga" sortu zen. Gobernuak bere nahitaezko klandestinitateagatik ezin bete zuen hutsunea betetzeko sortu zen erakunde hura. Gainera, presio-talde bat ere bazegoen, garrantzi handiko politika-pertsonaiek osatua (gotzainak, idazleak, politikariak, ...); haiek, Frantzian batez ere, laguntza emango dute lehenengo urte hauetan. Jacques Maritain, Verdier kardinala edo E. Herriot politikari frantziarra zeuden erakunde hartako kideen artean. Kristau sustraidun mugimendu haren xede-lehiak, Vaticanok esandakoaren aurka egon eta, bere funtsezko argudiotzat "kristau zibilizazioaren defentsa" delakoa zerabilen altxamendu bati aurre egin ziolarik, laster piztu zuen nazioarteko mirespena.

1937an, guda-talde frankistek bultzatuta euskaldunek erbestera joan behar izan zuten arren, Gerrak hor irauten zuen Iberiar Penintsulan eta Errepublikako Gobernuak artean Estatuko eremu handiak kontrolatzen zituen.

Abertzaletasunak Estatuan nazioarteko eskuhartzea lortzen erabiliko du bere nazioarteko politika, gatazka armatua gerarazi zezan eta armistizio bat ezarri; halakoa non, euskaldunek zer esatekorik izango baitzuten. Egitasmoa goren mailan eztabaidatu zen Foreign Office-n, baina britainiar gobernuak gero ere aurrera ez eramatea erabaki zuen.

Bitartean, lehendabizi Frantzian, erbestaldiko euskaldunek frantziar gobernuaren eskura ipiniko dituzte euren informazio-zerbitzuak. Azpiegitura korapilotsu baten bitartez, euskaldunek informazio-sare fidagarria sortu zuten Iberiar Penintsularen barruan, hain zuzen ere, II. Mundu Gerrarantz zihoan Europa hartan oso datu baliotsuak lortzeko gai izan zena. Tropen atzera-aurrerak, informazio militarrak Franco-ri buruz edo alemanen hegazkin berrien planoak transmititzen zizkien euskaldunek frantsesei.

Pixkanaka, munduan zehar banaturiko euskal emigratzaileak eta erbesteratuak Frantziatik buruzagiek eskatzen zuten ahaleginari eransten joan ziren. Orduantxe hasiko ziren euskal ordezkaritzak sendotzen, batez ere Ameriketan, baina baita Praga, Filipinas, Singapur edo Kairo bezalako leku urrunetan ere.


Aliatuekin elkarlanean


1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Alemaniar armada Belgikan sartu zen Jose Antonio Agirre herrialde horrexetan bere familia bisitatzen ari zen unean. Euskal abertzaletasuna eta Erbestaldiko Gobernua bere irudirik nabarmenenik gabe geratuko zen. Lendakaria guda-talde naziengandik ezkutatu behar zen, Europa okupatu osoan baitzebiltzan beraren bila, euren aliatu frankisten eskuetan uzteko. Ulertezina bada ere, EAJ-ko burukideak eta prentsa, propaganda eta informazio zerbitzuak Gurs-eko kontzentrazio-esparruan sartu zituzten eta tropa naziak Bordeleko atean zeudenean baino ez zituzten aske utzi.

Alemanek Frantzia inbaditu zutelarik, burukide abertzalerik gehienek Ingalaterrara ihes egin zuten; batzuk, oso gutxi, frantziar lurretan geratu ziren ostenduta.

Britainia Handian Manuel Irujok, Lendakaria ez zegoenez, eta EBBren (Euzko Alderdi Jeltzalearen zuzendaritza) laguntzarekin Euskal Nazio Kontseilua sortu zuen; Lendakaria ez zegoen bitartean erbestaldiko Euzko Jaurlaritzaren zuzendaritza-eginkizuna bereganatuko zuen erakunde horrek. Manuel Irujok Informazio Zerbitzuen kontrola bereganatu zuen, baina, horiek ingelesei laga aurretik, ezarri zien ezen, Franco Gerran sartuz gero, balizko kasu horretan, Euskal Herriaren eskubideak ezagut zitzatela.

Aldi berean, naziak Frantzian nahiz espetxe frankistetan zeuden burukide abertzaleak erakartzen saiatzen ziren. Nazismoarekin lan egitea proposatzen zien, horren ordez, Franco-ren erregimenaren pean euskal Autonomia Estatutua berrezartzea eskainiz, Ardatz-eko herrialdeen garaipena ziurtzat jotzen zenean. "Hori egingo bagenu eta Gernika suntsitu zutenei lagundu -erantzun zuten giltzapean zeuden euskal burukide abertzaleek- Euzkadiko kaleetan zehar dandarrez eroan gaitzaten mereziko genuke". Eskaintzari gaitzeritzi egin zitzaion. Juan Ajuriagerrak, Franco-k espetxeraturik zegoela, ordezkaritza nazi bat jaso zuen proposamenarekin. Ajuriagerrak lankidetza arbuiatu zuen. Europako abertzaletasun etnikoen artean, orduan nagusi ziren korronte faxistak etsi-etsian, zalantzarik gabe, arbuiatu zituzten gutxietako bat izan zen.

Jose Antonio Agirrek Europatik ihes egitea lortu zuen II. Mundu Gerra bete-betean zela, halako abentura sinestezin eta harrigarria burutuz; gertaera hura berak jaso zuen bere "De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín" liburuan. Naziek jazartuta zenbait herrialde europarretan barrena ibiliko da, haien artean Alemanian bertan zehar, kontinentetik irtetea erdietsi arte. New York-en jarri zen, hain zuzen ere, Euzko Jaurlaritzak urte batzuk lehenago ireki zuen Ordezkaritzan, eta agindu zuen, euskal ordezkaritza guztiak aliatuen zerbitzura jar zitezela, totalitarismo naziaren aurkako borrokan laguntzeko. Gerratea amaitu baino lehen, euskaldunek informazio-sarea zuten antolatua eta pixkanaka hazten joan zen munduko zati handia hartu arte. Herrialde askotan jarritako euskaldunen eta itsasgizonen bidez, gero eta trinkoagoa zen informazio-zerbitzuen sarea ehuntzen joan zen, orain aliatuen eskura eta demokraziaren eta askatasunaren zerbitzura jartzen zela. Uste osoa zuten, hura berrezarritakoa, nazismoa lagundu eta adoretu zuten guztiak kendu eta erregimen demokratikoak ipiniko zituztela. Haien artean Franco Generalaren diktadurazko erregimena.

Gainera guda-unitate bat ere eratu zuten, Gerrako operazio militarretan "Brigada Vasca- Batallón Gernika" izenarekin partu hartu zuena, besteak beste Médoc-Bordele frantziar eskualdeko Pointe-de-Grave-en askapenean. Baita Normandiako lehorreratzean ere parte hartu zuten euskaldunek, eta lehenago, 1941ean, Ingalaterran, "Itsas Fusilarien Batailoia" ere sustatu zuten.

Agirre ziur zegoen ahalegin hark merezi zuena.

Baina Ardatzaren 1945eko porrotak ez zekarren berekin, euskal erbesteratuek pentsatu zuten bezala, berehala Franco-ren erregimenaren ordez, historian zehar aldarrikatu izan zuten erabakitze librerako eskubidea planteatu eta lortzeko ahalbidea emango zuen beste erregimen demokratiko bat ipintzea. Agirrek uste osoa zuen, frankismoaren ordezpena denbora-kontua baino ez zela. Horregatik, bada, nazioarterko politikarako egitamu handigura bat diseinatuko du, mundu guztian zehar banatuta zeuden euskal ordezkaritzetan oinarrituta.

Parisen 1947an Euskal Ordezkaritzaren egoitzan NTBak (Nazioarteko Talde Berriak) -NEI- izenekoak sortu ziren, gero Kristaudemokraten Europako Batasuna izango zenaren hasikina. Buruzagitzat Konrad Adenauer zuen alemaniar kristaudemokratena bezalako alderdiak berehala atxiki zitzaizkion ekimen horri.

Europako beste gobernuburu batzuk ere NTBkoak izan ziren. EAJ-k eskubide osoz parte hartzen zuen erakunde horretan eta Jose Antonio Agirre bera Ohorezko Presidentea zen. EAJ-k, gainera, leku bat zuen aipatu erakundearen Zuzendaritza Kontseiluan.

Estatu espainolean, barruan, EAJ-k bere ixilpeko egitura sendotu zuen, euskal abertzaletasunaren euskarri historikoa diren Uri Buru Batzarrak berreratuz; erakunde militarra antolatu zen, hots, "Euzko Naia", eta informazio-zerbitzua indartu. 1945ean Juan Ajuriagerra, gartzelatik kanpo zegoela, bilbe horren guztiaren, "Erresistentzia"ren, buru jarriko da.

EAJ-ren Kanpo Uri Buru Batzarrak sustatuko dira; euskal koloniarik zeukaten ia herrialde guztietan eratu ziren.


Europa Federalerantz


Gerra amaitu zenean beste proiektu bat sortuko zen, UNOrekin batera EAJ-k biziki gogokoa izango zuena, hots: Europa Batua sortzea kontinentearen etorkizuneko euskarri izateko.

Euskal abertzaletasuna, kontinentearen etorkizuna ziurtatzeko biderik onena Europa Federala eratzea zela uste zuten sektoreengana hurbilduko da.

Ideia europazaleak ez ziren berriak Euzko Alderdi Jeltzalearentzat. Hamabi urte lehenago, artean askatasunean, EAJ-k 1933an ospatu zuen Aberri Egunaren ikur-hitza "Euzkadi - Europa" izan zen, Estatu Europarren artean leku bat erreibindikatzen zuen ikur-hitza, alegia.

Londresetik eta Mundu Gerra bete-betean zela, hiru euskaldun, Manuel Irujo, Jose Ignacio Lizaso eta Angel Gondra, britainiar hiriburuan abiarazten ziren egitasmo federalistetan kementsu parte hartzen hasi ziren.

1942an Foreign Office-k "Mendebaldeko Herrialdeen Kultur Batasuna" bultzatu zuen; Europako herrialde askoren ordezkariak biltzen zituen erakunde hark; haietako asko alemaniarrek okupatuta zeuden. Euskaldunek euren ordezkaritza propioa zeukaten.

1943an, britainiar hiriburutik baita ere, Europa federatua eratzeko xedez jarduten zuen "Federal Union" izeneko mugimenduari elkartu zitzaizkion, mundu-mailako erakunde bat eratzeko aldez aurreko urrats gisa. Euskaldunek hor ere ordezkaritza propioa eskuratu zuten.

II. Mundu Gerra amaitu zenean, 1945ean, Euskal Mugimendu Federalista sortu zen; haren bultzatzaile nagusia Manuel Irujo izan zen. "Erakunde hau ez da oportunismo politikoa, -adierazi zuen Irujok-. Euskal Mugimendu Federalistak euskal nazio-asmoei erantzuten die, hain zuzen ere Euskal Herriak orain dela mende askotik erabili izan duen tradizio federalistan oinarritua da... Federalismoa, gainera, Iberiar Penintsulako herrien arteko elkarbizitza baketsurako, eta etorkizuneko Europan integratzeko, formula bakarra da".Handik gutxira "Europako Batasun Federalista"ri atxiki zitzaizkion; hark Geneva hiri suitzarrean zuen egoitza eta 15 talde nazionalek osatuta zegoen. Erbesteratuen artean mugimendu bi bakarrik onartu zituzten: errumaniarra eta euskalduna.

Horrekin batera, lehen ikusi dugun bezala, 1947tik NTBek (NEI) antolatzen zuten foro eta biltzar guztietan egotea zegoen.

Ekonomi baliabide urriekin, giza ahalegin izugarriak bakarrik ahalbidetu zion euskal abertzaletasunari ekimen haietan guztietan egotea.

Jose Antonio Agirre izan zen euskaldunen ordezkaririk nabarmenena Europan. Bera izan zen, euskaldunak Europa berriari taxuera eman zioten biltzarrik garrantzitsuenetan ordezkatu zituena.


"Agirre doktrina"

Jose Antonio Agirre euskaldunen aitzindari ez ezik europar batasunaren aldeztailerik handienetako bat ere bazen, Europan Euskadi gainerako estatuen eskubide berekin egotea aldarrikatzen zuen batasuna, hain zuzen. Harekin sortu zen "Agirre doktrina", kontraesan zirudien gauza bat azken bururaino aldezten zuena, hots: abertzaletasuna eta federalismoa.

Europa osatzen zuten estatu askoren eraiketa artifizialean oinarritzen zen Agirre. Ez zuen ulertzen estatu nazioanitza, erdirakoi eta menperatzailea. Zurgatzen eta asimilatzen saiatzen zen Estatu menperatzaile batek sortarazten dituen arazoengatik kezkatuta eta gatazkatan zegoen estatuak ezinezkoa zuen aurrerantz egitea. Eta zioen, adibide gisa, baina etorkizunarekiko ikuspegi tragiko batekin, "estatu jugoslabiarra, bera osatzen duten herrien arteko desberdintasuna pairatzen ari da, haien nazio-sentimenduek gerra gogortu baitute. Irrika panserbiarrak, nahitaez erdiratzaile izanik, oposizio gogorra aurkitzen du. Estatu nazioanitz honen etorkizuna, nazio-eskubidea -kulturala eta politikoa-, hau da, nazionalitate bakoitzaren gobernuak -kroaziarra, montenegroarra, eslobeniarra, serbiarra- itun libre batetik sortutako goi-antolaera federalekin edo konfederalekin konbinatzean igartzearen menpe egongo da. Kasu berdina Erteuropan, Baltikoan, Balkanetan eta Iberiar Penintsulan. Ahaztu egiten da, gainera, ehun milioi europar ukitzen dituen arazoa dela, beste kontinenteak ez aipatzearren, alegia".

Abertzaleak erkidego naturaletan oinarrituriko egituren alde agertzen ziren, estatuen osaera politiko eta juridikoaren aitzi. Lendakariaren eritziz herriak bilakatuko zirelako etorkizuneko konfederazioaren bermatzaile nagusiak. "Inor ez da bakearen eta Arau juridikoaren aldekoago, herri edo nazio txikia baino, zeren haren iraunaraztean baitatza beraien izate-aukera bakarra. Inor ez da -zioen 1943an-, denentzat kontinenteko arau bat ezartzen laguntzen duen ororen alde sutsuago agertuko, nazio txikiak baino".

Argi zeukan ez zuela zentzurik, Euskal Herriak, autonomia eta guzti, Europan, bere ahots bereiziarekin barik, beste estatu kide baten bitartez ordezkaturik egon beharrak. "Estatuek legegintza, diru, aduana, zerga, emigrazio, gizarte-laguntza, kanpo-merkataritza, nazioarteko politika, armada, defentsa gaietan eta halako beste gai batzuetan lagatu behar zituzten ahalmenak -adierazten zuen- autonomi araubideak Estatuaren subiranotasunarentzat gordetzen dituenak dira".

Agirrek ezin zuen ulertu halako Europarik non, bere antolamendu propio eta erkidea bilatzen ari zelarik, bertan preso gelditzen baitziren gizakiak eta herriak.

Harekiko, federazioa askatasunaren bidea zen, berdinen arteko konpromezuetatik sortzen zelako. "Etorkizunerantz begiratzen duen filosofia -aldezten duen-, estatu-burujabetzaren kontzeptu zaharrean aldaketa nabariak sartzean, herrien nazio-askatasunari ekin eta erakarri nahi du, eremu politiko eta ekonomiko zabalagoetan parte hartzearekin bateragarri eginez. Herrien bermea, txikiena batez ere, estatuz gaindiko egitura zabalago horietan datza, hain zuzen. Gizakiak -zioen, ondorio gisa-, izpiritu unibertsala interesatzea lortu du, bere mugen barruan gertatzen zen oro etxekotzat jotzen zuen estatu horren kontzeptu itxia mugatu eta gainditu arte. Askatasunik gabeko nazioa ere, azken batez oinarrizko eskubide bat kendu dioten gizaki-talde bat, etxe-esparrutik irten behar da, nazioarteko eremuan sartzeko eta haren zaintza jaso dezan".

Ez zen halako eritzidun abertzale bakarra."Geu gara lehenak -zioen Manuel Irujok- Europa berregin egin behar dela eta europar herriek euren birgaikuntza Batasunean bakarrik aurkituko dutelako uste osoa dutenak. Irmoki uste dugu batasun hori herrialde bakoitzak, sortuko diren kontinente-erakundeei bere subiranotasunetik zati bat lagatzen badie baino ezin dela burutu. Europa Federala subiranotasunen elkarbizitza bezala ikusten dugu, hura juridikoki eratzean Kontinenteko Federazioari eta Europa osatzen duten nazioei dagozkienak bermaturik egongo direlarik. Ezbairik gabe adierazten dugu ba, nazioa dela irauten duena eta Estatua eraketa juridiko eta politiko hutsa, baino ez dela".

Euskaldunek, gainera, Europa Batuak herrien eta nazionalitateen eskubideak estatuenekin berdintzeko erabil zitekeen prozedura ere garatu zuten. Etorkizuneko antolaketa federalari galdatzen zioten, sor zezala atal berezi bat, etengabeki estaturik gabeko nazionalitateak babesten eta beraien interesak zaintzen jardungo zuena, non, gainera, haiek ordezkaritza iraunkorra edukiko luketen bertan.

Agirre harantzago zihoan eta eskatzen zuen atera zezatela arau juridiko bat, berak esaten zuen bezala, askatasun-eskubidea erabiltzeko borondatea eta gaitasuna zituzten herrien askatasun-eskubidea ezagutu eta, berori eskatzeko herriek eta nazionalitateek bete behar zituzten baldintzak ezarriko zituena. Gainera, etorkizuneko europar erakunde horrek, Agirrek zioen bezala, libreki erabakitzeko eskubide hori bete zedila bermatu behar zien estaturik gabeko herri edo nazio horiei.

Doktrina politiko sendo harekin, eta garai hartako buruzagi asko alde zituela, euskaldunek tarte bat egin zuten nazioarteko politikan eta europar eta amerikar kantzelaritza askoren ezagumendua lortu, erbestaldiak ezartzen zuen estraofizialtasunarekin sartzerik zuten kantzelaritzena, alegia.


Haga-ko Biltzarra


Egitura ideologiko horren euskarriarekin, EAJ 1948ko Hagako Biltzarrera joan zen. Jose Antonio Agirre buru. Euskaldunik gehienek demokratikoki hautatu zuten lehendakari abertzalea, hain zuzen. Buruz buru egon ziren kontinenteko buruzagi nagusiekin Europa Batua sortzeko lehenengo urrats garrantzitsua izan zen hartan.

Han Europaren eraikuntza-eredu abertzalea, berezko erkidegoak kontutan izango zituena, aldeztu zuten.

"Itzela da -idatzi zuen Agirrek- Europan doktrina bi horien -sozial-kristau eta federalista- bat etortzeak sortarazi duen eritzi-joera; hainbesteraino non, ofizialki jaso ez den arren, arrunta baita, etorkizuneko Europaz mintzatzean, Estatuen Federazio bat bezala baino, herrien federazio gisa egitea. Eritzi-joera aurrerazale horrek - zera federalean nahiz sindikalean-, egunez egun hazten ari delarik gainera, orain dela gutxi artean ezin aurreikus zitezkeen konponbideak eskaintzen dizkio euskal arazoari, emaitza praktikoak lortzeko formula gisa, hain zuzen. Biltzarreko giro orokorretik ez ezik, elkarrizketa pribatu anitzetik ere, giro hori izan zela, ondoriozta dezakegu".

Abertzaleen gurariengatik ere, taxuera ematen ari zitzaiona ez zen Herrien Europa, Estatuena baizik. EAJ-ren aburuz, azken hauek ez zitezkeen Europa Batu sendoa antolatzeko oinarria izan, eta bere ahotsa entzunarazi zuen europar mintzagune guztietan. Demokrazia eta askatasuna eskatzen zituen herri baten ahotsa entzunarazi zuen.

1949an EAJ-k Europar Mugimenduaren Espainiar Kontseilu Federala (EKF) sortzea erabaki zuen. Erakunde hark erbestaldiko errepublikar indar demokratiko guztiak biltzea zuen xede. EKF-ak egitura federala zeukan, abertzaleen ekimenez.

EAJ-k ekimenaren aurrean jarri behar izan zuen, gainerako alderdien arteko tirabirengatik. Horretara, bada, erakunde bat sortu zuen, frankismoaren aurrean hain beharrezkoa zen batasuna sustatzeko ere baliagarria izan zitekeena.

1951an EAJ-k argi eta garbi zehaztu zuen bere doktrina europazalea.

1.- Europazaleak gara.

2.- Europazaletasunaren barruan federalistak gara.

3.- Gure helburua, gizabanakoaren eta, oro har, berezko erakundeen eskubideak eta, bereziki, Euzkadirenak errespetatuko dituzten berezko erakundeek osaturiko Europa da, eta haien alde borrokatu behar dugu, baita gure presentzia beztertua izan dadin arriskua egon arren ere.

4.- Zio taktikoen kariaz, goiko puntuko zerbait utzi behar badugu, lehendik eskuratutako posizioa ez haratago aurreratzeko izan beharko da nahitaez, eta, inola ere ez, atzerantz joateko, eta kasu bakoitzean argi eta garbi agertaraziz, eskubide horiei uko ez zaiela egiten, baldin eta, gaiaren izapidetzagatik, transakzio-ekintza bat dela argiro agertzen ez bada.

5.- Hastapen europazale horiekin batera, aldi berean uneoro kontutan eduki behar da behartuta gaudela, ahal den leku guztietan euskal nortasuna eta izatea aintzatets ditzaten eta begirunea gorde diezaieten begiratzera.

6.- Gure etsairik handiena frankismoa den une hauetan ahalegin guztiak egin behar dira europar esparru guztietan, helburu hauekin:

a) Franco ez dadila onartua izan europar herriek osatzen duten ezein erakunde ofizial zein ez-ofizialetan.

b) Europar herriek eta beraien erakundeek, Franco-ren erorketa eragin edo bizkortuko duten ekintzak buru ditzatela.


Lanuzte orokorrak


Bitartean, Estatu espainoleko barrualdean EAJ-k bere jarduera klandestinoak areagotu zituen Erresistentziaren bidez. Barrua eta kanpoa txanpon beraren alde biak bilakatu ziren: Franco-ren Diktaduraren aurkako borroka eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aintzatespena.

1947 eta 1951ko lanuzte orokorrak izan ziren, apika, erbestaldiaren sasoian euskal abertzaleek Estatu barruan egin zituzten erresistentzi ekintzarik garrantzitsuen biak.

Lanuzteek eta, protesta haien bultzatzaileek jasan zuten errepresioak oihartzun handia lortu zuen nazioartean. Bizkaian eta Gipuzkoan gehienek egin zuten lanuztea. Handik gutxira Franco-k itun militarra sinatu zuen Iparramerikarekin.

Aldi berean, Europa Federala aurki eratzeko itxaropenak aienatu egiten zirela zirudien. Hala ere, Jose Antonio Agirreren irudi karismatikoak EAJ-ren eta Euzko Jaurlaritzaren batasunari eustea lortu zuen; gobernuan sozialistek, errupublikazaleek eta EAEko abertzaleek ere parte hartzen zuten. Haiek gainezka zuten baikortasuna, baita unerik txarrenetan ere.

1956an Euzkadiko Jaurlaritzak I. Euskal Mundu Biltzarra antolatu zuen Parisen. Mundu guztitiko euskaldunak bildu ziren Euskadiren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzeko. Berriro erdietsi zen hedabideen arreta euskal arazora erakartzea. Aldi baten azken ekintza handia izan zen. Urte horrexetan Dominikar Errepublikako presidentea zen Rafael Leonidas Trujillok Jesus Galindez, New York-en Euzko Jaurlaritzaren ordezkaria zena, bahitu eta hil zuen. Amerikar herrien giza eskubideen alde egiten zuen borrokak heriotzara eraman zuen. Inoiz ez da haren gorpua aurkitu.


Belaunaldi berriak


1960an abertzaletasunaren beste etapa bat bukatu zen. Artean gaztea zela hil zen erbestean Jose Antonio Agirre. Askok uste izan zuten, harekin Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko borrokaren garra ere iraungiko zela. Baina ez zen horrela gertatu. Agirreren lekukoa Jesus Maria Leizaolak hartu zuen. Abertzale ospetsua eta, Agirrek bezala, azken 25 urteak erbestaldian emandakoa.

Helburu berei eusten segitu zen. Nazioarteko eta Europako politikak garrantzitsua izaten segitzen zuen euskal abertzaletasunarentzat. Euskaldunek nazioarteko mintzagune eta kantzelaritzetan egoteari eusten zioten. Estatu Idazkaritzan, Europar Mugimenduan, europar kantzelaritzetan, nahiz Europako Alderdi Demokraten Batasunean edo Nazioarteko Kristau Demokratan. Joseba Rezola, Juan Ajuriagerra, Xabier Landaburu edo Manuel Irujo estuki loturik daude Kristau Demokraziaren eta kontinenteko ekimen europazaleen historiari.

1962an Munich-eko Biltzarra egin zen, Europar Mugimenduak antolatu zuen euskaldunen presentzia handiarekin.

Euskadi barruan abertzaleen egitura klandestinoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen joango da, luze gabe diktadura frankista eroriko zelakoan. Erbestaldiaren hasiera-hasieratik atxiki zen segurtasun eta ordenako indarren hasikin bat. II. Mundu Gerran sortu ziren indar horiek, iparramerikar adituen gainbegiraketapean trebatuak, hain zuzen.

Juan Ajuriagerra bihurtuko da ezbairik gabe abertzalen buruzagi. Gutxinaka-gutxinaka alderdian belaunaldi berriak sartzen doaz, Gerratearen ostean jaiotakoak.

Euzko Alderdi Jeltzaleak berriro erabiliko ditu, urteak atzerago euskal bizitzako esparru guztietan jartzea balio izan zion mekanismo ber-berak: Kultur, kirol eta folklore taldeak. Eta 1964an EAJ-k Gerratearen ondorengo lehenengo Aberri Eguna antolatuko du Euskal Herri barruan, milaka pertsona etortzea lortuz. Belaunaldi berriak, urteetan zehar euskal abertzaletasunak bizirik iraun zezan lortu zutenen ordezkoa hartzen ari dira.

Ez zen erraza aurreko urteetan kanpoan egiten ziren jarduera guztiei eustea. Lehenengo arazoa, jadanik ez dago erakunde guztietan ordezkaturik egon ahal izateko lain baliabide ekonomikorik. Eta, gainera, erbestaldiaren urteak eta politika hartan parte hartu izan zuten askoren higatze-urteak jadanik lar ziren. Baina egunez egun lan egiten segitu zen.

"Doktrina bikoitz honek -zioen Leizaolak hirurogeiko hamarkadaren azkenetan- geurea izaten dirau. Zehaztuta Espainiak Europan sartu behar duela, eta, horretarako, Europako Kontseiluaren eta Europako Ekonomi Elkartearen baldintza politikoak onartu behar dituela. Caracas-en Caldera lehendakariaren jauregian egin zizkidaten galdera-erantzunen ekinean, nerauk erantzun nion Euzkadik Europan sartu behar ote zuen galderari: "Bai, eta Espainak ere bai". Egitarau erraza, baina horren gauzatzeak, Augusto Enperadorearen garai haietatik euskaldunek erakutsi izan dituzten bezainbesteko seta eta irmotasuna eskatuko ditu. ... Hain zuzen ere, nik ETAko bat ikusi nuen lehenengo aldian, Manzanas hil eta gutxira, keinu bat egin nion adierazten zuena, harako Primo de Rivera-k zioen pistolen dialektika utzi behar zela".

Leizaolak, gainera, bere eskuetan beste arazo bat zeukan: "Euskadi ta Askatasuna" (ETA). ETA 1959an sortu zen, Euzko Alderdi Jeltzalearen gazte-erakundetik, EGItik, Ekin taldea banandu ondoren.

EAJ-k eta alderdi berorrek erbestaldian eusten zion Euzko Jaurlaritzak uko egina zioten, ia II. Mundu Gerraren amaieratik bertatik, Estatu Espainolaren barruan frankismoaren aurkako jarkiera armatua ezartzeari. "Erresistentzia"k lanuzteak antolatu, propaganda banatu, jarduera klandestinoak prestatu edo euskal birbaiespen-ekintzak egiten zituen. Baina orain ETA-k bereganatuko du, EAJ-k ez erabiltzea erabakita zeukan jarkiera-moduetako bat: indarkeria.

ETAk Gerran parte hartu ez zuten eta egoera politikoak gogobetetzen ez zituen gazte-talde batean izan zuen abiapuntua. Franco-ren erregimena ahultzeko xedez, indarkeria erabiltzearen alde agertu ziren. Arian-arian haien nazioarteko oihartzuna gero eta handiagoa izaten hasi zen.

Indarkeria-mota oro erabat gaitzesten zuen jarreratik, Agirrek bere bizitza osoan borroka-xede izan zuen printzipioetako bati eusteko borrokatzen segitu zuen Leizaolak: erbestaldiko indar guztien arteko batasuna frankismoaren aurka.

1966an EAJ-k Kristau Demokraziaren Espainiar Taldea sortzea bultzatu zuen, hau da, Estatuko kristau eragindun alderdi demokrata guztiak Europako Kristau Demokraten Batasunean ordezkatuko zituena.

1966ko urtarrilean EBBak adierazpen politiko bat jendarteratu zuen, egitarau abertzalea zehazten zuena; bertan, bere ekintza politikoaren funtsezko puntutzat demokrazia, autodeterminazioa eta Herrien Europaren eraikuntza nabarmentzen zituen.


Diktaduratik Demokraziara


Leizaolaren eskutik erbesteko Euzko Jaurlaritzak, Franco-ren heriotzak Euskadirentzat itxarobide berriak irekiko zituen arte iraungo zuen.

Gerrateak eta ondorengo 40 urteko diktadurak, zatikaturik zegoen gizarte bat utzi zuten, eta gizarte hori berrantolatu eta eraiki egin behar zen, diktadurak hauspeakin mingostzat utzitako intolerantzia-giroagatik ere. Prozesu berri bati ekin zitzaion. Estatu Espainolak, aurreko erregimenarekin hausteari uko egiten zion eredu bat hautatu zuen eta erregimen demokratikoranzko "trantsizioa" egitea aukeratu.

EAJ-k, sortzen ari zen aldi berriari egokitzen jakin zuen. 40 urtean zehar bere egiturak atxiki zituen, Euskadin klandestinitatean eta kanpoan erbestaldian. Pixkanaka bere egiturak, burukideak eta egitarauak, berritzen joan zen.

1977an egitarau berri bat aurkeztu zuen Iruñean, 70eko hamarkadaren azken aldera gizarteak eskatzen zituen beharrekin bat, eta amnistia galdatu zuen, guztientzat abiapuntu berria ekarriko zuena. Urte gutxiren buruan udalerriz udalerri gerratearen bitarte kendu zitzaion egitura askotariko eta eragingarria berreraiki eta bultzatzea lortu zuen.

EAJ-k prozesu demokratizatzailean parte hartzea erabaki zuen. Konstituzio berria idatzi zen, baina Euzko Alderdi Jeltzalearen sostengurik gabe. Testu berriak adierazten zuen urrats handia ezagutu zuen EAJ-k, baina bere baietza emateko, 1839an ezabaturiko euskal foruak atzera ematea onar zedin proposatzen zuen.

Ez zen adostasunik lortu Estatuko gainerako alderdi politikoekin. Euzko Alderdi Jeltzaleak abstentzioa eskatu zuen Konstituzio berriaren bozketan eta hala geratu zen islaturik Euskal herriko atabaketan.

EAJ-ren indarra hautestontzietan islatu zen. 1977ko hauteskunde orokorrean emaitza bikainak erdietsi zituen eta 1979an gehiengo abertzalea berretsi zen. Madrileko Parlamentuko euskal ordezkariek lanari ekin zioten galdutako autogobernu-maila berreskuratzeko. Euskal Kontseilu Nagusia eratu zen; autonomia aurreko erakunde hura geroago Euskal Autonomi Gobernua izango zenaren hasikina izan zen. Euskadirentzat Autonomia Estatutu berri baten idazketan ziharduten, hain zuzen ere, gero euskaldunek erreferendumean onetsiko zutena. "Gernikako Estatutua" sortu zen. Estatutuaren bidea ez zuen onartu joera marxistadun abertzaletasun batek, hark nahiago baitzuen Hirugarren Munduko askapenerako mugimenduen eredua kopiatu. ETA eta bere ingurukoek, Euskal Herriko gehienen erabakiari atze emanda, beraiek Estatuaren aurkako "borroka armatua" zeritzatenarekin segitzea aukeratu zuten.

Jesus Maria Leizaola, euskaldunen erbestaldiko zeregina amaitua zelarik, etxera itzuli zen. Handik hilabete gutxira euskal autonomi gobernurako lehenengo hauteskundea egin zen eta EAJ-k irabazi zuen. Haren hautagaiak, Carlos Garaikoetxeak, Agirre eta Leizaola lendakarien jaraunspena hartu zuen.

1986an, Euzko Alderdi Jeltzalea noiz goren zegoela, alderdiak beste zatiketa bat jasan zuen, euskal politika, ekonomi eta gizarte garapenerako garrantzi handiko une batean, hain zuzen. Talde berri bat sortu zen, Eusko Alkartasuna, zeinek Euskadin ordezkaritza nabaria eskuratu baitzuen. EAJ, zatiketa traumatiko haren ostean, arian-arian lehengoratzen joan zen, gero eta gehiago hurbilduz zatiketa baino lehen lortutako mailetara. Hala ere, eta beste alderdi batzuekin elkartuta, Eusko Jaurlaritzaren burutza atxikitzen jarraitu du, 1985etik 1998ra arte Jose Antonio Ardanza zuela lehendakari, alegia.

Geldi-geldika Euzko Alderdi Jeltzalea, eta ez zailtasun gutxirekin, Euskadirentzako politika propioa garatzen joan zen Eusko Jaurlaritzaren burutzan. Kontzertu Ekonomikoa lortu zuen Euskadirentzat, hau da, bere zergak bildu eta administratu ahal izateko eskumena, ez besterik. Euskal Administrazio propioa garatu zuen, Euskal Herri guztian denetarako poliziaren eginkizuna bereganatzen duen polizia-gorputz bat, Ertzaintza, sortu zuen. Estatu espainolean aurrendari den osasun-sistema garatu zuen; hizkuntz normalizaziorako politika handigura bultzatu zuen, euskara, euskaldunen berezko hizkuntza, 40 urtean diktadurak zanpaturik egon ondoren, berreskuratzeko; irakaskuntza eta ikerkuntza modernotzeko erronka bereganatu zuen. Eta ez zuen ahaztu, 40 urtean zehar ekin izan zien asmoetako bati: Herrien Europa.

EAJ-k 1987an Zestoan egin zuen batzarrean adierazi zuen, "Euzkadi nazioa da eta, etorkizuneko Europa benetan demokratikoa bada eta, beraz, osatzen duten herrien nahia errespetatzen badu, egunen batean Euskal Nazioa Europako gainerako nazioen maila berean haren osakide izango delako itxaropena du".

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoak, espainiar erdirakoikeriak ipinitako eragozpenengatik ere, Euskal Ordezkaritza bat du Bruselan, hots, ordezkaritza-bulego bat, EBko erakundeen aurrean.


Oraina eta etorkizuna


1995ean zehar Euzko Alderdi Jeltzaleak bere lehenengo bizi-mendebetea egin zuen. Urte horretan EAJ-k barne gogoetarako prozesu zabal bat ireki zuen. Urte berorretan, lau urtero bezala, bere Batzar Nagusia egin zuen eta bertan Euzkadi Buru Batzarreko Lehendakari berriro hautatu zen Xabier Arzalluz, azken urteotan euskal egitasmo abertzalearen buru izan dena. Batzar hartatik indarturik atera zen historian zehar beti aldeztu izan duen izpiritua ere, gizarte globalizatu berriaren eskaerei egokituta, gizarte horretan estatu-subiranotasunaren kontzeptu zaharrak zentzurik ez baitu eta barruti politikoek, ekonomikoek eta defentsarakoek zerikusirik ez baitute orain dela urte batzuetakoekin.

EAJ-k , historikoki egin izan duen bezala, kontinentearen garapenerako egin daitekeen bide bakarra europar batasuna dela adierazten segitzen du, hots, halako batasuna non, estatu-subiranotasunaren kontzeptuak zentzurik ez duen.

Euzko Alderdi Jeltzaleak gaur egun bere erkidego eta lurraldeen Europa Federalaren egitasmoari eusten dio.

"EAJ-k -adierazten zuen Xabier Arzalluz alderdiko lehendakariak 1995eko Batzar Nagusian- uste izan du eta orain ere hala uste du, diru bakarrak, barne aduanak eta mugak kentzeak, pertsonen, merkatalgaien eta kapitalen zirkulazio libreak eta kide-kopuruaren handitzeak, urte gutxiren buruan 20 kidetik gora izango baitira, errotiko aldaketa eskatuko dutela erkidegoko egituretan eta estatuz gaindiko erakundeak sortzea ere bai, beraiekiko independenteak eta gainetik egongo direnak, subsidiariotasun-printzipioari atxikita".

Erronkatzat, Euzko Alderdi Jeltzaleak Euskadirentzat eskatzen du halako autonomia non, oraingo erronka nagusiaren aurrean, hau da, elkarlehiaren aurrean, bere ekonomi politika garatzerik izan dezan. Hiritarrak maila guztietan hezitzearen aldeko apostua egiten du, Euskal Herriaren lurralde eta kultur artikulazioaren alde egiten du, ezarketarik gabe eta hizkuntza, kultura eta bizieren aniztasuna errespetatuz, eta gizarte solidario eta baztertuak integratzearen aldekotasuna agertzen du.

Eta bere herriari dagokionez, indarkeriaren arazoari irtenbidea bilatzeko erronka eta eginbeharra bereganatzen ditu. Xabier Arzalluzek azaldu bezala: "Ahalik eta gizatiarrena izan behar duen irtenbidea, gatazka hau behin-betiko gainditu eta bakea lortzeko bidezkoenak deritzen bideak arakatuz".

Compartir